Hirurogei ikasle ari dira parte hartzen ikasturte honetan NUPen LyDER programan (Literatura eta Zuzenbidea)
Bi arlo horiek uztartzen dituzten irakurgaien plan bat du ezarria prestakuntza-programak, eta zenbait mintegitan lantzen dituzte gero
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko 60 ikasle ari dira parte hartzen ikasturte honetan LyDer programan (Literatura eta Zuzenbidea). Ekimenak “Zuzenbidea besterik ez dakienak Zuzenbidea ere ez daki” leloa dauka, bai eta lau ikasmailetan banatuta dauden irakurgaien plan bat ere (aipatutako 60 ikasleetatik, 26 sartu berriak dira programan ikasturte honetan). Irakurgaiak mintegietan eztabaidatzen dituzte, eta ikasleen hezkuntza integrala bultzatu nahi da, giza jakintzan eta balioetan oinarritutako prestakuntza emanez. Martxan jarri zenetik, hamar promozio graduatu dira dagoeneko (96 ikasle) LyDer programan.
LyDer programa 2010ean jarri zen abian, eta “gozaraziz irakasteko” asmoarekin sortu zen, José F. Alenza García programaren arduradun eta Zuzenbide Administratiboko katedradunaren esanean. Jarduera honek “helburu bat baino gehiago du, baina denak dira elkarren osagarri; laburbilduz, prestakuntza jasoa eman nahi dio ikasleari, hark gaitasuna izan dezan errealitatea kritikoki interpretatzeko eta gizartearen bilakaerara egokitzeko”, adierazi du Alenzak. “Zuzenbidea produktu kultural bat denez eta gizarte jakin batean sortu eta aplikatzen denez, legelariek jakin behar dute nolako sistema kultural eta sozialean egiten duten lan eta hark nolako oinarriak dituen”, gaineratu du.
Horretarako, irakurgai plan bat prestatu zen, horiek irakurri eta ondoren mintegietan eztabaidatzeko. Mintegiak graduko ikasketen erritmoaren arabera antolatzen dira: mintegi bat egiten da seihileko bakoitzaren amaieran, eta beste bat ikasturte hasieran, udan irakurritako irakurgaiekin. Horretaz gainera, mintegi bereziak ere antolatzen dira.
Balio literarioa duten hogeita hamar bat lan eta idazle nabarmen batzuk
Eduki juridikoa baino gehiago balio literarioa hartu da kontuan irakurgaiak hautatzeko. Irakurgai planak nazioarteko nahitaezko hogeita hamar bat lan dauzka.
Irakurgai planean dauden irakurgaiez aparte, idazle batzuk ere gonbidatu dira, zuzenbidearekin nolabaiteko lotura dutenak, beren esperientziaren berri eman diezaieten ikasleei.
Argazkia: Aurtengo jardunaldi batean parte hartu duten ikasleak.
Argazkia: José F. Alenza ikasleei mintzatzen saio batean.
You must be logged in to post a comment.