IRUÑA HIRIA XVIII. NAZIOARTEKO POESIA SARIA

Iruña Hiria XVIII. Nazioarteko Poesia Sarirako deia egin da, eta apirilaren 30era arteko epea izanen da lanak, euskaraz eta gaztelaniaz, aurkezteko

Poesia-bildumak gai librekoak eta 400 eta 800 bertso artekoak izanen dira eta posta arruntez edo posta elektronikoz aurkezten ahalko dira

Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak Iruña Hiria XVIII. Nazioarteko Poesia Sarirako deia egin dute. Apirilaren 30ean (asteartea), 14:00etan, amaituko da lanak aurkezteko epea. Pertsonak orok parte hartzen ahal du, edozein nazionalitate izanik ere, betiere aurkezten diren lanak gaztelaniaz edo euskaraz idatziak badira. Salbuespen bakarra aurreko urteetan saritutako pertsonak dira, ezin izanen baitira berriz aurkeztu.

Aurkeztutako lanek guztiz argitaratu gabeak izan behar dute, aurretik ebatzitako beste ezein lehiaketatan saririk eskuratu gabeak, eta une honetan beste poesia-lehiaketa batean parte hartzen ari ez direnak. Gaia eta forma libreak izanen dira, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartekoa. Jatorrizko lanen lau ale aurkeztu behar dira, ale bereizietan, DIN A-4 tamainan, orriak behar bezala zenbakiturik eta josita, grapatuta edo koadernatuta. Poemak tarte bikoitzean idatzita egonen dira, eta alde bakarretik mekanografiatuak. Lehiaketak gaztelaniazko eta euskarazko modalitateak ditu, eta 3.000 euroko saria emanen zaio epaimahaiak aukeratutako lan bakoitzari.

Jatorrizko lanak lema eta plikako sistemaren arabera aurkeztuko dira. Azalean, izenburua eta lema idatziko dira. Atxikitako gutun-azal itxi batean, honako datu hauek emanen dira: egilea, nazionalitatea, helbidea, NANaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa. Agiriekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela indarreko beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu. Aurkeztutako lana ezin izanen da erretiratu lehiaketa ebazten ez den bitartean.

Postaz edo emailez bidaltzeko aukera

Aurkeztu nahi diren lanak posta ziurtatuaren bitartez igorriko dira Nafar Ateneora (Barañaingo etorbidea 10 1. A, 31008 Iruña, Nafarroa). Gutunazalean honako hau adierazi behar da: “IRUÑA HIRIA” XVIII. Nazioarteko Poesia Sarirako”. Halaber, posta elektroniko bidez ere igortzen ahalko dira ateneo@ateneonavarro.es helbidera mezuari bi eranskin hauek atxikita: bata, egilearen datuekin eta bestea, lanarekin.

Sariaren epaia ekainean emanen da argitara eta apelaezina izanen da. Epaimahaiaren osaera Sariaren epaia ematen den unean emanen da jakitera. Sariaren azken edizioan 444 poema-bilduma jaso ziren, 430 gaztelaniaz eta 14 euskaraz, 17 eta 91 urte bitarteko 119 emakumek eta 325 gizonek sortuak. Sarituak honako hauek izan ziren: Imanol Ulacia Aramendi, gaztelaniako modalitatean, Maravillas del espacio lanarekin eta Iban Garro Alzuri, euskarazko modalitatean, Larrosa bat Groenlandian lanari esker.