NUPek Eugenio Oria mediku, dibulgatzaile eta NUPeko irakaslea omendu du, 2022an zendua
Francisco Ibáñez eta María José Beriáin NUPeko irakasleek “Nutrición y dietética. De la teoría a la práctica” liburua berrargitaratu eta osatu dute
Apirilaren 10ean Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Eugenio Oria mediku, dibulgatzaile eta NUPeko irakaslea omendu zuen, 2022an zendua. Ekitaldia Osasun Zientzien Fakultateko ekitaldi-aretoan egin zen, eta Nutrición y dietética. De la teoría a la práctica liburua aurkeztu zuten. Omenduak Francisco Ibáñez Moya eta María José Beriáin Apesteguía NUPeko Nutrizio eta Bromatologia arloko irakasleekin batera idatzi zuen liburua duela urte batzuk, eta orain irakasle horiek berrargitaratu eta osatu dute. Ediciones Eunatek eman du argitara.
Omenaldian, liburua aurkezteaz gain, Eugenio Oriaren ibilbidea gogoratu zen haren anaia eta kazetari Julián Oriaren eta haren seme nagusi Martín Oria Cameoren hitzen bidez. Zenduaren abesti kuttuna ere entzun zen, “Like a Rolling Stone”, Bob Dylanek abestua. Javier Fernández Montalvo Osasun Zientzien Fakultateko dekanoak aurkeztu zuen ekitaldia.
Eugenio Oriaren azalpen biografiko laburra
Eugenio José Oria Mundín (Iruñea, 1957-2022) Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu eta doktoratu zen Zaragozako Unibertsitatean, eta Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezialista zen Bordeleko Unibertsitatean. Horrez gain, unibertsitate-diploma lortu zuen ikasketa hauetan: Dietetika eta Elikagaien Higienea (Bordeleko Unibertsitatea), Dietetika, Giza Nutrizioa eta Terapeutika (Nancyko Unibertsitatea) eta Nutrizio Artifiziala (Parisko Unibertsitatea).
Eugenio Oria Dietetika eta Nutrizioko irakasle titularra izan zen Iruñeko Osasun Eskola Tekniko Profesionalean, baita Nutrizioko eta Bromatologiako irakasle elkartua ere NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Sailean, non Erizaintzako etorkizuneko diplomadunei irakatsi baitzien.
Nafarroako Ospitaleko Dietetika eta Nutrizio Klinikoko Unitateko mediku laguntzailearen lanetan aritu zen 1992tik hil zen urtera arte. Eugenio Oria nutrizioaren arloko profesionalek eta pazienteek gehien ezagutzen eta errekonozitzen zuten espezialistetako bat zen. “Dibulgatzaile eta ikertzaile nekaezina, arrasto sakona utzi du artatu zituen lagun guztien bihotzean”, adierazi dute omenaldia bultzatu duten irakasleek. Elikadurari buruzko ehunka hitzaldi, nutrizioari buruzko prestakuntza-ikastaroak eta txosten medikoak egin zituen, bai eta artikuluak idatzi ere zenbait aldizkari zientifikotan.
Argazkia: Omenaldiaren une bat, Osasun Zientzien Fakultatean. Hizlarien mahaian, ezkerretik eskuinera: Juan Carlos Oria omenduaren anaia, psikologo klinikoa eta Zuria adikzio-nahasmenduen eguneko ospitaleko zuzendaria (erretiratua); Javier Fernández Montalvo Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa; eta Francisco Ibáñez Moya eta María José Beriáin Apesteguía NUPeko irakasle eta liburuaren editoreak.