EZTUL EMANKORRA ETA LEHORRA

EZTULA ZER DEN

Eztula arnasbideen defentsa-mekanismoa da. Horren helburua arnas aparatua partikula arrotzen, mikroorganismo patogenoen edo mukiaren gehiegizko pilaketa garbitzea da; horrela, horien erretentzioa eta xurgapena saihesten da. Eztulak, bada, babes-funtzioa du; hala ere, egoera jakin batzuetan eztula neurriz kanpokoa gerta daiteke, eragozpenak sortu eta bizi-kalitatean eragin negatiboa izan.

Eztula eskuarki prozesu normala da, baina gaixotasun askoren sintoma ere izan daiteke. “Emankorra” edo “lehorra” izan daiteke. Arnas jariakinekin batera joaten bada, eztul “emankorra” da; jariakinik gabekoa berriz, eztul “lehorra”. Halaber, eztula “akutua” izan daiteke 3 aste baino gutxiago irauten badu, “azpiakutua” 3-8 aste luzatzen bada eta “kronikoa” 2 hilabete baino gehiago luzatzen bada.

ETIOLOGIA

Eztul akutua, oro har, arnasbideko infekzio-prozesu biral baten ondorioa izaten da; ohikoenak hotzeri arrunta eta goiko arnasbideetako infekzioak izaten dira. Bestalde, lehen mailako arretan artatzen den eztul kronikoaren sorbururik ohikoena zenbait patologia izaten dira, esaterako biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK), asma, tabakismoa eta angiotentsinaren entzima bihurtzailearen inhibitzaileen (AEBI) bidezko tratamendua. Eztul kronikoa eragiten duten beste arrazoi anitz badaude: prozesu infekziosoak, errefluxu gastroesofagikoa, bronkiektasiak, kartzinoma, esposizio okupazionala, etab.

ARRETA FARMAZEUTIKOA

Eztula askotan, esan den bezala, hotzeria arruntarekin batera gertatzen da. Hala ere, zenbaitetan beste patologia batzuekin ager daiteke; horregatik, alarma-seinaleak antzematen jakin behar da pazientea medikuagana noiz bidali behar den jakiteko. Hauexek dira seinale batzuk:

– Hemoptisia.

– Tabakismo-historia. Halaber, 45 urtetik gorako erretzailea, eztul hasi berria edo ahots aldaketak dituena.

– Arnasa hartzeko zailtasuna.

– Disfagia edo disfonia.

– Zorabioak, gonbitoak, ahulezia.

– Bularreko mina arnasa sakon hartzean edo eztul egitean.

– Sibilantziak.

– Ubeluneak edo aurpegiaren hantura edo irenstea zailtzen duen eztarriaren hantura.

– Kardiopatia, zangoetako hantura, etzatean okerrera egiten duen eztula (bihotz gutxiegitasunaren zantzuak izan daitezke).

– Nahi gabe pisua galtzea eta izerdi hotzak (tuberkulosia izan liteke).

– Sukarra (antibiotikoekin tratatu beharreko infekzio bakterianoa izan daiteke).

– Karkasa lodia, kiratsa, berde-horixka (infekzio bakterianoa izan daiteke).

– Eztul bortitza.

– COVID-19a izatearen susmoa: aldi berean beste sintoma batzuk agertzea, esaterako sukarra, disnea, jateko gogorik eza, usaimena galtzea, giharretako edo giltzaduretako mina, nekea, eztarriko mina, beherakoa…

Halaber, medikuagana joan beharko dute:

2 urtetik beherako edo 80 urtetik gorako pazienteek.

Eztul azpiakutua edo kronikoa dutenek.

Paziente batzuek eztula eragin dezaketen medikamentuak hartzen dituzte. Kasu horietan eztula izanez gero pazienteak medikuagana joan beharko du. AEBI dira ohikoenak baina beste farmako batzuek ere eztula eragin dezakete, esaterako betablokeatzaile ez-kardioselektiboek eta inhalatzen diren beste zenbait farmakok.

