ANTONIO URBINA YEREGUI

 

NUPeko ikerketa batek aztertu du teknologia fotovoltaikoak zenbait mineralen eskasia dela-eta etorkizunean izanen duen iraunkortasuna

Antonio Urbina katedradunaren lana, Wiley argitaletxearen “Progress in Photovoltaics: Research and Applications” aldizkariaren hil honetako zenbakiaren azalaren oinarri

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuko[1] (INAMAT2) ikertzaile batek modulu fotovoltaikoak fabrikatzeko erabiltzen diren mineral batzuen eskasia dela-eta etorkizunean sor litezkeen arriskuak identifikatu ditu; izan ere, modulu fotovoltaiko horiek eguzki-elektrizitate berriztagarria sortzeko balio dute. Kristal silizioan oinarritutako teknologiaren ziurgabetasuna txikiagoa da kadmio teluroan (CdTe) edo kalkopiritetan (CIGS) oinarritutakoarena baino. Hori hala izanik ere, Antonio Urbina Yeregui Zientzien Saileko katedradunaren ustez, eguzki-moduluak birziklatzeko prozesuak hobetzea da teknologia fotovoltaikoak etorkizunean izanen duen erronkarik handiena. Ikerketa horretan dago oinarritua Wiley argitaletxearen “Progress in Photovoltaics: Research and Applications” aldizkariaren abenduko zenbakiaren azala, eta horren ilustrazioa Miguel Bravo Lamberto diseinatzaile nafarrarena da.

 

Artikuluak “Sustainability of photovoltaic technologies in future net-zero emissions scenarios[2] du izena (“Teknologia fotovoltaikoen iraunkortasuna etorkizuneko zero emisio garbiko agertokietan”), eta, bertan, Antonio Urbinak bere ikerketaren emaitzak aurkezten ditu, zeinak teknologia fotovoltaikoek ingurumenean eta giza osasunean sortzen dituzten inpaktuak baititu ardatz. “Oso eskala eta erritmo handian ari dira fabrikatzen eta instalatzen eguzki-moduluak, eta horrek eskatzen du xehetasunez ebaluatzea haien inpaktuak, erregai fosilenekin alderatzeko –adierazi du Antonio Urbinak–. 2022an, terawatt bat baino gehiagokoa zen jadanik instalatutako potentzia fotovoltaikoa, milioi bat megawatten baliokidea, eta horrek esan nahi du milioika modulu fotovoltaiko instalatzen direla urtean mundu osoan”.

 

Arriskua, mineralen eskasia dela-eta

Artikuluak eguzki-energiaren bidez sortutako elektrizitatearen inpaktuak kuantifikatzen ditu, eta beste behin ere erakusten du “aztertutako kategoria guztietan inpaktu horiek askoz txikiagoak direla erregai fosilen bidez sortutako elektrizitate baliokideak eragindakoak baino” (ikatza edo gas naturala errez sortutakoa). Gainera, modulu fotovoltaikoen produkziorako beharrezkoak diren mineral batzuen eskasia dela-eta etorkizunean sor daitezkeen arriskuak identifikatu ditu ikerketak. “Kristal silizioan oinarritutako teknologiak arrisku gutxi ditu; izan ere, kontaktuetan zilarra erabiltzea da arrisku bakarra, baina eztainuan edo kobrean oinarritutako aleazioekin ordezten ari direnez, arrisku hori murrizten ari da –azaldu du ikertzaileak–. Aitzitik, kadmio teluroan (CdTe) edo kalkopiritetan (CIGS) oinarritutakoek arazo gehiago dituzte, indio, galio edo telurio gutxi ekoizten baita. Halere, teknologia fotovoltaikoak etorkizunari begira duen erronkarik handiena eguzki-moduluak birziklatzeko prozesuak hobetzea da. Hala, beren balio-bizitzaren amaierara iritsi diren moduluetatik berreskuratutako materialekin fabrikatzen ahalko dira etorkizunean modulu berriak. Moduluen balio-bizitza hogeita hamar urte ingurukoa da”.

 

  1. argazkia: Ikerketa-artikuluaren egilea, Antonio Urbina, Arrosadiko campuseko Ikasgelategiko teilatuan dauden panel fotovoltaikoen ondoan. 

     

  2. argazkia: “Progress in Photovoltaics: Research and Applications” aldizkariaren azala, Miguel Bravo nafarrak diseinatutako ilustrazioarekin.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

[1] https://www.unavarra.es/inamat2/

[2] https://onlinelibrary.wiley.com/doi/10.1002/pip.3642