HITZALDIA: MATEMATIKA ETA EUSKAL DANTZAK. JUDITH RIVAS

2024-01-19, ostirala, 19:00, Beasaingo Igartzako jauregian.

Laburpena:

Pentsa daiteke matematika eta dantza bata bestetik oso urrun dauden diziplinak direla eta haien arteko loturarik topatzea ezinezkoa dela. Hitzaldi honetan hori horrela ez dela erakutsiko dugu. Dantza guztietan, eta bereziki euskal dantzetan, musika zubi bat da dantza eta matematika lotzen dituena. Are gehiago, geometriako oinarrizko kontzeptuak erraz aurkitzen ditugu dantzetan. Alde batetik, dantzariek, taldean antolatzean, zirkunferentziak, laukizuzenak eta beste poligono batzuk sortzen dituztela ikusiko dugu; bestetik, haien posizioen artean dauden simetriak deskribatuko ditugu biraketen, translazioen eta islapenen laguntzaz. Kontzeptu sakonagoak edo hain bistakoak ez direnak ere erabiliko ditugu zenbait dantza deskribatzeko, hala nola, konbinatoriako permutazioak eta konbinazioak, baita topologiaren barruan dagoen txirikorden teoria ere.

Judith Rivas

Gasteiz (1971) UPV/EHU-n Zientzietan (Matematika atala) lizentziatua (1994) eta doktorea (2006) da eta unibertsitate horretako Matematika Saileko irakaslea da 1998 urtetik. Analisi Matematikoko arloko irakasgaiak irakasten ditu Zientzia eta Teknologia Fakultatean ikas daitezkeen zenbait gradutan.

Analisi Matematikoa eta Aplikazioak” ikerkuntza‐taldeko partaidea da, Zenbakizko Analisiko zenbait ikerkuntza‐artikuluen koautorea da eta haren argitalpenekin lotutako komunikazioak aurkeztu ditu zenbait nazioarteko kongresuetan.

Orain dela urte batzuk, bere dantza zaletasunak diziplina horren eta matema tikaren arteko erlazioari buruz interesatzera bultzatu zuen. Dantza eta matematikari buruzko zenbait hitzaldi eman ditu eta 2020an zientziaren dibulgazioarako Ekaia aldizkarian “Matematika eta Euskal Dantzak” artikulua argitaratu zuen UPV/EHUko Matematika Saileko kidea den Osane Oruetxebarriarekin batera.