FERNANDO REMACHAREN SINFONIAZ

 

Fernando Remacharen ‘Sinfonía en tres tiempos’ obraren bi pianotarako transkripzioaren edizio kritiko bat argitaratu du NUPek

Marcos Andrés Vierge NUPeko Musikako katedraduna izan da edizio kritikoaren koordinatzailea, eta Antón Dolgov Vikulov eta Maite León Ruiz pianistak, haren egileak.

 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Fernando Remacha tuterar musikagilearen ‘Sinfonía en tres tiempos’ obraren bi pianorako transkripzioaren edizio kritiko bat argitaratu du. Marcos Andrés Vierge NUPeko Musikako katedraduna izan da edizioaren koordinatzailea, eta Antón Dolgov Vikulov eta Maite León Ruiz pianistak, berriz, haren egileak.

NUPek jardunaldi batzuk antolatu zituen Fernando Remacha musikagile nafarraren jaiotzaren (1898-1984) 125. urteurrena ospatzeko; azaroan egin ziren, Bisitazioko Amen eraikinean. Bada, jardunaldi haietarako enkargua izan da ‘Sinfonía en tres tiempos’ obraren edizio kritikoa. Jardunaldietan, edizio kritikoaren egileek, Antón & Maite duoak, estreinakoz interpretatu zuten sinfonia.

 

‘Sinfonía en tres tiempos’

Fernando Remachak (Tutera, 1898 – Iruñea, 1984) 1925eko udan idatzi zuen ‘Sinfonía en tres tiempos’. Bi pianotarako bertsioa izanen zenaren zirriborro bat idazten hasi zen orkestraren partitura orokorraren eskuizkribuan bertan. Konpas gutxi batzuk idatzitakoan, ordea, obraren transkripzio osoa aparteko partitura batean egitea erabaki zuen.

Partitura konplexua zenez eta ediziorik ez zegoenez, ia mende batez egon zen estreinatu gabe bi pianotarako transkripzioa, 2023ra arte hain zuzen ere. Urte hartan, Antón & Maite pianista duoak oraingo berrikuspen eta edizioa egin zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoko I-COMMUNITAS institutuak mandatua emanda (Institute for Advanced Social Research).

Zehazki, Antón Dolgov Vikulov piano-jotzaileak egin zuen edizioa, eta Maite León Ruiz piano-jotzaileak lagundu zion hura berrikusten eta erabakiak hartzen. “Eskuizkribua transkribatzeko eta haren edizio kritikoa egiteko lan xehea egin zuen bikoteak, musikagilearen lana fidagarritasunez islatzearren”, esan du Marcos Andrés Viergek. Horretarako, bi pianotarako bertsioa erabili zuten batez ere, eta orkestrarako bertsioaren partitura orokorraren eskuizkribura jo zuten zehaztasun faltaren bat edo zalantzaren bat izan zutenean. Bi eskuizkribuak Musikaren eta Arte Eszenikoen Nafarroako Artxiboan daude gordeak.

 

Fernando Remacharen ibilbidea labur-labur

Fernando Remacha Villar konpositore tuterarrak XX. mendearen lehenbiziko erdiko erreferentziazko beste musikagile batzuk izan zituen bidaide, besteak beste Rosa García Ascot, Rodolfo eta Ernesto Halffter anaiak, Salvador Bacarisse eta Gustavo Pittaluga.

NUPek haren izena emana dio areto nagusiari (Fernando Remacha aretoa); izan ere, Marcos Andrés Vierge irakaslearen esanean, “haren musika ondare-memoria funtsezkoa da gure iragan eta orainaldi kulturala ulertzeko”.

 

Argazkia: Argitalpenaren egile Antón Dolgov Vikulov eta Maite León Ruiz hitzaldia ematen, Fernando Remacharen omenez Bisitazioko Amen eraikinean egindako jardunaldietan.