GAZTEENDAKO LITERATUR LEHIAKETA

Gazteendako Literatur Lehiaketak 14 eta 18 urte bitarteko gazteek idatzitako poesia eta narrazio laburreko obrarik onenak sarituko ditu

Interesdunek apirilaren 19ra arte aurkezten ahalko dituzte beren lanak, argitaratu gabeak izan behar dutenak

Iruñeko Udalak Gazteendako Literatur Lehiaketaren beste edizio baterako deia egin du, zeinak 34 urte eginen baititu aurten Lehiaketa honen bidez Udalak Iruñean erroldatuta dauden edo hirian ikasten duten 14 eta 18 urte bitarteko gazteak poesia eta narrazioa idaztera animatu nahi ditu. Interesdunek apirilaren 19ra arte aurkezten ahalko dituzte beren lanak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dutenak. Gaia librea da.

Literatur Lehiaketak bi modalitate ditu: poesia eta narrazioa, euskaraz eta gaztelaniaz. Lehenengoan gutxienez 14 bertso eta gehienez 40 bertso dituzten lanak eskatzen dira. Narrazio laburraren kasuan, lanek bi eta bost folio bitarte izan beharko dituzte eta ordenagailuan idatziak egon, alde bakar batetik eta lerroartean tarte bikoitzaz. Parte-hartzaileek lan bakarra aurkezten ahalko dute modalitate eta hizkuntza bakoitzeko. Hala, bi hizkuntzetan lehiatzeko aukera izanen dute, lan ezberdinekin egiten badute. Ez dira itzulitako obrak onartuko. Lanek ezin izanen dute ez bultzatu ez erreproduzitu jarrera diskriminatzaile, xenofobo edo sexistarik, ezta pertsonen duintasunaren eta giza eskubideen kontra doanik ere.

Ohikoa den bezala, aurkeztutako lanak bi kategoriatan banatuko dira, egileen adinaren arabera. Hala, 14 eta 16 urte bitarteko gazteendako kategoria bat ezarri da. Bertan sartuko dira apirilaren 19an 14 urte beteta eta oraindik 17 urte bete ez dituzten guztiak. Bigarren kategoriak erreferentzia-data horretan bertan 17 urte beteta izan eta 19 urtetik beherakoak direnak barne hartzen ditu. Irabazleak ekainean hautatuko dira, eta saritutako lanak Udalaren https://letrajoven.pamplona.es/eu/ webgunean argitaratuko dira.

Nola aurkeztu lanak

Literatura-lanak telematikoki aurkeztuko dira, https://letrajoven.pamplona.es (gaztelaniaz) eta https://letrajoven.pamplona.es/eu/ (euskaraz) webguneen bitartez. Parte-hartzaileek formularioa bete eta lana PDF formatuan erantsi beharko dute, obraren izenburua artxiboaren izen gisa jarrita. Ezin izanen da inolaz ere aipatu, ez fitxategiaren izenean ez edukian, egilea nor den, ezta haren datu pertsonalik ere.

Lana orriak zenbatuta aurkeztuko da, eta haren izenburua jasoko da, artxiboaren izenean ez ezik, lehiaketara aurkeztutako dokumentuaren hasieran ere. Plataformak aurkezten direnen anonimotasuna bermatzen du.

2023ko edizioan 200 obra aurkeztu ziren

Gazteendako Literatur Lehiaketa Iruñeko gazteek idazketa bultzatzeko ekintzen artean gehien babesten dutenetako bat da. Izan ere, 2023ko edizioan 200 obra aurkeztu ziren, aurreko urtean baino % 20,48 gehiago, 166 aurkeztu baitziren. Horietatik 110 poesia modalitatekoak ziren (91 gaztelaniaz eta 19 euskaraz) eta 90 narraziokoak (81 gaztelaniaz eta 9 euskaraz).

Adin-kategoriaren arabera, 14 eta 16 urte bitarteko gazteek 65 poema eta 62 narrazio aurkeztu zituzten. Bestalde, 17 eta 18 urte bitartekoen kategorian, 45 poesia eta 28 narrazio labur aurkeztu ziren.