JUAN LARBURU MUGALARIA

Bigarren Mundu Gerrak Europa osoa odol eta sufrikarioz blaitu zuen, baita gure Euskal Herria ere, Iparraldeko hiru lurraldeak, gehienbat, prefosta! Lapurdi eta Gipuzkoa-Nafarroaren arteko sasi muga horretan ibili ziren gure mugalariak jendea alde batetik bestera pasatzen. Belgikar ekintzaile batzuek Kometa sarea antolatu zuten hegazkin pilotu aliatuak Hegoaldera eramateko asmoz, baina horretarako euskal mugalarien beharra zuten, eta Kattalin Agirreren laguntzaz, Donibane Lohizune eta Ziburutik abiatuta, Urruñan barna zihoan gaueko bidea antolatu zuten mugara eramateko, eta Bidasoa ibaia zeharkatu ondoren, Oiartzun aldera bideratzeko. Horietako mugalari bat izan zen Juan Larburu, Urruñako Bidegain Berri baserriko morroia zena.

1.- Juan Larbururen nondik norakoak.-

Juan Manuel Larburu Odriozola, 1912ko abuztuaren 20an sortu zen Gipuzkoan, Hernaniko Berakorte baserrian, Antziola auzunean. Zazpi anai-arrebetan zaharrena zen. 1936ko irailaren 11n, tropa faxistek Hernani hartu zutenean, Juan, beste mutil gazterekin batera, armada faxistan sartzera behartu zuten eta Katalunia aldeko frontera, Lleida aldeko iparraldera, igorri.

Frontean zegoela, berarekin batera zen hernaniar faxista batek ezagutu eta salatu zuen, Errepublikaren aldekoa zela erranez. Oso salaketa arriskutsua zen eta Juan Larburuk, bere burua arrisku bizian ikusirik, desertatzeko eta Frantziara pasatzeko deliberoa hartu zuen. Ongi estekaturik zuen gogoan Urnietako Eula baserriko Juan Joxe Elustondo lehengusuari gertatu zitzaiona, antzeko salaketa baten ondorioz, Andoainen, 1936ko irailaren 13an, fusilatu baitzuten.

Pentsatu eta egin, muga zeharkatu eta Frantziaren meneko Ipar Kataluniara pasatu zen. Handik Bartzelonara jo zuen, hura baitzen Errepublikaren azken lurraldea, hil ala biziko borrokan zena. Hortxe ziren ere Eusko Jaurlaritzaren gobernuburuak eta Eusko Gudarostearen azken tropak. Euskaldunekin elkartuta, berriz, faxismoaren aurkako borrokari ekin zion. Hantxe topatu zen, bere aitaren lehengusua zen Migel Lizeaga Larbururekin. Azken hau Ezker Errepublikanoko kidea zen eta Irungo herriko etxean zinegotzi.

2.- Bartzelonatik Urruñara.-

Bartzelona erori zelarik, Ipar Kataluniara pasatu zen, berriz ere. Migel Lizeagak Ameriketara jo zuen, beste euskaldun ainitzekin batera, eta Juan Larburuk, hasiera batean Ameriketarako bidea hartzeko pentsamendutan aritu bazen ere, azkenean Lapurdira etortzea erabaki zuen eta morroi gisa ari izan zen Urruñako zenbait baserritan. Azkenean, herri honetako Bidegain Berrin finkatu zen morroi lanetan.

Eta zergatik Lapurdira? Hori da gaurko ikerlariek ainitzetan plazaratzen duten galdera. Ameriketara joan izanez gero, hango lurretan artzain ibiliko zen, beste euskaldun askoren artean, beste inolako arazorik gabe. Baina iduriz, Lapurdiko kostaldean, baziren hernaniar eta gipuzkoar franko, Hegoaldetik errefuxiatu gisa etorriak zirenak: Ziburun, Hendaian, Donibane Lohizunen, Azkainen… Florentino Goikoetxea hernaniarra Ziburun bizi zen, adibidez, eta Juan Larburuk bazuen arreba bat Florentinoren anaia batekin ezkondua zena. Horiek atzeman zioten lana Urruñako zenbait baserritan. Azkenik, lehen erran bezala, herri honetako Bidegain Berri baserrian finkatu zen morroi gisa.

