Ekintzailetzako proiektuak dituzten ikasketa-amaierako lanentzako Nafarroako Rural Kutxa Sariaren VII. edizioko irabazleak Xabier Erro eta Xabier Leonardo izan dira graduko kategorian, eta Jon Recarte masterrekoan
Graduko kategoriako bigarren saria Youssef Benbelkheirri eman zaio, eta masterrekoa Jonathan Alexis Calvopiñari
Ekintzailetzako proiektuak dituzten ikasketa-amaierako lanentzako Nafarroako Rural Kutxaren VII. edizioko lehenbiziko saria Xabier Erro Cancel eta Xabier Leonardo Peñas ikasleek irabazi dute “ex aequo” graduko kategorian, eta Jon Recarte Zabalzak masterrekoan. Bigarren sariak Youssef Benbelkheir Nuñezek (graduan) eta Jonathan Alexis Calvopiña Arévalok (masterrean) eskuratu dituzte.
Graduko lehen sailkatuen lanak “Zaindari” aplikazioari buruzkoak izan dira: gurasoek Interneten erabilera kontrolatzeko aplikazio bat da, ikasleek beraiek diseinatua Eduardo Magaña Lizarrondo irakaslearen tutoretzapean. Zehazki, Xabier Erroren lanaren izenburua “Zaindari: diseño e implementación de un sistema de acompañamiento digital” da (“Zaindari: akonpainamendu digitalerako sistema baten diseinua eta ezarpena”), eta Xabier Leonardorena, “Zaindari: desde el diseño de la app hasta el desarrollo de la estrategia de negocio” (“Zaindari: app-aren diseinutik negozio estrategiaren garapenera”). Bi kasuetan, epaimahaiak arrazoi hauengatik nabarmendu zuen proiektua: “heldutasun handia izateagatik, egileen inplikazio altuagatik eta merkatuan irtenbide teknologikoki eta komertzialki sendo eta indartsu bat aplikatzeko aukerak emateagatik”.
Jon Recarte Zabalza masterreko lehen sailkatuaren lanaren izenburua, berriz, “Desarrollo y despliegue de un middleware mediante prácticas DevOps para tecnologías de identificación automática” da (“DevOps praktiken bidez Middleware bat garatzea eta hedatzea identifikazio automatikoko teknologietarako”), eta Iván Arregui Padilla izan da haren zuzendaria. Egileak azaldu duenez, master amaierako lan horri esker soluzio teknologiko berritzaile bat inplementatu da, eta BSHren 15 fabrikazio-zentrotan dago martxan, osotara hiru kontinentetako zazpi herrialdetan. Lan horri buruz, epaimahaiak garatutako soluzioaren aplikagarritasuna eta haren xehetasunen zehaztasuna nabarmendu zituen.
Errealitate birtuala eta biomedikuntza, bigarren sariak
Bi lanek jaso dute bigarren saria. Batetik, Youssef Benbelkheir Nuñezen lanak (Ingeniaritza Informatikoko Gradua), “Aplicaciones de la realidad virtual en la manipulación y animación de modelos humanos 3D” izenekoak (“Errealitate birtualaren aplikazioak 3D-ko giza ereduak manipulatu eta animatzean”), zeinak Óscar Ardaiz Villanueva izan baitu zuzendari. Epaimahaiak, kasu honetan, hauek azpimarratu zituen: “proposamen berritzailea egitea; xehetasunez azaltzea proposamen hori merkatuan nola aplikatu; eta lehiari dagokionez abantaila izatea gainerako alternatiben aldean”. Lan horrek arlo askotan izan dezake aplikazioa, hala nola animazioaren industrian eta fisioterapian.
Azkenik, Jonathan Alexis Calvopiñaren lanari (Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra), “Caracterización de nanoparticulas de zeina para aplicaciones biomédicas” (“Zeinako nanopartikulen karakterizazioa aplikazio biomedikoetarako”) izenekoari, izaera berritzailea eta sektore biosanitarioan eragiteko potentzial handia dituelako eman zioten saria. Lan horren zuzendaria Pedro Rivero Fuentes izan da. Lanean proposatutako soluzioak lagundu dezake, egileak azaltzen duen bezala, nanomaterialen fabrikazioan kostuak murrizten, baita saiakuntza esperimentaletan animalien erabilera murrizten ere.
Sarien epaimahaiburua Cristina Bayona Sáez izan zen, NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, eta honako hauek izan dira epaimahaikideak: Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate – Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea; Diego Cenzano, Gizarte Kontseiluko kidea; Lucía Nieto Sádaba, CEIN Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroko kidea; eta Gonzalo Soto Escudero, Nafarroako Rural Kutxaren Ekintzaileen Lerroko arduraduna.
Argazkia: Sarituak, diplomekin, epaimahaikideekin batera. Lehenengo lerroan, ezkerretik eskuinera: Jonathan Alexis Calvopiña Arévalo, Youssef Benbelkheir Nuñez, Xabier Leonardo Peñas, Xabier Erro Cancel eta Jon Recarte Zabalza. Atzeko lerroan, ezkerretik eskuinera: Diego Cenzano (Gizarte Kontseilua); Gonzalo Soto (Nafarroako Rural Kutxa); Cristina Bayona, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea; Lucía Nieto (CEIN); eta Iosune Pascual, Unibertsitate – Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea.
Argazkia: Sariak banatzeko ekitaldiaren une bat.
You must be logged in to post a comment.