AUZO LOTSA 54 ENRIQUE MAIA ETA BALUARTE

 

Iruñeko Baluarte izeneko batzar jauregi eta auditoriumak, hasiera-hasieratik sortu zuen dezenteko eztabaida, arrazoi bat baino gehiagorengatik, gainera. Alde batetik, Armada etorbide aldean jarri zuten igogailua, oso erabilgaitza zelako gurpil aulkian zihoazen pertsonentzat. Bestetik alde batetik, plazan kokatu zituzten galtzada harri haiek, zeharo deserosoak gertatzen zirelako pertsona takoidunentzat, eta, jakina, nola ez, bastoia, makuluak, aulki gurpildunak eta abar erabiltzen zituzten guztientzat ere, hagitz txarrak ziren. Horietaz gain, enparantzaren orientazioa ere ez zen batere egokia, nire iritziz, ipar-mendebalderantz ematen baitzuen -orain bezalaxe-, eta, horrek, neguan, batez ere, ekartzen zuena zen, plaza hotza, itzaltsua eta desatseginagoa izatea.

Gauzak hala, eta, iruindar asko eta askoren kexak zirela eta, azkenean, udal gobernukoek amore eman eta onartu behar izan zuten, Baluarte delako plaza hartan, moldaketa garrantzitsu batzuk egitea. Hasteko, galtza harri haien artean, harlauzazko igarobide batzuk egin behar izan zituzten, zorua leunago eta eramangarriago gerta zedin. Eta, jarraitzeko, bide batez, taberna antzeko bat jarri zuten, txarteldegiaren ondoan, plazari bizitasun eta erakargarritasun handiagoak emateko-edo, baina askoz gehiago behintzat ez zuten egin.

Abagune hura, Hirigintza Batzorde batean, nik aprobetxatu nuen, garai hartan, udal arkitektoa zen Enrique Maia jaunari, proposamen txiki bat egiteko, hau da, enparantza hartan dagoen eskailera luzean, arrapala bat jartzeko Z moduan, Nafarroako erriberako herri batean dagoen bezalaxe, eta, gorago kontatu dudan gisan, izan ere, Parlamentu aldera ematen duen alde hartan, eskailera luze-luze bat egin zuten, ia-ia plazaren luzera berekoa, txarteldegirainokoa, gutxi gorabehera, eta, eskailerarik ez dagoen tokian, gainera, galtzada harri gogaikarri haietaz josita dago. Ondorioz, gurpil aulkian dabilen pertsona batek edo beste edozein elbarrik, joan nahi baldin badu, esate baterako, Chinchilla jeneralaren kaletik Baluartera, edo, alderantziz, hau da, Baluartetik Chinchilla kale aldera, ikusiko du egin behar dituela askoz ere metro gehiago, oinezko arrunt batek baino, helburu berbera lortzeko.

Honek guztiak, agian ez luke aparteko garrantzirik izanen egoera ideal batean, baina  presaka ibilita, ordea, edota, hotza, haizea, euria, elurra, lainoa eta abar daudenean, aldiz, bai. Horregatik, dibertsitate funtzionalen bat daukaten pertsona guztien ibiltzea errazte aldera, Enrique Maia orduko udal arkitektoari, eskatu nion, bere taldea saia zedin konponbideren bat bilatzen, eragozpen desatsegin eta erantsi haiek arintzeko, ahal zen neurrian behinik behin; beraz, gorago adierazi bezala, nik proposatu nion, eskailera luze hartan, arrapala bat ezartzeko Z moduan, elbarrien ibilbideak laburtzeko.

Eztabaida handi, gogor eta luzeak izan nituen aipaturiko arkitektoarekin, gai horren inguruan; baita sutsuak ere, batzuetan. Nire proposamena hobeki uler zezan, marrazki batzuk ere egin nizkion paper batzuetan, eskuz: nik azalpen batzuk eman; berak ezetz! Horrela, behin baino gehiagotan.

Azkenean, zenbait aste igaro ondoren, marrazkitxo xume batekin etorri zen niregana, eta, zirrimarra kaskar batzuekin, saiatu zen ni konbentzitzen, han ez zegoela deus egiterik, alegia, oztopo hark ez zuela inolako konponbiderik, are gehiago oraindik, ez zela bideragarria eta ezertan hobetzerik ere ez zeukala arazo hark. Hortaz, hoberena, eskailera hura zegoen bezala-bezala uztea izanen zela, esan zidan batere gorritu gabe, udal arkitekto jakintsu usteko hark.

Jokabide agintzaile hark, berriz ere frogatu zigun, asko eta askotan bezalaxe, dezente  handiagoak direla oztopo mentalak eta borondatezkoak, fisikoak, teknikoak eta arkitektonikoak baino. Eta, garai hartan, Enrique Maiak egindako utzikeria haren ondorioak, gaur egun oraindik jarraitzen ditugu pairatzen.