Europako sari bat eman diote NUPen defendatu den telekomunikazio-ingeniaritzako doktoretza-tesi bati
Dayan Pérez Quintanak eskuratu du azken bi urteetan Kontinente Zaharreko unibertsitateetan egin den Antenei eta Hedapenari buruzko doktoretza hoberenaren Per-Simon Kildal saria
Dayan Pérez Quintana Telekomunikazio Ingeniaritzako doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta Antenei eta Hedapenari buruzko doktoretza hoberenaren Per-Simon Kildal saria jaso du. Europako Antena eta Hedapen Elkarteak eman dio saria (EurAAP, ingelesezko sigletan). Saria Per-Simon Kildal (1951-2016) suediar irakaslearen omenez sortu zen, eta 2022 eta 2023 bitartean Europako unibertsitateetan gai horri buruz defendatu zen doktoretza-tesi hoberena saritzen du. Miguel Beruete Díaz eta Íñigo Ederra Urzainqui Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileek zuzendutako doktoretza-tesiak metalezko egituren garapenean sakontzen du uhin milimetrikoetan edo oso maiztasun altuko uhinetan jarduten duten gailuen erradiazio-propietateak hobetzeko.
Sari honen helburu nagusia da Kildal irakaslearen ondarea bizirik mantentzea eta ikertzaile gazteen lana sustatzea antenen eta hedapenaren arloetan. Kidal irakaslea antena-sistemetan aditua zen Chalmers Unibertsitate Teknologikoan (Goteborg, Suedia). Saridunak Kildal familiak emandako 750 euroko saria eta plaka bat jasoko ditu.
Banda-zabalera handiaren erronka teknologikoa
Dayan Pérez Quintanaren tesiaren izenburua “Diseño de antenas basado en metasuperficies en ondas milimétricas y de terahercios”[1] da, eta erronka teknologiko berritzaile bat du oinarri, hots, errendimendu handiko antena konpaktuak garatzea, bai eta aplikazioetarako egitura metamaterialak ere, irabazi eta banda-zabalera handikoak, aplikazio berriek ezarritako eskaeren arabera, hala nola 5G, 6G eta Gauzen Internet (IoT). Haren lanaren funtsezko ekarpenetako bat da antena konpaktuak diseinatzea eten-uhinen gidariaren teknologia erabiliz (RGW, ingelesezko sigletan). Puntako ikerketa-arlo bat da uhin milimetrikoen eta terahertzen alorrean.
NUPen doktoretza eskuratu aurretik (2022), Dayan Pérez Quintanak (Kuba, 1991) Telekomunikazio Ingeniaritzako titulua lortu zuen 2015ean Habanako Unibertsitate Teknologikoan (Kuba). Egun, doktoretza ondoko ikertzaile lanetan dihardu Sienako Unibertsitatean (Italia).
Dayan Pérez Quintanak beste sari batzuk jaso ditu bere ikerketa-lanagatik. Hala, 2022an, “Zientzialari Gaztearen Saria” lortu zuen Kanaria Handian egindako irrati atlantikoaren bilkura zientifikoan (URSI), eta 2020an poster hoberenen lehiaketan hirugarren saria lortu zuen Metamaterialen eta Nanofotonikaren Nazioarteko V. Konferentzian, zeina Georgian (Estatu Batuetan) egin baitzen, online.
Argazkia: Dayan Pérez Quintana, Telekomunikazio Ingeniaritzako doktorea NUPen.
[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/actualidad/contents/noticias/2023/02/17/investiga-en-su-tesis-doctoral-c.html