HAURRENDAKO ANTZERKI TESTUEN XXXIII. LEHIAKETARAKO DEIA EGIN DA, EUSKARAZKO ETA GAZTELANIAZKO MODALITATEETAN

Ekainaren 15ean amaituko da saritu gabeko eta inongo konpainiak taularatu gabeko jatorrizko testu argitaragabeak aurkezteko epea

·         Oinarriak

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak haurrei zuzendutako antzerki-testuen lehiaketarako deia egin dute berriz ere, aurten hogeita hamahirugarren edizioa izanen duena. Ekainaren 15ean amaituko da lanak lehiaketara aurkezteko epea. Lehiaketa hori euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan deitu da eta 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartzen ahalko du. Iazko edizioan 76 antzerki-testu aurkeztu ziren.

Egile bakoitzak euskaraz edo gaztelaniaz idatzitako hiru testu aurkezten ahalko ditu gehienez ere. Testuek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dute, eta ezin izanen da testu bera bi modalitateetan aurkeztu. Gainera, ezin dira aurkeztu bestelako edozein lehiaketatan saritutako obrak, ezta konpainia batek (profesionala izan ala ez) estreinatutakoak. Antzezlanak haurrendako lanetan ohikoa deniraupena izan behar du.

Testuak posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: biblioteca@laescueladeteatro.com. Gaian “HAURRENDAKO ANTZERKI-TESTUEN XXXIII. LEHIAKETA” jarri beharko du eta bi fitxategi atxikiko dira. Parte-hartzaileek berariaz adierazi beharko dute deialdiaren oinarriak ezagutu eta onartzen dituztela.

1. fitxategiak “TESTUA” izena izanen du eta izenburua, testua eta egileak lehiaketara aurkezteko erabilitako izengoitia jasotzen dituen PDFa jasoko du. 2. Fitxategian, PLIKA izenarekin, honako hauek jasoko dira: lanaren izenburua eta egilearen izengoitia; curriculum laburra, goiburuan haren izen-abizenak, posta-helbidea, helbide elektronikoa eta telefonoa adierazita; NANaren edo pasaportearen fotokopia, eta idatzizko adierazpen bat, non jasoko baita aurkeztutako antzezlana jatorrizkoa eta argitaratu zein estreinatu gabea dela, eta ez duela inongo lehiaketatan saririk jaso.

Nafarroako Antzerki Eskolako epaimahaia

Epaimahaia Nafarroako Antzerki Eskolak izendatuko du, eta antzerki esparruko hiru profesionalek osatuko dute bi kategorietako bakoitzean. Saria jaso dezaketen testuak aukeratzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: kalitate literarioa, sormena, originaltasuna eta lana taularatzeko modukoa izatea. Epaimahaiaren epaia iraileko lehen astean emanen da jakitera.

Euskarazko zein gaztelaniazko modalitateetan saritutako lanak Nafarroako Antzerki Eskolaren eta Iruñeko Udalaren esku geratuko dira, urtebetez, haiek argitaratu edota taularatzeko. Saritutako lanaren egileak urtebetez lagako ditu lana erakusteko eskubideak, saria ematetik aitzina, Nafarroako Antzerki Eskolan egin beharreko antzezpenetarako.