HATSAREN POESIA

Aurten 26. HATSAren POESIA liburua aurkeztu dugu, eta 126 olerkarik parte hartu dugu; horien artean, 18 hatsakide berri izan dira. Senpereko Larraldean bildu gara beste urte batez Euskal Herri osoko eta euskal diasporako poetak eta poesiazaleak, gutarteko zubi poetiko hori iruten segitzeko, gutarteko sarea ehuntzen jarraitzeko. Hatsaren poesiaren itsasontzia itsasoratu da jada Senperen beste urte batez, almirante, kapitain, lemazain eta eskifaia eder handi batekin.

Marinel zaharra gaurgero abiatu da bere hatsaren bila, guk atzo hatsa eta adore elkarri eman geniolarik.

11:30etan genuen hitzordua, eta tantaka-tantaka agertu ginen Larraldearen aterpera, pixkanaka, 26 hatsaren poeta bildu ginen arte.

12:00etan hartu zuen lema Ainara Maiak eta aurtengo liburuaren sar-hitzaren egile den Joseba Aurkenerenari eman zion hitza, aitzinetik “Irakurleari” zenbait ohar tekniko-poetiko egin ondoren. Josebaren hitzak entzun ondoren, eskifaiako marinel margolariak hartu zuen mikrofonoa: Lander Zurutuzak egin du aurtengo liburu mamitsuaren azaleko marrazkia, zuri-beltzez margotutako marinela bere hatsaren bila abiatzen dena.

Horren guztiorren ondoren, Auxtin Zamora kapitainak Ainara lemazainari muxutruk egindako lana eskertu soilik ez eta eskifaia osoari eskatu zion muxutruk egindakoa muxuz “ordaintzeko”…

muxu-zaparradaren ondotik, datorren urteko Hatsaren Poesia libururako sar-hitzaren egile nor izango den erabaki da zozketa bidez, Juanma Sarasolaren Gaxen alaba eta Erlaitz semearen laguntzaz: heldu den urteko sar-hitzaren egile Joxe Luix Agirretxe izango da! eta gero, azken 26 urteetako Hatsaren Poesia liburu-sortaren zozketa egin zen, eta Oier Saratsuari egokitu zitzaion… zorioneku bera!

Heldu den urteko liburuaren azalaren marrazkilari izateko Andrea Bella Uruguaiko euskalduna borondatetsu agertu zen.

Aurtengo liburuaren aurkezpen ofiziala jadanik eginik, aperitifaren ordua iritsi zen, modu informalean bildu ginen taldeka edari eta zizka-mizka artean mintzatzeko eta elkarrekin hitz batzuk trukatzeko.

Horren ondoren, batzuk joan behar izan zuten, eta beste batzuk Larraldeako ukuiluan mahai-inguruetan bildu ginen bazkaltzeko, sabela bete, elkarri gauzak kontatzeko eta kantuz ospatzeko.

Arratsaldeko 16:00etan gure kadiretan ginela, banan-banan mikrofonoa hartu eta liburuko geure olerkia errezitatu edo abestu genuen. Arratsaldeko errezitaldi honetara eskifaiako beste bi lagun agertu ziren, Peru eta Markel donostiarrak, baita beste bikote bat ere Donostiatik BERRIAn irakurri baitzuten 2024ko Hatsaren poesia liburu berria aurkeztuko genuela eta entzule etorri ziren… bi orduko itsas-bidaian abiatu ziren gurekin batera.

Denok parte hartu genuelarik, Gernikako Arbola euskal ereserkia abesten hasi zen Iñaki Lopez de Luzuriaga marinel ausarta, euskal topaketa hari agur esateko, eta ondoren, Auxtin Zamora kapitainak 2017ko olerki bustiak bideo poetikoa erakutsi zuen: bertako irudiak azaldu eta hatsakideon hitzak irakurri genituen, euskal poeton GURE HATSA ereserkia elkarrekin kantatu ondoren.

Egun polita igaro genuen, eta Hatsaren poesia itsasontzia jada itsasoan da! bidaiatu nahi al duzu gurekin aurten?