AUZO LOTSA 57 BAZKARI INSTITUZIONALA

 

Yamaguchi hirian ginenean, egun batean, hango udalak, bazkaltzera gonbidatu gintuen Iruñetik joandakoak; bazkari instituzionala izan zen, noski.

Bazkaria baino lehen, ongietorri-hitz batzuk izan ziren haien aldetik, eta, esker oneko beste hitz batzuk nafarren aldetik. Geroxeago, japoniarrek beren gudu dantza indartsu eta mugitu batzuk eskaini zizkiguten. Juan Luis Sanchez de Muniain Iruñeko alkateorde buruargiari, ordea, kaskezurrean sartu zitzaion, ordaindu behar geniela, aurreko uda batean, Europa aldean, oso-oso bogan egon zen Aserejé (Las Ketchup) izeneko abestiarekin. Sanchez de Muniainek berak, abestia berak bakarrik aukeratzeaz gain, zenbait hitz kendu eta beste batzuk jarri zizkion, era hartan, nafar eta iruindar kutsua har zezan delako abesti hark.

Gutako batzuek, hasieratik esan genuen ez genuela parte hartu nahi fartsa ergel hartan, abesti hark ez baitzuen inondik inora ere ordezkatzen iruindarrak eta nafarrak, baina Sanchez de Muniain, ordea, jo eta su saiatu zen jende gehienak ikas zezan abesti arrotz hura, berak egindako moldaketekin; autobusean gindoazenean ere, batzuetan, saiatzen zen jendearekin entseguak egiten, abesti hura ongi ikasteko. Gorago esan bezala, batzuok hasieratik beretik egin genion paso, baina, beste batzuk, ordea, saiatu ziren ikasten eta abesten, baina kontua da, kanta hura abesteko ere ez zela oso erraza erritmo eta abiadura aldetik, eta, jendea berehalaxe hasi zen etsitzen eta amore ematen. Sanchez de Muniain bera ere, segituan ohartu zen abesti hura ez zitzaiela ongi ateratzen, eta, ezta aterako ere. Bakar-bakarrik gelditu zen ahalegin hartan, eta, etsitzea beste aterabiderik ez zitzaion gelditu; hortaz, berehalaxe atzera egin behar izan zuen. Ez dantzarik eta ez kanturik, deus gabe gelditu zen, aida batean, UPNko alkateorde “burutsu” eta handinahia; triste eta bakarti.

Sanchez de Muniainen txanda iritsi zenean, Yamaguchiko ordezkariei, Iruñeko udaletxeko maketa bana eman zien, baina hura ere, gaztelania hutsean, hau da, euskarari inolako presentziarik eman gabe, Iruñeko euskalduntasuna ezkutatu nahi izanen balute bezala. Alkateordeak, jokabide hura justifikatu zidan, esanez, han ez ginela Iruñean, eta, beraz, udal gobernukideak ez zeudela behartuta euskararen ordenantza betetzera, hau da, espainiera hutsean idatzita egonda ere, nahiko eta gehiegi zela; harrapa ezak/n hankatik!

Hala eta guztiz ere, geroago, mahai borobil batzuetan, japoniarrak eta nafarrak, denak elkarrekin bazkaltzen ari ginenean, Yamaguchiko gizon batek galdetu zigun ea nongoak ginen, eta, guk, Nafarroakoak ginela erantzun bezain azkar, honako hauxe esan zigun, eskuin eskuko erpurua gogo onez altxatzen zuen bitartean:

-A!, Basque Country, Basque Country!

Horra hor, berriz ere, kukuak nola jo zion oker Juan Luis Sanchez de Muniain, gizon temati eta burugogorrari, bere borondatearen aurka!