Era berean, pazienteak medikuagana joan behar du baldin eta eztula eragin dezaketen patologiak baditu, baita tratamendua baldintzatzen ahal dituzten patologiak ere: asma, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa (BGBK), bronkitisa, errinitisa eta sinusitisa, errefluxu gastroesofagikoaren gaixotasuna, bihotz-gutxiegitasuna…

TRATAMENDUA: NEURRI OROKORRAK

Ez erre eta erretzen duten pertsonengandik urrun egon.

Hotza eta aire-korronteak saihestu.

Gela ongi aireztatu. Hezegailua edo lurruneztagailua erabili, beharrezkoa bada.

Burko bikoitza erabili toraxa eta burua altxatuta edukitzeko.

Eskuen higiene egokia egin. Ez jarri eskuak ahoan eztul edo doministiku egitean. Erabili paperezko musuzapiak.

Atseden hartu.

Eztarrirako pilula demultzenteak edo azukrerik gabeko gozokiak hartu.

Egunean bitan 2-5 ml ezti hartu. Eztia lagungarria izan daiteke mukiak diluitzeko eta eztula murritzeko.

Likido ugari hartu: mukositatea murrizten eta disolbatzen laguntzen dute.

TRATAMENDU FARMAKOLOGIKOA

Eztulak eragin babeslea du, beraz, eztul egitea, printzipioz, ez da txarra. Hala ere, neurriz gainekoa eta gogaikarria bada, eztularen aurkako medikamentuak, mukolitikoak eta/edo espektoratzaileak erabil daitezke.

Eztul lehorraren kasuan, tratamendua eztula arintzera eta baretzera bideratu behar da, eta eztul emankorra bada, espektorazioa erraztera.

EZTUL LEHORRA

Eztularen aurkako medikamentuek nerbio-sistema zentralean eragiten dute (erraboilaren mailan eztularen erreflexua deprimituz) eta/edo nerbio-sistema periferikoan (efektu anestesikoa edo analgesikoa bronkioetako nerbio amaieretan non erreflexua hasten den).

Ekintza zentraleko antitusiboak honela sailkatzen dira: opiodeak (kodeina, dihidrokodeina, noskapina, dextrometorfanoa) eta ez-opioideak (kloperastina).

EZTUL EMANKORRA

Eztul emankorra mesedegarria da. Era berean, jariakinen kanporaketa erraztea gomendatzen da.

Mukolitikoek bronkioetako jariakinen biskositatea gutxitzen dute, eta karkaxak kanporatzen errazten dute. Talde honetakoak dira azetilzisteina, karbozisteina, ambroxola eta bromhexina.

Espektoratzaileek jariakinak kanporatzeko mekanismoa estimulatzen dute. Talde honetan, guaifenesina duten medikamentuak, huntza eta ezkaia daude.

FITOTERAPIA

Sendabelar askok eztula arintzeko Europako Medikamentuaren Agentziaren onarpena dute, bereziki eztula hotzeriak (anisa, grindelia, mihilua, Kretako oreganoa, ezkaia, pelargonioa…) edo eztarriko narritadurak (apo-belarra, Islandiako likena, malba, malba zuria, plantaina…) eragiten dutenean.

Sendabelar horiek eragin emolientea dute eta mukosaren babesleak dira; era berean, mukiaren jariakortasuna erregulatzen dute, beraz, eztul lehorraren eta eztul emankorraren aurka eragina dute.

Sendabelar batzuk, bestalde, berariaz indikatuta daude eztul emankorrari aurre egiteko (huntza, udaberri-lorea, ezkaia).

Erreferentzia:

Castiella, E., Aburto, A.M. 2020/11/27. Manejo de la tos en la farmacia. www.elfarmaceutico.es El Farmacéutico aldizkaria.