EGILE BERRIEN EUSKARAZKO XXXIII. LITERATUR LEHIAKETA

Egile berrien euskarazko XXXIII. Literatur Lehiaketako sariak banatu dira narrazio labur eta poesia sailetan

Lehen sariak Iñigo Satrustegi Andresek (narrazio laburreko irabazleak) eta Arantzazu Lizartza Saizarrek (poesiako irabazleak) jaso dituzte

Iñigo Satrustegi Andresen Oheak gordetzen duena narrazio laburren kategorian eta Arantzazu Lizartza Saizarren Ez-lekuak, poesia-kategorian, izan dira Iruñeko Udalak antolatu duen egile berriendako euskarazko XXXIII. Literatur Lehiaketaren irabazleak. Kondestablearen jauregian egin da gaur goizean sari banaketa. Aurten 21 lan aurkeztu dira sariketara, aurreko urtean baino 3 gehiago.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Maider Beloki Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Iñigo Gomez Alorreko zuzendariak banatu dituzte sariak eta akzesita bi kategorietara aurkeztutako lan onenen artean. Narrazio labur gisa aurkeztutako 9 idazlanen artean, epaimahaiak Oheak gordetzen duena aukeratu zuen lehen sarirako. Lan horretan, Iñigo Satrustegi egileak heldutasunez jorratzen ditu familia baten bizipenak, sekretuak, ezkutuko gatazkak eta miseriak. 

Epaimahaiaren arabera, jasotako 12 poema-liburuetatik onena Arantzazu Lizartzaren Ez-lekuak izan da. Egileak gaurkotasuna eta egunerokotasuna erakusten ditu oreka eta desorekaren arteko pultsua agerikoa den indar handiko poemen bidez. Bi lan horiek jaso dituzte egile berriendako euskarazko lehiaketako bi modalitateetako lehen sarietarako esleitutako 2.500 euroak, eta Iruñeko Udalaren Egile Berriak bilduman argitaratuko dira, saritutako gainerako lanekin batera. 

Epaimahaia abenduan bildu zen eta Castillo Suarez Garcia filologo, idazle eta euskaltzainak eta Beatriz Chivite Ezkieta eta Nerea Balda Sanjuan filologo eta idazleek osatu zuten. Epaimahaiburua Clara García-Valiño Abós izan zen, orduko Kulturako zinegotzi ordezkaria. 

Saritutako beste bost lan

Narrazio laburren kategorian, epaimahaiak bi lan gehiago saritu zituen. Bigarren saria 1.000 eurokoa izan zen, eta Idoia Granizo Uribarrenaren Gure esku balego bezala lanarentzat izan zen. Bestalde, narrazio laburren hirugarren sariko 500 euroak Ipar Alkain Cazabonek eskuratu zituen Debekatuta dago belarretan jatea lanagatik.

Diru kopuru bera jaso du poesia-kategoriako bigarren sariak, Rakel Pardo Pérezen Izatearen negelak poema-liburuak, bai eta hirugarren saria lortu zuen Sonia Ortiz de Arri Garceok Bidasoa lanagatik. Azkenik, narrazio laburren kategoriako irabazleak berak, Iñigo Satrustegi Andresek, aipamen berezia lortu zuen poesiaren kategorian, 250 euro, Ebakidura ariketak lanarengatik.

EGILE BERRIENDAKO XXXIII. EUSKARAZKO LITERATUR LEHIAKETA

NARRAZIO LABURRA

  • LEHEN SARIA. Oheak gordetzen duena. Egilea: Iñigo Satrustegi Andrés

  • BIGARREN SARIA. Gure esku balego bezala. Egilea: Idoia Granizo Uribarrena

  • HIRUGARREN SARIA. Debekatuta dago belarretan jatea. Egilea: Ipar Alkain Cazabon

POESIA

  • LEHEN SARIA. Ez-lekuak. Egilea:  Arantzazu Lizartza Saizar

  • BIGARREN SARIA. Izatearen negelak. Egilea: Rakel Pardo Perez

  • HIRUGARREN SARIA. Bidasoa. Egilea: Sonia Ortiz de Arri Garceo

  • AIPAMEN BEREZIA. Ebakidura ariketak. Egilea: Iñigo Satrustegi Andrés