EIZIEk, Iruñeko Udalarekin lankidetzan eta Txalaparta argitaletxearen laguntzaz, MINABERRI itzulpen-beka antolatu du, mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzeko.
Beka jaso ahal izateko, ekainaren 17ra arte, Laurie Halse Anderson idazlearen “Speak” liburuaren laburpen bat aurkeztu behar da, EIZIE elkarteak hautatua. Lanak postaz bidaliko dira, helbide honetara: EIZIE, Zemoria kalea 25, behea, 20013 Donostia; edo posta elektronikoz, idazkaritza@eizie.eus.
Lehiaketaren oinarriak hemen kontsultatu daitezke: https://eizie.eus/es/publicaciones/i-beca-de-traduccion-minaberri
Itzuli beharreko lagina helbide honetan deskargatu ahal izango da: https://eizie.eus/eu/argitalpenak/minaberri_beka/speak_lh_anderson_lagina.pdf
Beka-deialdi horretan parte hartzeko, ekainaren 17ra bitarte, EIZIE elkarteak aukeratutako Laurie Halse Anderson idazlearen Speak liburuaren zati baten itzulpena bidali beharko da. Ezin izanen dute parte hartu euskarazko literatur itzulpen beka, sari edo lehiaketaren batean irabazle izan direnek.
Epaimahai profesional batek jasotako itzulpenak aztertutako ditu, itzulpenen kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza kontuan harturik eta, irabazlea izendatuko du. Irabazleak diru-sariaz gain, literatur itzulpenean eskarmentua duen itzultzaile baten laguntza jasoko du, prozesuak iraun bitartean orientazioa emanen diona. Horretarako, bi orduko sei lan saio eginen dituzte elkarrekin, sariaren parte gisa. Mentoretzak Cedroren laguntza izanen du.
Diru-saria Iruñeko Udalak emanen du lan osoaren itzulpena egiteko. Lehenengo 1.500 euroak bi hilabeteren buruan emanen dira, gehienez ere irabazlea jakinarazi eta hortik antzina, eta beste erdia, mentoreak EIZIEri itzulpen-prozesuari buruzko txostena aurkeztu ondoren.
Epaimahaia itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duten pertsonek osatuko dute. Hala, EIZIE elkarteak izendaturiko ordezkari batek, lana argitaratuko duen Txalaparta argitaletxearen ordezkari batek eta bekarako izendaturiko mentoreak osatuko dute.
Lanak izenorde batekin aurkeztu beharko dira beti, paperean edo posta elektronikoz. Paperezko formatua aukeratzen dutenek itzulitako testua bidali beharko dute, izenordearekin sinatuta eta datu pertsonalak jasotzen dituen gutun-azal itxi batekin batera. Lanak EIZIEren egoitzara bidali beharko dira: Zemoria k. 25, behea. 20013, Donostia. Posta elektronikoz bidaltzen dutenek, bi agiri erantsi beharko dituzte. Batean, itzulpen-lana izenordearekin sinatuta eta bestean, egilearen datu pertsonalak. Kasu horretan, lanak idazkaritza@eizie.eus helbidean jasoko dira, gaian “Minaberri itzulpen-beka” adierazita.
Urtero lan baten itzulpena
Minaberri bekak urtero lan bat itzultzea aurreikusten du. Lehenengo edizio honetan, Laurie Halse Andersonen Speak lana izanen da, eta itzulpena 2025eko ekaineko 23a baino lehen prest egon beharko du. Itzulpena Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du, aurrez eskubideak eskuratuta, eta hori egiteko epemuga 2025eko abendua izanen da. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Minaberri beka, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza, argitaletxearekiko itzulpen-kontratu bidez bermatua egonen baita. Beka eskuratzen duenak liburuaren aurkezpenean parte hartuko du, argitaratzen denean.
Beka horren bidez, EIZIE elkarteak itzulpengintza sustatzearen, prestakuntza profesionala eskaintzearen eta itzulpenen kalitatea zaintzearen aldeko apustua egiten du, bai eta irakurzaletasuna ere sustatzearen aldekoa ere. Hori dela eta, itzultzeko lanak hautatzeko urtero nazioartean osperik handiena duten haur eta gazte literatur lehiaketak hartuko dira kontuan: Hans Christian Andersen eta Astrid Lindgren sariak. Urtero eratuko den hautapen-batzordeak bi lehiaketetan saritutako egileen lanak aztertuko ditu eta beka-deialdirako gazte literaturako lan egokiena aukeratuko du.
Kulturaren eta letren mundua aintzat harturik eta genero berdintasunaren ikuspegitik, Marijane Minaberri idazle behenafarraren omenez hartu du «Minaberri» izena itzulpen-bekak. Ibilbide luze eta oparoa izan zuen idazleak: haur eta gazte literaturan jardun zuen batik bat, eta itzulpena, poesia eta antzerkia ere jorratu zituen.