TIPULA

Bere izen botanikoa Allium cepa da, Alliaceae familiakoa. Gaztelaniaz cebolla eta frantsesez oignon deitzen da.

EZAUGARRI BOTANIKOAK

Landare belarkara, bienala, metro bateko altuera izan dezake. Lehenengo urtean erraboila sortzen da, eta bigarrenean, aireko zurtoina, loreak eta fruituak. Erraboila zurtoin txiki batez osatuta dago (disko kaulinarra), barneko hosto-zorroz estalita. Hosto-zorro horiek lodituta daude erreserbako substantziak pilatzearen ondorioz. Halaber, kanpoko hosto-zorroak ditu, apergaminatuak, babes-funtzioa dutenak. Hostoen orria, 50-80 cm-koa, zilindrikoa eta hutsa da. Aireko zurtoina, gara deitzen dena, lore arrosaz edo zurixkaz osaturiko ginbail batean bukatzen da, 2-4 brakteaz babestua. Fruitua kapsula motakoa da, beltz koloreko hazi txiki asko ditu. Haziaren alde bat laua da eta bestea ganbila.

Tipulak Erdialdeko Asian du sorburua. Baratzeetan landatzen da. Gutxitan basati bilakatzen da.

ERAGIN TERAPEUTIKOA

E Batzordeak (Alemaniako Batzordearen E Monografiak) onarturiko eragina: bakterioen aurkakoa, hipolipemiatzailea, hipertentisoaren aurkakoa, plaketa-agregazioaren inhibitzailea (arteriosklerosia prebenitzen du).

Tipulak eragin antioxidatzailea du. Oxigenoaren espezie erreaktiboak bahitzen ditu, NO-sintasaren jarduera eta oxido nitrikoaren bioerabilgarritasuna babesten ditu. Horiek guztiek tentsioa jaistea eragin dezakete.

Konposatu sufredun batek, zisteina sulfoxidoa alegia, eta beste sulfoxido batzuek odoleko kolesterola eta triglizeridoak jaisten dituzte.

Kertzetinak (flavonoide bat da) eragin antikoagulatzailea du. Egiaztatu da, halaber, tipula freskoa egunero kontsumitzeak odoleko glukosa-maila jaisten duela diabetesa duten pazienteetan.

Saponinak eta olio esentziala apetituaren pizgarri dira. Era berean, bide topikotik, bakterioen aurkako eragina dela-eta, zauriak desinfektatzeko erabiltzen da.

Egiaztatu da, halaber, tipularen ohiko kontsumoak, baratxuriarenak bezala, nabarmen murrizten duela urdaileko minbizia izateko arriskua.

Tipularen kontsumoa prostatako hiperplasia onbera izateko arrisku txikiagotzearekin ere lotu da. Tipula-zukua eta tipula egosi den ura, herri-medikuntzan, diuretiko bikainak dira.

Herri-medikuntzan, eztulari aurre egiteko, tipula bat moztuta jartzen da gau-mahaiaren gainean, logela itxita edukiz. Asma krisiak arintzeko tipula-igurtziak egiten dira bularrean eta bizkarrean.

Posologia: E Batzordearen arabera, bestelako preskripziorik ezean, 50 g/eguneko tipula fresko edo 20 g/hauts eguneko. Egunean 100 g tipula freskok baraurik nabarmen jaisten du glukosa I eta II diabetesa duten pazienteetan.

Arreta-neurriak: ukipen-dermatitisa eragin dezake. Ez da kontraindikaziorik deskribatu, ezta interakziorik ere.

TIPULAREN ERABILERA BERTAKO HERRI-MEDIKUNTZAN

Erabilerarik ohikoena larruazaleko afekzioak tratatzeko da, batez ere, erpurukoak, infektaturiko pikortak, zauri gaizkoatuak, erlakiztenak, oilar-begiak eta abar. Batzuetan beste landare batzuekin erabiltzen da, esaterako, azarekin, erabelarrarekin, kamamilarekin, andreñarekin, intsusarekin eta berbenarekin.

Oinarri-oinarrian, tipula-geruza bat berotzen da sukalde ekonomikoko plantxan eta biguna eta beroa dagoenean sendatu behar den lekuan zuzenean jartzen da, esaterako, infektaturiko pikortan, furunkuluan edo zaurian. Askotan, tipularen geruzaren mintza bakarrik erabiltzen da. Batzuetan, mintza berotuarekin eta olio pixka batekin txaplata bat egiten da. Batzuek xaboi zati bat gehitzen diote, eta, ahalik eta beroena, furunkuluaren gainean jartzen da. Baita tipula-geruza ozpin tanta batzuekin ere.

Infektaturiko pikortak sendatzeko, tipula eta asuna egosten dira eta egosketa horren lurruna erabiltzen da pikortak sendatzeko. Halaber, tipula-geruza errea flemoietan jartzen da hantura ibitzeko.

Tipula arnas aparatuko gaitzak tratatzeko ere erabiltzen da. Burutik beherakoak tratatzeko 2 edo 3 koilarakada ezti dituen ur edo esne pixka batean egosten da tipula. Beste errezeta bat hauxe da: bi kilo tipula eta bi kilo sagar irakiten dira, iragazi, eta goizero hartzen da udazkenean edo udaberrian bronkioak garbitzeko edo hotzeria dagoenean. Beste bat: tipula freskoa uretan eta eztian beratzen da gauean eta hurrengo goizean baraurik salda hori hartzen da. Hotzeria ondo sendatzeko hartualdi hori 8 egunez errepikatu behar da.

Azkenik, hotzeria eta eztula tratatzeko oso errezeta herrikoia eta ezaguna da tipula bat moztea eta gauean ohe ondoan jartzea.

Halaber, sukarra jaisteko tipula egosita eta eztiarekin birrinduta gomendatzen da. Baita tipularen infusioa “odola garbitzeko” ere, eta prostata eta erreuma arazoetarako tipula eta baratxuria, biak batera, errezeta berean.

Pello Iturria Sarasibar

Erreferentziak:

Akerreta S, Calvo MI, Cavero RY. 2013. Sabiduría popular y plantas curativas. Ediciones i.

http://www.fitoterapia.net Allium cepa L.