PUNTO DE VISTA 2024

Punto de Vista jaialdiaren azken xehetasunak lotuta, Iruñean martxoaren 11tik 16ra izanen den hemezortzigarren ediziorako

Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia, Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du, eta pasa den astean aurkeztu dute jaialdiaren hemezortzigarren edizioa. Aurkezpenean izan dira Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria, Manuel Asín Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoa eta Teresa Morales de Álava Punto de Vistako zuzendari exekutiboa—. Jaialdiak hainbat egoitza izanen ditu Iruñean bertan, martxoaren 11tik 16ra.

Sarrera orokorrak salgai daude jada www.puntodevistafestival.com webgunean. Baluarteko leihatilan ere eros daitezke, jaialdiaren egoitza nagusia den aldetik, eta beste leihatila bat jarriko da atondoan, Punto de Vista jaialdiak irauten duen aste osoan. Sarreraren prezioa 3 euro izanen da, oro har, emanaldi bakoitzeko, eta zenbait saio doan izanen dira. Sei egunez, hiriko eta inguruko zinemazaleak zinemagileekin eta arloko profesionalekin egoteko aukera izanen dute, Espainia osotik etorritako zinemagintzako ikasleekin batera.

Punto de Vista 2024 jaialdiaren zifra garrantzitsuenak

Jaialdi osoan, guztira, 65 saio antolatuko dira, izan proiekzioak, izan bestelako jarduerak.

80 film inguru proiektatuko dira sail guztietan. 

Programazioa 6 atal nagusitan antolatzen da: Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza-programa.

Sail ofizialean 15 herrialdetako 23 film izanen dira ikusgai: Argentina, Belgika, Bosnia eta Herzegovina, Kanada, Kolonbia, Hego Korea, Kuba, Danimarka, Espainia, AEB, Frantzia, India, Japonia, Ipar Mazedonia eta Perukoak.

70 bat gonbidatuk parte hartuko dute 2024ko Punto de Vista jaialdian eskainiko diren proiekzioetan eta jardueretan, eta horien artean handia da nazioarteko profila dutenen ehunekoa: zinemagileak, programazio arduradunak, komisarioak eta abar.

Profesional, ikasle eta kazetarien artean, dagoeneko 380 lagun baino gehiago akreditatu dira jaialdian. Akreditazioa online eskatzeko epea itxita dago, baina Baluarteko atondoan prestatuko dugun gunean eskatzen ahal da, jaialdi osoan.

6 egoitzatan eginen dira jarduerak: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza museoa, Civivox Condestable, Civivox Mendillorri eta Nafarroako Filmoteka.

 

Jaialdiaren ibilbideak: Punto de Vista bizitzeko beste modu bat

Edizio honetan, lehen aldiz, zeharkako hainbat ibilbide proposatu dira —Lehen pertsona, Generoa(k), Planeta eri, Hurbildu Punto de Vistara—, sail guztiak bilduz. Programazioan sartuta dauden eta antzeko gaiei buruzkoak diren filmak lotzen dituzten bildumak dira, edo, azken ibilbidearen kasuan, jaialdia lehen aldiz ezagutzeko gonbidapena. Memoria, indibidualismoa, desberdinkeriak, feminismoa, queer gorputzak edo ingurumen-larrialdia lantzen dira, besteak beste, ibilbide horietako filmetan.

 

Inaugurazioa eta amaiera: Zinzindurrunkarratz eta María Marínen gitarra eta kantu kontzertua

Punto de Vista martxoaren 11n hasiko da, astelehenean, Oskar Alegria nafar zinemagilearen Zinzindurrunkarratz filmarekin; 2013tik 2017ra bitarte gure jaialdiaren zuzendari artistikoa izan zenaren filmak sari ugari jaso ditu. Proiekzio horretarako sarrerak agortuta daude jada, baina geratzen dira gutxi batzuk martxoaren 13an, asteazkenean, euskara hutsez eginen den saiorako.

Edizioaren amaierako ekitaldiari dagokionez, Baluarteko Areto Nagusian izanen da jaialdiko sariak banatzeko ekitaldia; horren gibeletik, Pedro G. Romeroren De caballos y guitarras proiektatuko da, musikal eder bat, non Raül Refree, Pepe el Habichuela edo Pilar Monsell artisten gitarren sentsibilitatea Triana, Onkaia eta Víktor K behor eta zaldien dotoreziarekin uztartzen den. Zinemagileak berak aurkeztuko du saioa eta, amaieran, María Marín sevillar artistak gitarra eta kantu kontzertua eskainiko du, jaialdiari berari amaiera emanen dion esperientzia paregabe honetan parte hartzen baitu.

