ERAKUSKETA: DUGUNAREN 75. URTEURRENA

Kondestablearen jauregia. martxoaren 26tik apirilaren 14ra. Dugunaren 75. urteurrena.

1949an, Iruñeko Udalak bere dantza-taldea sortzea erabaki zuen, hiriko hainbat jai-ekitalditan parte hartu ahal izateko. San Saturnino Eguna izan zen Duguna Iruñeko Dantzariak udal-dantza taldearen lehen hitzordu publikoa. Bere sorreraren 75. urteurrenaren karietara, Kondestablearen Jauregian ‘Adiskidantzan’ taldearen historia kontatzen duen erakusketa egonen da ikusgai. 10.000 dantzaritik gora igaro dira taldetik sorreratik gaur arte. 

Kondestable jauregian, erakusketa hiru astez egonen da ikusgai, apirilaren 14ra arte, eta udal dantza taldearen jatorria eta bilakaera erakustea du xede. 

Erakusketa lau ataletan eta bi espazio bereizitan egituratzen da. Alde batetik, Kondestableko Patioa da erakusketaren epizentroa, eta Duguna taldearen historiaren lau ataletatik hiru hartzen ditu, informazio-panel ilustratuen eta material fisikoen, argazki-proiekzioen eta jantzien bidez. Zehazki, taldearen sorrerari heltzen dio hasiera batean. Bigarren atalean, hainbat ikuspegitatik aztertzen da udal dantza taldearen bilakaera; eta, azkenik, espazio bat gordetzen da lan artistikoa gizarteratzeko modu eta agertokiak erakusteko. Laugarren atala Kondestable jauregiaren atarian dago. Bertan, erakusketaren zati bat taldearen egungo jardueran ardaztuta dago Hor bertan ikus-entzunezko txiki batez gozatzen ahalko da, belaunaldi ezberdinetako dantzari eta musikariei egindako elkarrizketekin.

Argia taldeari omenaldia

Erakusketa honen inaugurazioak Argia dantza taldea omentzeko ere balio izan du. Izan ere, joan den mendeko hirurogeigarren hamarkadan sortu zenetik euskal jarduera folklorikoen erreferente izan da, eta bere ikuskizunekin Parisera eta Habanara bidaiatu du, besteak beste. Juan Antonio Urbeltz, hasieran Argia zuzendu zuena, Duguna Iruñeko Taldearen ohorezko bazkide izendatu dute gaur arratsaldean, Argia taldeko lehen maisu horien guztien ordezkari eta aitormen gisa. Sortu zenetik, hirurehun dantza eta bostehun doinu tradizional baino gehiago landu ditu Argiak, Duguna bezalako beste talde folkloriko batzuek bereganatu dituztenak. Izan ere, Duguna eta Argiaren arteko lankidetzak hogei urte bete ditu dagoeneko, eta urte horietan eragina funtsezkoa izan da udal-taldea garatzeko.