JULEN LLORENS ESPADA

 

Julen Llorens NUPeko irakasleak liburu bat idatzi du laneko osasunaren esparruan adimen artifiziala erabiltzeko mugei buruz

Teknologia horrek zer aukera eta zer arrisku dituen aztertzen du La Ley enpresak argitaratutako liburuan

 

Julen Llorens Espada Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Saileko irakasleak “Límites al uso de la inteligencia artificial en el ámbito de la salud laboral” liburua idatzi du. Teknologia horren aukerei eta arriskuei buruzkoa da liburua, eta La Ley enpresak plazaratu du. Bestalde, Kantabriako Unibertsitatearen “Ikerketa Juridikoko Kantabria Prebentzio Katedra” saria jaso du.

José Luis Goñi Sein NUPeko katedradunak idatzi du aitzinsolasa, eta liburuan esplikatzen da laneko arriskuen prebentzioari eta osasunaren zaintzari adimen artifiziala aplikatzeak abantaila asko ekarri dizkiola, batik bat diagnostikoak eta tratamenduen eraginkortasuna hobetu dituelako. Gainera, xehetasunez azaltzen du Europar Batasunak nolako lana egin duen adimen artifizialarentzat arau esparru bat ezartzeko, jendearen oinarrizko eskubideak berma ditzan aurrerabide teknologikoa oztopatu gabe.

Testuinguru horretan aztertzen du liburuak laneko osasunaren zaintzan nolako eragina duen adimen artifizialak, alde batera utzi gabe horri lotutako arrisku faktoreak, hala nola datu pertsonalen babesa edo diskriminaziorik eza. Liburuak dio adimen artifiziala aplikatzea nagusiki positiboa dela, hobekuntzak egiten baititu, adibidez datuen tratamendu automatizatua osasun egoeraren ezagutzan, eta laneko arriskuen prebentzioa hobetzeko ere balio lezake, bai eta elementu arriskutsuak detektatzeko eta gaixotasun baten agerpenari aurrea hartzeko ere. “Adimen artifizialak eginkizun onuragarria izan dezake eta izan behar du enpresetan osasunaren sustapenean eta arriskuen prebentzioan inplikatutako alderdi guztientzat, eta, horretarako, esparru juridiko bat behar da pertsonaren eskubideak ardatz izanen dituena”, esan du Julen Llorensek.

 

Julen Llorens Espadaren CV laburra

Julen Llorens Espada Zuzenbidean lizentziatua da, eta doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Gaur egun, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakaslea da NUPen.

Ikertzaile kolaboratzailea izan da laneko arriskuen prebentzioaren arloko estatu mailako hainbat ikerketa-proiektutan, baita ikertzaile nagusia ere “Eraldaketa digitala eta lan arriskuen prebentzioa” ikerketa-proiektuan, NUPen. Gainera, OTRI kontratu batzuetan hartu du parte, hauetan adibidez: segurtasun ikuskapenak eta prebentzio behaketak egiteko droneen erabilera, edo lan arriskuen prebentzioa plataforma digitaletan.

Laneko arriskuen prebentzioari, datu pertsonalen babesari, erantzukizun zibilari eta adimen artifizialari buruzko hainbat ikerlan bultzatu ditu. Haien artean, hau da nabarmentzekoa: “Lan stripuak eragindako kaltearen erreparazioa” izeneko monografia.

 

Argazkia: Julen Llorens, bere liburuarekin, NUPen.