Bidegain Berri baserria, Urruñan

3.- Bidegain Berrin, morroi eta mugalari.-

Bidegain Berriko nagusia Frantxia (edo Frantxa) Haltzuet Altzate zen, 1930ean Filipe Usandizagarekin ezkondua zena eta 1939an alargundua hiru seme-alaba ttipiekin. Oso egoera txarrean gelditu zen familia, eta hainbat morroi izan zituzten laguntzaile gisa. Horietako bat Donato Errasti izan zen, Aizarnako semea zena, aldameneko Thomas-enea baserrian morroi lanetan ari zena.

Lehen aipatu dugun Florentino Goikoetxeak Ziburun bizi zen Kattalin Agirre saratarra ezagutu zuen eta honek sortu berria zen Kometa sarearen aldeko mugalari lanak egiteko eskatu zion. Sare honen xedea zen Frantzia okupatuan botatako hegazkin-pilotu aliatuak eta Frantziako eta Belgikako hainbat iheslari Bidasoaz beste aldera eramatea. Florentinok proposamena onartu eta berehala Donibane Lohizunetik eta Ziburutik abiatzen eta Urruñatik barna, azken geldiunea Bidegain Berri baserrian eginez, Iruneraino pasatzen zen ihesbidea antolatu zuen. Horretarako mugalari talde bat antolatu zuen, eta hortxe zeuden, beste zenbait lagunen artean Juan Larburu eta Donato Errasti.

Bi azken hauek oso trebeak ziren mendi bideetan, eta garai hartan, askotan joanak ziren, bai bat eta bai bestea, haien gurasoen baserrietara, Aizarnara lehena, eta Hernanira bigarrena, gurasoak ikustera.

Zerk bultzatu zituen euskaldun haiek horrelako arriskuak hartzera? Diru truke, normala den bezala, aritu ziren. Hegoaldera pasatzen zuten bakoitzeko Kometa sareak 2.200 libera ordaintzen zizkien mugalariei. Florentino Goikoetxearen agindupeko mugalari taldeak 288 hegazkin-pilotu aliatu pasatu zituen Hegoaldera lehen aipatu bidetik barna. Horietako ibilaldi batean, alemanek tiroz zauritu eta Baionako Saint Leon ospitalera eraman zuten preso. Medikuz eta erizainez jantzitako hiru lagunek askatu zuten eta Miarritzen ezkutuan atxiki zuten aliatuek hiria askatu zuten arte.

Haatik, Kometa sarean aritzen ziren guztiek ez zuten Florentinoren zorte on bera izan.

Kattalin Agirre

Andrée de Jongh Dédëe

4.- Atxiloketaren eguna.-

Bidegain Berri baserrian, Frantxia Haltzuetekin batera, Donato Errasti, Thomas-eneko morroia, zen Juan Larbururekin mugalari lanetan aritzen zena. Kometa sareko antolatzaileetako batek, Andrée de Jongh “Dédée” emakume belgikarrak, gerora erran zuenez, Donato Errastik Frantxia alarguntsarekin bizitzen jarri nahi zuen baserrian, eta ezezkoa jasotzean, amorru bizian jarri zen Frantxia eta etxeko morroia zen Juan Larbururen kontra. Hau izan zen, gerora hartuko zuen erabaki makurraren arrazoietako bat, inolako zalantzarik gabe.

1943ko urtarrilaren 13an, Pariseko Austerlitzeko tren-geltokitik Andrée de Jongh eta Jean-François Nothomb, Kometa sareko antolatzaile eta buruak, Donibane Lohizuneko geltokirantz abiatu ziren. Haiekin batera, hiru hegazkin-pilotu britainiar zihoazen. Haien asmoa zen, urtarrilaren 13ko gaua Bidegain Berri baserrian pasatzea eta 14an, mugalarien laguntzaz, besta aldera pasatzea. Horretarako Maritxu Anatol, Anbrosio San Vicente eta Alejandro Elizalde errefuxiatuak izan zituzten laguntzaile.

13an Bidegain Berri baserrira iritsi eta bertan aterpetu zituzten. Florentino Goikoetxea zen muga pasatzen lagundu behar zien mugalaria.

14an, prestatu bezala, Florentino baserrira hurbildu zen, baina euria, atertu gabe, egiten zuenez, hurrengo egunerako utzi zuten. 15ean, ilunabarrean, Bidegain Berrin, Florentinoren zain, gaueko bidea prestatzen ari zirela, Gestapokoek baserria inguratu eta preso hartu zituzten Andrée de Jongh “Dédée” emakume belgikarra, hiru pilotu britainiarrak, Frantxia Haltzuet eta Juan Larburu.