 

Programazioa begiratu batean

Aurten, Punto de Vista jaialdia sei ataletan antolatu da: Sail Ofiziala, hamabost herrialdetako hogeita hiru film; Fokuak, saio monografikoak, Punto de Vista jaialdiaren arreta nazioarteko panoramako zinemagileei emateko —Su Friedrich (AEB) eta Joël Akafou (Boli Kosta)—, baita Miriam Martínek programatu duen zikloa ere, zuhaitzek zinema dokumentalean hartzen duten lekua ikertzeko; Bitartekaritza Programa, jaialdia hiri osoko publikoengana zabaltzen jarraitzeko, batik bat, gazteenengana; Lan, zinema dokumentaleko sorkuntzari eta ekoizpenari buruz gogoeta egiteko guneak; Kontaktuak, beste diziplina batzuekin konektatzeko asmoz, eta aurten Jerome Hiler eta Néstor Basterretxea izanik protagonista; eta X Films proiektua, aurten Nafarroan film bat grabatzeko proposamena Celia Viada Caso zinemagileari eginik, eta Anna López Luna zinemagileak Super 8 formatuan filmatutako Tránsitos lana estreinatuko da.

 

Kontziliazioa posible da: Puxika Gorria ludoteka

Azken edizioetan, Punto de Vista jaialdiak kontziliazioaren aldeko ekimen bat aktibatu du: Punto de Vista Puxika Gorria ludoteka. Ekimen horri esker, publikoak, akreditazioa duten pertsonek eta jaialdiko lantaldeak berak aukera izanen dute sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrak txoko horretan uzteko, martxoaren 13ko arratsaldetik (asteazkena) hilaren 16ra (larunbata). Izan ere, programazioaz gozatzeko aukera izatea lortu nahi dugu, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartearekin eta Parenting at Film Festivals kolektiboarekin elkarlanean. Puxika Gorria ludoteka Zorionak Kids & Party ludotekako profesionalek kudeatuko dute. Plaza erreserbatzeko aukera dago jada, gure webgunearen bitartez.

 

Punto de Vistako gauak eta Radio 3 irratiko programak

Jaialdiaren programazioaren barruan kontzertuak, DJen saioak eta zuzeneko musika duten irratsaioak antolatu ditugu, Navarra Music Commission, Txintxarri eta Radio 3 irratiaren laguntzari esker. Horrela, bada, nafar artisten talentuaz gozatzeko aukera izanen dute ikusleek Punto de Vistako Gauetan, izan ere, Mon Dvy, DJ Rizos, Señora, DJ Moderno edo Brecha artistak arituko dira Txintxarri tabernan, asteartetik ostiralera bitarteko gauetan.

Bestalde, astearte eta asteazken (martxoak 12 eta 13) arratsaldean, Radio 3 irratiko Tres en la Carretera irratsaioaren bi grabazio eginen dira Baluarteko atondoan. Jaialdian parte hartuko duten zinemagileei egindako elkarrizketak musika-kontzertuekin uztartuko dira: alde batetik, Peru Galbete euskal zinema zuzendari eta musikaria, eta, bestetik, Lilo talde nafarra, Nora goazen jakin gabe lehen lana aurkezten.

 

Laguntzaileak

Jaialdiko proposamenak zabaltzea garrantzitsua dela jabetuta, Punto de Vistak lanean jarraitzen du laguntzaileen sarea hedatzeko, bai nazioan, bai nazioartean. Horrela, bada, aurreko edizioetako babesleei eutsiko zaie: ICAA, Acción Cultural Española, Uharte zentroa, Iruñeko Udala Civivox Sarearen bitartez, Jorge Oteiza Museoa fundazioa, EiTB, Nafarroako Gazteriaren Institutua, Gazte Txartela, Kataluniako Filmoteka, Cineteca, Galiziako Filmoteka, Valentziako Filmoteka, Navarra Music Commission, Institut Français, Elías Querejeta Zine Eskola, Golem, Courtisane, Viennale, FID Marseille edo Cinéma du Réel jaialdiak, Harvard Film Archive edo Festival Scope Pro plataforma. Horietaz gain, azken edizio honetarako erakunde eta ekimen berriak gehitu dira: Japan Foundation, Docs & Talks edo SGAE fundazioa; bestalde, Nestor Basterretxearen mendeurrenaren ospakizunekin bat egin du jaialdiak.

Nabarmentzekoa da, halaber, profesionalen sareak indartzeko jarduerak, topaketak edo lan-saioak antolatu ditugula NAPAR, Doklab Navarra, CIMA, (H)emen, Spain Film Commission edo REDCau kolaboratzaileekin.