ENAITZ ZESTAU, KATTIN MADARIAGA, ENEKO FERNÁNDEZ

 

Enaitz Zestau, Kattin Madariaga eta Eneko Fernándezek irabazi dituzte Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako lehen sariak

Lehiaketaren laugarren edizioan 35 egilek parte hartu dute, 3 kategoriatan banatuta, eta 44 lan aurkeztu dituzte

 

Dagoeneko ezagutzen ditugu Iruñeko Bertsopaper Lehiaketaren laugarren edizioko hiru kategorietako irabazleak. Haurren A kategoriako irabazlea Enaitz Zestau Telletxea izan da; Gazteen B kategoriako irabazlea Kattin Madariaga Apaolaza, eta helduendako C kategorian lehen saria Eneko Fernández Maritxalarrendako izan da.

Guztira 35 parte-hartzaile aurkeztu dira, 44 lanekin: 30, 2010ean edo ondoren jaiotakoendako A kategorian; 8, 2006tik 2009ra (biak barne) jaiotakoendako B kategorian, eta 6, 2005ean edo lehenago jaiotakoendako C kategorian. Epaimahaia Aimar Sagastibeltzak, Joseba Beltzak eta Saioa Mitxelenak osatu zuten, Nafarroako Bertsozale Elkarteak hala proposatuta, eta 9 sari banatu ditu, 3 kategoria bakoitzeko.

Gazteenen artean, Enaitz Zestau Telletxeak jaso du lehenengo saria, ‘Totti’ izeneko lanari esker. Epaimahaiaren arabera sortak istorio eder eta samurra kontatzen du zailtasun tekniko handiko doinu batean eta deskribapen politak eginez. Bigarren saria Araia Irigibel Terrerosek jaso du, ‘Gure mundu ederra’ lanagatik. Balorazio teknikoaren arabera, naturaren zaintza sustatzen duen lan freskoa eta argudioz betea da. Hirugarren saria Maialen Ormaetxea Errorendako izan da, ‘Netflix ikusten’ lanagatik. Epaimahaiak gaiarekin lotutako semantika esanguratsua nabarmendu du, adin horretakoendako zeharo adierazgarria. Kategoria horretako irabazleek, 150, 100 eta 50 euroko kultura-bonuak jaso dituzte, hurrenez hurren.

 

B kategoria

Gazteen kategorian, iaz bezala, Kattin Madariaga Apaolazak jaso du lehen saria, ‘Hau ote da?’ lanarekin. Epaimahaiaren arabera, sorta horrek erakusten du, neurri txikian bada ere, lan sakona egiten ahal dela, nerabezaroaren kezkak hitz-joko politekin adieraziz eta arrazoibide bikaina erabiliz. Bigarren saria egile berarendako izan da, Kattin Madariagarendako, ‘Zori onak, edo’ lanagatik. Epaimahaiaren arabera, egileak lan hunkigarria ondu du sorta horren bidez. Bere lanean egun bateko iraupena duen istorioa kontatzen du, oso amaiera apropos eta biribila emanez. Hirugarren saria Kattalin Lizarraga Mendiarendako izan da, ‘Modelo gorputza’ lanagatik. Epaimahaiak testu horretako hitz-joko politak nabarmendu ditu. Nabarmentzekoa da ere sorta guztian zehar duen tonu aldarrikatzailea, nork bere gorputza onartzeari buruzkoa. Kategoria horretako irabazleek, 350, 200 eta 150 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.

 

C kategoria

Helduendako kategorian, Eneko Fernández Maritxalarrek jaso du lehen saria ‘Baina zergatik guri’ izeneko lanarekin. Epaimahaiaren hitzetan, Fernándezena ezin hobeki lotuta dagoen sorta da, bertso hunkigarri eta sakonez betea. Epaimahaiko kideek bertsoen arteko progresioa “zehatza eta egokia” dela adierazi dute. Bigarren saria Estitxu Arozena Albizuren ‘Hamabi bertso baietz’ lanak jaso du. Epaimahaiak, kasu honetan, nabarmendu du nahiz eta gai serioa izan egileak ironia eta umorea ikaragarri erabili dituela. Azkenik, hirugarren saria Manex Mailharin Ortigosak jaso du ‘Bertso (gintzaren) paperaz’ lanagatik. Epaimahaiak nabarmendu du hausnarketa egiteko galderak planteatzen dituen kezka-sorta bat dela. Irabazleek, hurrenez hurren, 1.500. 1.000 eta 500 euroko sariak jasoko dituzte.

 

 

IRUÑEKO BERTSOPAPER LEHIAKETA

A kategoria (150, 100 eta 50 euroko kultura-bonuak, hurrenez hurren)

  • Enaitz Zestau Telletxea: ‘Totti’
  • Araia Irigibel Terreros: ‘Gure mundu ederra’
  • Maialen Ormaetxea Erro: ‘Netflix ikusten’

B kategoría (350, 200 eta 150 euroko sariak, hurrenez hurren)

  • Kattin Madariaga Apaolaza: ‘Hau ote da?’
  • Kattin Madariaga Apaolaza: ‘Zori onak, edo’
  • Kattalin Lizarraga Mendia: ‘Modelo gorputza’

C kategoria (1.500, 1.000 eta 500 euroko sariak, hurrenez hurren)

  • Eneko Fernández Maritxalar: ‘Baina zergatik guri’
  • Estitxu Arozena Albizu: ‘Hamabi bertso baietz’
  • Manex Mailharin Ortigosa: ‘Bertso (gintzaren) paperaz’