TXEMA ARINAS: “ASPERRA”

 

“Ikusten dut nire burua arineketan gure amaren eskutik oratuta, eskolara bidean. Etxetik berandu irten gara, ohi bezala. Baina, ez da harritzekoa, amak dena bere gain hartzen baitu, sukaldeko lana zein ni atondu beharra, kalera dotore eta prest irtetearren. Gure aita, ordea, lantoki aldera ihes eginda dago duela ordubete edo.

Egunean baino egunean aztoratuago iristen naiz eskolara, gehienetan arnasestuka eta maiz ere narrasean amaren eskutik ozta-ozta. Ez dut batere atsegin eskola. Egia esan gorroto bizia diot eskolari bertan egunetik egunera topatzen dudan hainbat irakasleri hain zuzen. Bai, Txusma izengoitiko irakasleaz ari naiz, pairatu behar ditudan irakasle zakar eta larrusendo guztien artean egiazko basapiztia, sasiko galanta, nire aitak usu esan bezala, bere nagusia hizpidera ekarrita. Beldurrak nago betiere haren eskoletan. Mate eta Natura irakaslea dugu Ikasgai gogorrak, bai, agian gehiegi, ni bezalako umemoko batentzat, natura eta marrazketa gurago ditudan aldetik.

Txusmak ikasleok jotzen gaitu etengabe eta eskuaz zein erregelaz, balizko okerrak edo hanka-sartzeak aitzakia beti. Hala eta guztiz, ez naiz ni Txusmak gehien jipoitzen duen ikaslea. Izan ere, badira nire ikasgelan Mate edo Fisika gaietan arrats dorpeagoak diren beste haur batzuk, hilero hiru suspentsotik gora ateratzen dituztenak, horiexek izaten dira Txusmaren egur gehiena jasotzen dutenak, erregelaren bidez zein maiz ere zartakoka. Besteak beste, Olarte kakanarruak, notarik kaskarrenak ateratzen dituen koitadua, hainbeste egur jasotzen du Txusmaren bitartez ezen Arotza eta guztiz esaten baitiogu, doi-doi barre zantzoka.

Inoiz ezin gara fio irakasleak bere biktimari ezustean jaregin, gugana betozkoa jarrita jiratu eta bere erregela aluarekin ala eskuarra zabal-zabalik eta txora-txora eginda gainerakoei nahi beste egur ez ote dien emango. Behin batean ordea, Olartek auskalo zertan huts egin zuen, arbeleko eragiketa baten aurrean berari adar joka ari zen Txusma gorrotagarria bere ustez gure ikaskide asturugaitzaren ohiko ezgaitasunaren kontura. Agidanez, egun hartan ere Txusmak ez zuen aski Olarte denon artean hitzez lotsaraztearekin eta kokoteko bat eman zion. Orduan, Olartek ezin zuen gehiago pairatu eta bera ere hain kakanarru eta guzti izanda ere, irakasle ñarro herragarriari oldartu zitzaion ukabilka. Gu denok aho bete hortz geratu ginen. Olarte ikastetxetik bota zuten hilabetez, noski. Arotza kankailua bezain ausarta omen da”.