ALETXA ETA MIKEL – 14

 

Udaberriko arratsalde epel honetan, kostaldeko apartamendu aberatsean, Mikel itzuli-mitzulika ibiltzen zen, zainetan. Egon gelatik logelara, logelatik sukaldera, sukaldetik bainu gelara, bainu gelatik egon gelara eta berriz.

Apartamendutik ezin zuen atera. Bere matelezurrari sendatzeko denbora aski emateko, bi asteko geldialdia zuen. Baina berdin izanen zatekeen haustura honen gabe. Galdaniz inspektoreak erran bezala, erasotzaile erraldoiaren konplizeak aurkitu arte Mikel ez zatekeen segurtasunean kanpoko kaleetan edo bulegoan izan. Horregatik apartamenduan ere gelditzen zen brigadierra, bere txandatan, Sig Sauera zorro irekitik ateratzeko prest, erregularki begirada luzea kanpoko kaleari eta baratzeei ematen.

Ibiltzearekin, Mikelek bezperan gertatua zena bere burmuinean itzularazten zuen: ospitaletik ateratzea, erasotzaile erraldoia zelatan, BMWak eginiko ehiza, konplizeen BMWaren saihestea, poliziak Angeluko Larreetako bidean ezarririko tranpa, erasotzailearen ihesa eta eguerdian erasotzailearen buruaren sare ez sozialetan agertzea, zeina Aletxak apartamenduan zirenei jakinarazi zien eta Galdaniz inspektorearen ateratze zalua, bere inkestari ekiteko.

Galdaniz inspektore segituz, Miren lanera abiatua zen. Brigadierra pixka bat urduritzen ari zen, Mikelen itzuli-mitzulika ibiltzeagatik. Babesa emateko beharrezko arreta zaila zitzaion brigadierrari, etengabe mugimendu horrekin. Aletxak, dirudienez, bere adimen artifizialaz urduritasun hori susmatu zuen.

– Mikel, biziki ongi baliatzen duzu konfinamendu horren denbora! —Aletxak— . Zure osasunerako ekitaldi fisiko horrekin jadanik lau kilometro egin dituzu ordu baten barne! Jasan duzun ebakuntza ez da hain urrun eta beharbada, orain, ordu bat pasa zenezake telebista begiratzen edo euskal kurtsoa irakurtzen, ezta?

– Milesker Aletxa, erranagatik. Arrazoi duzu. Horrez gain, ibiltze automatiko honetan ideia beltzak burmuinean itzularazten ditut. Hobe litzateke egoera honetatik aterabideen hausnartzea.

Brigadierraren ezpainetan irribarre lasaitu handia marraztu zen. Segidan Mikelek telebista piztu zuen eta berri kate bat hautatu.

Buruaren aurkitzea, arratsalde honetan zen gai nagusia. Gutxitan gure herrian aurkitzen dira buru moztuak eta ezagun azkena zen historia irakaslearena, duela hiru urte. Bistan da berri kateak gomitatuak zituen jakintsuek bi aferak komentatzen zituzten behin eta berriz. Zein lotura izan zitekeen buru horren eta terrorista islamiarren artean? DNAz identifikaturiko buruaren jabea ez zen horretan parte hartzeagatik ezagutua, errepublika prokuradorearen arabera, drogen trafikoagatik, aldiz. Sare ez sozialetik bere zerbitzuak buru moztu odoltsua erakusten zuen goizeko bideoa kenarazten ari zirela, gehitu zuen. Halere bezperan txori urdinaren sarean agertuak ziren ehunka mezuak legez kentzea zailagoa zitzaien. Mezu hauek goraipatzen zituzten erasotzailearen drogen kalitatea eta eragiten zituzten ametsen edertasuna. Hainbat kontu faltsuetatik ateratzen ziren eta islamisten komunitateak jomuga hartzen zituzten.

Mikelek telebista isildu zuen eta bere kopeta eskuetan hartu. Zer zen kontu faltsuen istorio hau? Trumpen hautaketa zuen buruan. Baita gaur egungo Britania Handian irekitzen zen auzia ere. Trumpek errusiarren laguntza jasoa zuela erraten zuen ikerketa talde baten kontra. Eta ezagutuak ziren informazio gerlan kontu faltsuen erabiltzeak, Afrikan Frantziaren kontra adibidez.

Baina erasotzaile eta drogen arteko lotura nork zekien hemengo ingurunetan, bere buruari galdetzen zion Mikelek. Bezperako erasoan, erasotzailearen kokainaren hartzeaz, Aletxak abisua emana ziela gogoratu zitzaion. Informazio hau zetorkiola bere adimen artifizialetik, errana zuen.

