AUZO LOTSA 55 MALETAKO MAKILATXOA

 

Garai hartan, Iruñeko udaletxeko Hirigintza Batzordean, behin baino gehiagotan, izaten nituen ahozko borrokak eta gatazkak, Yolanda Barcina alkate andrearekin eta bere koaliziokoekin, lege araubide jakin baten inguruan. Izan ere, puntu hartan, botoien, txirrinen eta abarren altuera maximoak eta minimoak tratatzen ziren, alegia, adierazteko, tresnatxo haiek jartzerakoan, zein ziren altuera minimoak eta maximoak. Arau hark zioen, altuera minimoa 80 zentimetroan zegoela eta maximoa 120an, baina, kontuz, ez dadila inor engaina, zeren eta arau hark, ez baitzuen agintzen botoiak eta, nahi eta nahi ez, jarri behar zirela 80 zentimetroan edota 120an, baizik eta tarte horretan ere paratu ahal zirela, baina eskarmentuak, zoritxarrez, erakutsi zigun, igogailu guztietan 120. zentimetroan ezartzen zirela, inork agindu edo exijitu gabe, eta, era hartan, besoak altxatu ezin zituzten pertsonek -eta horien artean, ni ere banengoen-, ez zuten igogailu haiek erraztasunez erabiltzerik.

Ni, makina bat aldiz saiatu nintzen argudio hura ulertarazten ahoz, alkate andreari eta bere koaliziokoei, arau hartan, moldaketaren bat egin zedin, baina, nire zoritxarrerako, berehalaxe ohartu nintzen, ahalegin hark ez zekarrela batere ondorio onik, horregatik, behin batean, Hirigintza Batzorde batean eztabaida bizian ari ginela, nik neure maleta txikitik zurezko makilatxo bat atera -40 bat zentimetrokoa-, eta honako hauxe galdetu nion Iruñeko alkate andreari:

-Yolanda, ba al dakin zertarako eramaten dudan, hemen, beti, makilatxo magiko hau?

Barcina andreak, harridura handiz makilatxoa ikusi eta:

-Ez, ez diat ideia zipitzik ere! -Erantzun zidan axolagabekeriaz-. Zertarako da, ba?

-Begira, ba, batzorde honetan bertan, behin baino gehiagotan azaldu dizuedan bezalaxe, asko eta askotan ezin naun iritsi igogailuetako botoietaraino, ez eta jarritako igogailu berrietan ere, horregatik, ba, aldizka-aldizka makilatxo hau baliatuz, irits naiteken zorioneko botoietaraino. Hala ere, bazagon beste arazo erantsi petral bat gehiago, alegia, igogailuetako botoiak-eta analogikoak baldin badira, orduan, hor nonbait, ongi samar moldatzen bainaiz, baina digitalak baldin badira, ordea, orduan gaizki, konexiorik ez baita gertatzen makilatxoarekin eraginda!

Gai horrekin ere, nahiz eta ni gogotik saiatu nintzen hobekuntzaren bat lortzen, aitortu beharra daukat, hura ere erabateko porrota izan zela niretzat, beste askotan bezalaxe halako jendilajearekin. Argi dago nire arrakasta, aldi hartan ere, zero borobila izan zela!