Gerora jakin zen Donato Errastik salatu zituela, eta 50.000 libera jaso zuela harrapatutako pertsona bakoitzagatik.

Florentino Goikoetxea.

4.- Kontzentrazio esparruan.-

Bidegain Berri baserrian atxilotutako guztiak Baionara preso eraman zituzten eta handik, 1943ko ekainaren 3an, Fresneseko kartzelara. Baina hor ez zen bukatu Juan Larbururen presoaldia, ekainaren 9an Royallieuko esparrura eraman baitzuten. Esparru horretan naziek Frantzian atxilotutakoak biltzen zituzten eta geroago, hortik tren konboietan Poloniako, Austriako eta Alemaniako kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituzten.

1944ko urtarrilaren 19an, Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura igorri zuten, eta otsailaren 24an Bavierako Flossenbürgekora. Irudiz, esparruan ziren beste zenbait pertsonak kontatutakoaren arabera, tratu txarrek eta egoera jasanezinak burua galarazi zioten Juan Larbururi, eta urte bereko apirilaren 5ean hil zen aipatu esparruan.

5.- Aferan ziren beste pertsonekin gertatutakoa.-

Frantxia Haltzuet Les Lilas herriko Romainvilleko gotorlekura eraman zuten preso, eta handik, 1943ko abuztuaren 29an, tren konboi batean Ravensbrückeko kontzentrazio esparrura igorri zuten. Hiru eguneko bidai luze baten ondoren, irailaren 2an, aipatu esparrura iritsi zen.

Iritsi bezain laster, lan behartuetara bideratu zuten, Neubrandenburgeko hegazkin lantegi batean. Han hil zen, 1945eko apirilaren 12an, lantegiko zaindari anker batek emandako egurraren ondorioz. Zenbait egun berantago, soldadu errusiarrak esparrura iritsi ziren eta preso guztiak zituzten askatu. Zorigaitzez, beranduegi zen Frantxia Haltzuetentzat. Hango hilobi komun batean ehortzi zuten.

Naziek Andrée de Jongh “Dédée” emakume belgikarra, Kometa Sareko burua zela sumatu gabe, Fresneseko kartzelan sartu zuten eta hortik Ravensbrückeko kontzentrazio esparrura bidali. Bertan izan zen lan behartuetan, 1945eko apirilaren 30ean, tropa sovietarrek esparrua liberatu zuten arte.

William G J Greaves, Stanley Forster Hope eta Percy George Edward Ross, Bidegain Berrin atxilotu hiru pilotu britainiarrak, gogor galdekatu zituzten alemanek Baionan. Torturapean, aitortu zuten Dassié familiak eman ziela aterpe. Familia osoa atxilotu zuteneta kontzentrazio esparruetara igorri.

Lehen aipatu bezala, 1944ko uztailaren 6an, soldadu alemanek Florentino Goikoetxea lau balaz zauritu zuten eta Baionako ospitalera atxilo eraman. Hori jakinik, erresistentziako kide ziren Antoine Lopez, Jules Artola eta Fernand de Greef ekintzaileek, medikuz eta erizainez jantzirik, Florentino zuten askatu eta okupazioa bukatu zen arte Miarritzen izan zuten ezkutatuta. Gerora, 1980ko uztailaren 27an hil zen arte, Ziburu bizi izan zen bere familiarekin.

Eta zer gertatu zen Donato Errasti salatzailearekin? Atxiloketa izan zenean, Thomas-enea baserri ondoko oihan batean egon zen ezkutatuta denboraldi batez. Bigarren Mundu Gerra bukatu zelarik, 1944ko abuztuan, Donato Errasti Gipuzkoara itzuli zen, Aizarnara, Trukuman baserrira, eta han aldi batez, erdi ezkutatua ibili ondoren, 1965ean Bidaniako emakume batekin ezkondu zen eta bi haur izan zituen. Oso bertsozalea omen zen, eta koplak jartzen ibili zen askotan, Santa Ageda egunean, Urtatseko Dios te salve delakoan… eta abar. Horretaz gain, harri-jasoketan ere ibili zen, zenbait apustutan. Bertsolari eta harri-jasotzaile moduan Trukuman (bere baserriaren izena) izengoitiaz ezagutua izan zen. 1983ko urtarrilaren 23an zendu zen Aizarnako bere etxean.

Aizarnako Trukuman baserria, Donato Errastiren etxea.

Hauxe izan ziren Juan Larburu hernaniarraren bizitza, ibilerak eta patu tragikoa. Lurrak goxo har dezan bere baitan!