“SENSORS” TALDEA

 

NUPeko “Sensors” taldeak 5 ekarpen egin ditu sentsoreen arloko munduko biltzar ospetsuenetako batean

IEEE Sensors Conference 2023 ekitaldian (Viena) egindako ekarpen horiez gain, ikerketa-taldeak bederatzi artikulu argitaratu berri ditu argitaletxe horren inpaktu handiko aldizkarietan

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) “Sensors” ikerketa-taldeak poster formatuko bost ekarpen egin ditu Vienan (Austria) egin berri den eta mundu osoko mila zientzialariren partaidetza izan duen nazioarteko biltzar batean, “IEEE Sensors Conference 2023” izenekoan. IEEE siglak “Institute of Electrical & Electronic Engineers” elkartearenak dira, hots, ingeniaritza elektriko eta elektronikoaren arloan mundu mailan ospe handiena duenetako batenak.

Ekarpen horiez gain, beste lau ere egin zituen joan den udan “IEEE Biosensors Conference 2023” (Londres, Erresuma Batua) eta “International Meeting on Chemical Sensors (IMCS) 2023” (Changchun, Txina) biltzarretan, eta beste bost “XI Workshop Ibernam – CMC2” biltzarrean, zeina Zaragozan egin baitzen IEEEren espainiar estatuko eta frantziar estatuko ordezkariek babesturik. Gainera, 2023an sortu zen eta Ignacio Raúl Matías Maestro NUPeko katedradun eta ISCko kideak gidatutako talde horrek 24 ekarpen argitaratu ditu aurten sentsoreen arloko aldizkarietan, hala nola IEEE Sensors Letters (5), IEEE Journal of Lightwave Technology (2), IEEE Sensors Journal (2) eta Sensors and Actuators B: Chemical izenekoetan.

Ikerketa-taldeak azaldu duen bezala, ekarpenetan uhin optikoen gidan oinarritutako sentsoreak aurkezten dira, hala nola zuntz optikoa, substratu lau kristalinoak edo aldagai fisiko, kimiko edo biologiko/biomedikoetarako fotonika integratua. “Horretarako, eskala nanometrikoko materialak biltegiratzen dira. Material horiek, alde batetik, sentsoreen prestazio optikoak hobetzeko aukera ematen dute sentikortasunari, detekzio-mugari, bereizmenari, erantzun-denborei eta abarri dagokienez; bestetik, behar duten aldagaiekiko sentikorrak egiten dituzte sentsoreak, batez ere arlo (bio)kimikokoak direnean”, zehaztu dute.

“Mota horretako egiturak fabrikatzeko eta karakterizatzeko prozesuen optimizazioak aukera ematen du taldearen ikerketak kalitate handiarekin gauzatzeko, munduan gehien aipatzen diren egileen rankingek erakusten dutenez”, adierazi du taldeak. Izan ere, Ignacio R. Matías, Carlos Ruiz Zamarreño eta Ignacio del Villar taldekideak munduko egile aipatuenen % 2ren eta NUPeko 20 ikertzaile aipatuenen artean daude.

 

“Sensors” taldearen presentzia IEEEn eta ikerketa-ildoak

IEEEk 10 atal ditu mundu osoan, eta Europa, Afrika, Ekialde Ertaina eta Errusia inplikatzen dituen zortzigarrena da. IEEEren barnean talde edo “council” desberdinak daude, eta haietako bat IEEE Sensors Council da, aurreko biltzarraren sustatzailea; aurten, gainera, 25. urteurrena betetzen du biltzar horrek. IEEE Sensors Council horren barnean, “Sensors” taldeak Carlos Ruiz Zamarreño du lehendakari eta kide senior; Ignacio R. Matías (IEEEko fellow member) eta Francisco Javier Arregui, berriz, batzordekide dira.

Honako hauek dira “Sensors” ikerketa-taldearen ildo nagusiak: zuntz optikoko sentsoreak eta uhin lauaren gida; sentsore elektroniko eta fotonikoen sistemak aplikazio fisiko, biokimiko eta konposatu organiko lurrunkorretarako; mikro- eta nanofabrikazioko teknikak; biosentsoreak eta gailu medikoak; espektroskopia optikoa UV-VIS-NIR eskualdean; galeradun moduak, fenomeno plasmonikoak, fluoreszentziakoak eta interferometriakoak; pelikula meheak eta material nanoegituratuak eta, azkenik, txipak eta gailu fotonikoak.

Talde berriak “hazten jarraitzen du graduko, masterreko eta doktoretzako ikasle berriak sartuz; ikerketa-taldearen egitura sendotzen dute eta jarraipena ematen diete orain buru-belarri gauzatzen ari den proiektu ugariei, eta, aldi berean, ikasle berriak sentsorikako, fotonikako eta material mikro- eta nanoegituratuen fabrikazioko teknika aurreratuetan trebatzea errazten dute”, adierazi dute kideek.

 

Argazkia: “Sensors” ikerketa-taldeko kideak, NUPen. Ezkerretik eskuinera: Silvia Díaz, Leyre Ruete, Claudia Hernández, Pablo Zubiate, Desirée Santano, Iosu Suescun, Lázaro González, Dayron Armas, César Elosúa, José Javier Imas, Ignacio R. Matías, Javier Goicoechea, Aitor Urrutia, Omar Fuentes, Carlos Ruiz-Zamarreño, Ignacio Vitoria, Amaya Álvarez, Aritz Oscáriz, Nerea De Acha, André Biffé, Abián Socorro eta Ignacio Del Villar.