BERTOL ARRIETA: “ABIATZEA DA ZAILENA”

 

“Ohi baino musu luzeagoa eman zion senarrari, haurrak besarkatu ostean, eta agur egin zien eskuarekin hirurei, igogailuko atea ixten ari zen bitartean. Zaunka soil bat izan zen Lennonen despedida.

—Ama, musukoa! —esan zion Manexek, justu atea itxi aurretik.

Botoiari sakatu behar izan zion Maitanek, guztiz itxi ez zedin. Etxera bueltan sartu, eta bi hartu zituen: musuan jarri zuen bata, poltsan sartu bestea. Bigarrenez agurtu zituen banan-banan senarra, semea, alaba. Baita zakurra ere. Ez zen asko luzatu. Negarrari eusten ari zen Maddi, hobe lehenbailehen alde egitea. Diosal egin zien eskuarekin, atea eskuinetik ezkerrera ixten joan ahala orduan eta txikiagoa zen zirrikitutik.

Beherantz hastearekin batera entzun zituen igogailuko zulotik zetozen txikienaren negarrak, atearen danbatekoak soilik bigundu zizkionak. Eskuarekin xukatu zuen begi ertzean pilatu zitzaion malkoa, masailean behera erortzen utzi baino lehen, eta kalera atera zen. Joder, ezta Madagaskarrera joatekoa balitz ere…

—Abiatzea da zailena, ikusiko dun —esana zion Patriciak bere asmoen berri eman zionean, eta horri heldu behar”.