Laura de Miguel Turullols NUPeko ikertzaileak
BBVA Fundazioaren Leonardo beka bat lortu du.
Deialdi horretan lehia handia izaten da;
izan ere, 1.116 proiektu berritzaile aurkeztu dira, eta 58 hautatu dituzte.
Laura de Miguel Turullols Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konputazioaren Zientzietako eta Adimen Artifizialeko irakasleak Leonardo beka bat lortu du, zeina BBVA Fundazioak eman baitio Komunikazioaren eta Informazioaren Teknologien arloan esleitu dioten “Distantzia-transformatua multzo lausoei aplikatua” ikerketa-proiektua garatzeko. Ikertzailea 18 hilabetez arituko da NUPen bere proiektuan lanean. 2023ko edizioan, 58 proiektu hautatu dituzte aurkeztutako 1.116 proiektuen artean; alegia, arrakasta-tasa % 5ekoa izan da, eta horrek deialdian lehiakortasun handia egon dela erakusten du.
Aurtengoa Leonardo beken hamargarren edizioa izan da. Haien bidez, berrikuntza handiko proiektuak aitortzen dituzte ikerketa zientifikoaren eta sorkuntza kulturalaren diziplina askotan. Bekok banakako proiektuei ematen zaizkie; izan ere, laguntza horien helburua beren karrerako une erabakigarri batean dauden ikertzaileei eta sortzaileei proiektu pertsonal bat malgutasunez garatzen eta kudeatzen laguntzea da.
Laura de Miguel Turullolsen proiektuak ziurgabetasunaren irudikapen matematikoa du ardatz, gai hori oraindik erronka handia baita ikertzaileen komunitatearentzat, azken hamarkadetan egindako ahaleginak gorabehera. Gaur egun, zenbait eredu erabiltzen dira irudikatu nahi den egoeraren arabera, eta haietako batzuk hain dira konplexuak matematikoki, non erabilgaitzak baitira. NUPeko irakaslearen proiektuak ziurgabetasunaren eremuan oraindik esploratu gabe dagoen tresna bat erabiltzea proposatzen du, hain justu, distantzia-transformatua, zeinak bi irudiren arteko antzekotasuna kuantifikatzeko aukera ematen baitu. Ikerketaren muina hau izanen da: transformatu hori erabiltzea eredu lauso bakoitzak irudikatutako ziurgabetasuna kuantifikatuz norberaren ereduak sinplifikatzeko eta aldi berean eredu batekin baino gehiagorekin lan egiteko.
Laura de Miguel Turullolsen CV laburra
Laura de Miguel Turullols (Iruñea, 1989) Matematikan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta doktoretza eta Irakasletzako Masterra eginak ditu NUPen. Bere ibilbidean 29 lan aurkeztu ditu nazioarteko kongresuetan, eta beste 16, aldiz, kongresu nazionaletan. Lau ikerketa-proiektutan eta NUPen eta beste enpresa batzuen arteko ikerketako eta transferentziako zazpi kontratutan hartu du parte, haietatik lautan ikertzaile nagusi gisa.
Ehun bat adituk ebaluatutako proiektuak
Leonardo beken programa hamar kategoria hauek osatzen dute, ezagutza eta kultura lantzen dituztenak zentzurik zabalenean: oinarrizko zientziak; biologia eta biomedikuntza; ingurumenaren eta lurraren zientziak; ingeniaritzak; konputazioaren zientziak eta datuen zientziak; gizarte zientziak; giza zientziak; arte plastikoak; musika eta opera; eta sorkuntza literarioa eta arte eszenikoak. Kategoria bakoitzeko ebaluazio batzorde banak, hau da, osotara hamar batzordek erabaki dute zein diren Leonardo beken saridunak. Batzorde horietan maila akademiko goreneko 94 adituk hartu dute parte, zeinak modu erabat independentean jardun baitira.
BBVA Fundazioak azaldu duen bezala, Leonardo beken xede-taldeak sormenaren eta zientziaren adierazle unibertsal baten espiritu sortzaile eta berritzailea islatzen du, Leonardo da Vincirena hain zuzen (1452-1519): ezagutzarekiko grina; eremu eta objektu berriak etengabe ireki eta esploratzea; lan teorikoaren eta behaketako edo esperimentuzko lanaren arteko elkarreragina; eta naturaren eta bizitzaren zientzien, teknologiaren, arteen eta humanitateen arteko elkarrizketa eta berrelikadura. Programaren diziplina anitzeko ikuspegia proiektuetan ere islatzen da, proiektu horietan elkartzen baitira alde batetik fisika eta biologia, teknologia berriak eta bestetik biomedikuntza eta ingurumena.
Argazkia: Laura de Miguel Turullols, bere lantokian.