Egun hotz samar batean, goizean, gosaldu ondoren, Frantzisko Xabierkoa aritu omen zen parrokiara eraman gintuzten hango antolatzaileek. Parrokoa bizkaitarra zen, euskara asko ez baldin bazekien ere.
Une jakin batean, Frantzisko Xabierkoari buruz zegoen erakusketa edo museo txiki baten tankerako bat, ikustera gonbidatu gintuzten. Margolanak eta beste gauzaki batzuk ikusten ari ginen bitartean, gutako pertsona bat baino gehiago, eta, behin baino gehiagotan, gainera, nire aurrean jartzen ziren, beraiek, erakusketa hura hobeki ikusteko-edo, baina, era hartan, jakina, nik ezin nuen gauza handirik ikusi. Antza denez, pertsona haiek ez ziren ohartzen gertatzen ari zenaz, harik eta hango gidak eskatu zien arte, niri leku egiteko, hobeki ikusi ahal nezan; ni, bitartean, inoren lotsa eta dena sentitzen ari nintzen. Eta lotsagarriagoa izan zen, gainera, haietako bi pertsona, gutxienez, Iruñeko Udaleko oposizioko bi kide zirelako, eta, suposatzen da, haiek, printzipioz behinik behin, sentsibilizatuagoak egon beharko zutela gai honekin, baina ez, han bederen, ez zuten inola ere sentiberatasun handirik erakutsi.
Eta gertakari adierazgarri hura alde batera utzita, erakusketa ikusten jarraitu genuen. Gidariak, halako batean, zera esan zigun: <Begira ezazue, margolan honetan agertzen den gizona, Frantzisko Xabierkoaren anaia da, Nafarroako Erresumaren independentziaren aldeko borrokan>. UPNko eta CDNko zinegotzi guztiak mutu gelditu ziren, deus ere interesgarririk entzun ez balute bezala. Baina, hango gidak bere azalpenak ematen jarraitu zuen, eta, une jakin batean, beste margo edo irudi baten aurrean ere, hauxe azaldu zigun: <Irudi honek adierazten du Frantzisko Xabierkoa hilzorian zegoenean. Berarekin zeudenek, kontatu omen zuten, hil baino lehen, hitz ezezagun batzuk esan zituela, hango inork ulertu ez zituenak, eta, handik ondorioztatu omen zuten, hitz haiek bere ama hizkuntzaz esanak izanen zirela, hau da, euskaraz>. UPNko eta CDNko ordezkariek, berriz ere entzun behar izan zuten inola ere aditu nahi ez zuten zerbait, madarikazio gaiztoren batek jazarpena eginen balie bezala, eta, berriro ere, isil-isilik gelditu ondoren, gora eta behera begiratu zuten, disimulatu nahian, erdi txistuka, han deus garrantzitsurik entzun ez balitz bezala, baina, ez, denok oso-oso ongi ulertu baikenuen gida hark esan nahi izan zuena, alegia, Frantzisko Xabierkoa euskalduna zela, eta, gainera, bera jaio zenean, Nafarroa Garaia oraindik konkistatu gabe zegoela.
Bukatzeko, azken azalpena: gorago kontatu dut, nola museoan ari ginen bitartean, pertsona bat baino gehiago jartzen zitzaidan aurrean, esplikazioak ematen zizkiguten bitartean, eta, ondorioz, nola ezin nuen ongi ikusi erakusten ari zirena. Bueno, ba, irakurle, ez ezazu pentsa hura izan zela lehen aldia antzeko zerbait gertatu zitzaidana!; ez, ez! Ezta pentsatu ere! Inola ere ez! Iruñean bertan ere, makina bat aldiz pasatu zitzaidan antzeko zeozer, batez ere argazkilariak eta kamerariak tartean zebiltzanean. Bai, nabarmena eta harrigarria da pertsona batzuen harrokeria argazkietan eta pantailetan agertzeagatik, eta, nola daukaten joera, gainerako pertsona guztien aurrean jarri eta beren muturtxo polita pantailaratu edota prentsan dotore-dotore ager dadin! Nik uste dut, horrek erakusten duela, neurri handi batean, behinik behin, pertsonen gizatasunaren maila. Halakoetan, nik behintzat inoren lotsa gogotik sumatzen nuen.