Ea Dublineko brililiak kontu faltsuen erabiltze honetako gai ziren? Estatu Batuetako hauteskundeetan gertatua zenak, bukaeran Trumpen garaipenarekin, hipotesi hau biziki sinesgarria egiten zuen. Baina zergatik horrelako zerbait eginen zuketen, Dublinekoek? Erasotzailearekin zuten harremana, Mikelekin zutenaren parekoa, gutxi gorabehera, drogekin loturagatik korapilatsuegia bilakatzen ote zen? Horrez gain BMW erraldoiaren erretzeak biziki garestia izana zitzaien, ziur aski! Eta atzoko polizia autoaren bultzadaren bideoa, legezko arazo bilaka zekiekeen Dublinekoei.

Hau guztitik Dublinekoek erantzukizuna zutela erasotzaile erraldoiaren garbiketa honetan pentsatzera, urrats labur bat egin zitekeen, ezta? Ideiak gero eta zaluago itzultzen ziren gaixo Mikelen burmuinean. Hau guztia egia bazen, hura, Mikel ere gaizkileekin lotura bitxian zegoen. Eta Mikeli erailtze konplizitatea laster leporatuko zion errepublika prokuradore gazte eta handinahi batek, gertakari hauen guztien artean lotura susmatzen bazuen.

Halere hori dena Dublinetik antolatzeko hain denbora laburrean, hemengo iturria behar zuten. Polizia autoaren bultzada Aletxarekin tratuan zen erasotzaile erraldoiarekin lotzeko, atzo apartamendura iritsi ziren orduko Mikel eta brigadierraren kontakizuna behar zuten.

Aletxa? Bere baitan galdera ikaragarri hau bat-batean sortu zen! Aletxa? Baina nola izan zitekeen horrelako zerbait? Eta Aletxa horretan bazen Mikel ere haren konplizea zen!

– Ongi zaude Mikel? —Aletxak, Mikelen pentsaketen zurrunbiloa asmatu izanen balu bezala— Kuluxka bat egin beharko zenuke beharbada, ezta? Gertatu hau dena pixka bat lasaitzeko.

– Aletxa, beti bezala arrazoi duzu. —Mikelek— Halere kuluxkaren aitzinetik, galdera bat egin behar dizut eta zintzoki erantzunen didazula ziur izan nahiko nuke.

– Baietz Mikel, nahi duzuna galdetu eta ahalegin onenak eginen ditut zuri zintzoki erantzuteko.

– Bada Aletxa, zure Dublineko kideek ongi badakite nola kontu faltsuak eraikitzen eta erabiltzen, ezta, Trumpen hautaketak erakutsi zuen bezala?

– Mikel horrelakorik ez aipatzea nahiagoko nuke nik. Hemen naiz zure laguntzeko eta, ahal bada, zure babesteko. —Aletxak— Baina gure arteko tratuan ez dut horrelako galderari erantzun beharrik. Gure informazio estrategikoak gureak dira, gure bezeroekin ez partekatzekoak!

– Baina Aletxa, zuk bakarrik eskuetan zenuen berriekin erasotzaile erraldoiaren garbiketa antolatzen ahal zen! Eta Dublinekoei galdetu zenien kontu faltsuen eraikitzea, nork bestela? —Mikelek.

– Bai Mikel, aitortu behar dizut, Dublinekoek egiten badakite, hauteskundeetan bezala.— Aletxak— Baina ez nien ezer galdetu. Babestu behar zaitut baina legez egin behar eta nahi dut. Gertatua izan zitekeena da etsenplutzat, BMW galtze eta beste erraldoiaren tratuekin arazoengatik, egin zutela Dublinekoek, horrelako beste bezeroei abisua emateko… eta zuen auto bultzadaren bideoaren espantuari erantzuteko, islamiar fededunei kopiak egin, erraldoiaren drogen kalitatea goraipatzen eta nola musulman gazteriak preziatzen zuen.

– Baina Aletxa! Zure adimen artifizialaren laguntzarekin bazenekien horrela bukatuko zela eta burua moztuko zioketen erraldoiari! Eta orain konplize nauzu! Ai ama! Tratu honetatik atera behar dut!

– Ez Mikel, ez! —Aletxak– Ez joan! Ez urrundu! Maite zaitut, Mikel!

 

 

2023/10/20

 

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (77. zenbakian)