MENDI TOUR 2024

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren mostra ibiltaria, MENDI TOUR, Iruñeko Golem Baiona zinemetan eta Donostiako Antzoki Zaharrean aurkeztuko da 2024ko denboraldia hasi berritan. Otsailaren 5-6-7-8an, MENDI TOUR PAMPLONA/IRUÑAk bere 9. edizioa ospatuko du, Golem zinemetan. Otsailaren 5-6-7an, berriz, MENDI TOUR DONOSTIAk bere 12. edizioa Antzoki Zaharrean. Saioetara bertaratzen direnek mendiko zinemarik onenarekin eta berrienarekin gozatuko dute beste behin.

Alpinismoa, eskalada, mendi lasterketak, xenda-zaletasuna, ur lasterretako kayaka, muturreko eskia, high-lineak, itsas nabigazioa eta esplorazio gaiak jorratzen dituzten pelikulak proiektatuko dira. Guztiak, 2023ko abenduko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian sarituak eta hautatuak izan ziren pelikulak dira. Hango Palmaresean ageri diren 13 sarietatik 8 daude ordezkatuta Iruñeako nahiz Donostiako programazioetan.

 

Gidoi landuak, argazki bikainak, ikuslea abenturan murgiltzen duten soinu-bandak… kalitate oneneko zinema, bogan dagoen genero honetako zuzendari onenen eskutik. Zinema-saio hauek gomendagarriak dira mendizaleentzat, zinema dokumentala maite dutenentzat eta, orobat, publiko zabalarentzat.

Aipatzekoa da “The Great White Whale” filma, Michael Dillon zinemagile australiarrarentzat Sari Nagusia eta zuzendaritza onenaren saria Bilbon. Australiako mendirik garaiena eta bakartiena, Big Ben izenekoa, eskalatzeko ametsa duten mendizale eta marinelen istorio epiko eta inspiratzailea da.

“Rope” Kazuya Hiraide protagonista eta alpinista japoniarrak aurkeztu zuen nazioarteko estreinaldian Bilbon, eta alpinismoko film onenaren saria jaso zuen, baita soinu-banda onenarena ere, Eiko Ishibashi konpositore japoniarrak konposatua.

“Carne et Ossa” filmak gidoi onenaren eta kultura eta naturako film onenaren sariak jaso zituen. Mendi Filmeko ikusleek harrera beroa egin zioten  Roberto Zazzara zuzendari italiarraren film zirraragarriari, eta hainbat sariak jaso izan ditu bai mendiko zinema-jaialdietan, bai izaera sozial eta kulturaleko jaialdietan.

Iruñean Xabier Zarranz, Luis Arrieta eta Mikel Zabalza

Iruñeako MENDI TOURREKO asteazkenak, hilak 7, kutsu nafar handia izango du. “212 Mountains” filma Iruñean estreinatuko da, Luis Arrieta zuzendaria (“Mendiak 1976”) eta bere protagonista, Xabier Zarranz mendi lasterkari ezaguna, Irunberrin bizi den barañaindarra, bertan direla. Aski ezaguna den beste nafar bat, Mikel Zabalza alpinista eta eskalatzailea, egun horretako aurkezpenetara batuko da, Jean-Michel Jordá zuzendariaren “Everest Invaders. Asalto a la más papelera más alta del mundo” pelikulako protagonistetako bat izaki.

Donostian Mikel Sarasola eta “Oinez” pelikulako lan-taldea

Donostian, Mikel Sarasola kayakerrak “Zerbait aldatu da” film laburraren estreinaldia aurkeztuko du, asteazkenean. Piriniotako Ara ibaia sorburutik kayakean exploratu zuten Jan Larruek eta biek. Asteartean, berriz, iazko Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren altzoan egindako “Oinez” filmaren estreinaldia burutuko da, eta Leire Egaña zuzendariak eta Eñaut Tolosa gidoilari eta ekoizleak aurkeztuko dute Bira Produkzioak lan-taldeko kideekin batera.