José Antonio Mendizabal NUPeko katedraduna, Albaitaritzako Zientzien Akademiako akademikoa
ISFOOD Institutuko ikertzailea ere bada, eta hegaztizaintzaren historiari buruz hitz egin zuen akademiko berri gisa emandako hitzaldian
José Antonio Mendizabal Aizpuru Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Animalia Ekoizpeneko katedradunak eta ISFOOD ikerketa-institutuari[1] atxikitako ikertzaileak Albaitaritzako Zientzien Akademiako akademiko-postuaren jabetza hartu du berriki. Akademiaren osoko bilkurak Mendizabal akademiko bihurtzearen aldeko erabakia hartu zuen joan den urtean. Sarrera-hitzaldia erakunde horrek Madrilen duen egoitzan eman zuen, eta hegaztizaintzaren historiari buruz hitz egin zuen.
Zehazki, Mendizabalek diziplina horren errepaso historikoa egin zuen: antzinaroan oiloak etxekotu eta haztea, hegaztizaintza produktiboaren hastapenak (XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen lehen herena) eta 60ko hamarkadatik aurrera hegaztizaintzaren garapenaren hasiera. Laburpen gisa, egungo hegaztizaintza jorratu zuen zenbait alderdi aipatuz, hala nola hegaztien ongizatea, biodibertsitatea, jasangarritasuna eta “one health” kontzeptua (osasun ezin hobea pertsonentzat, animalientzat eta ingurumenarentzat).
Haren hitzaldiak “Hegaztizaintza eta Albaitaritzako Zientziak. Topaketen eta aurrerapenen historia bat” zuen izenburua, eta “albaitariek egunez egun, isilik eta atsedenik gabe egiten duten lanari justizia egiten eta ikusarazten” lagundu nahi izan zuen.
Ekitaldiaren protokoloa
Arturo Anadón Navarro Albaitaritzako Zientzien Akademiako presidentea izan zen sarrera-ekitaldiaren burua, eta lagun izan zituen Isabel Casasús Pueyo Animalia Zientziaren Europako Federazioko presidentea, María Cinta Mañé Seró Akademiako kide osoa eta bosgarren sekzioko presidentea, Salvio Jiménez Pérez presidenteordea eta Miguel Ángel Aparicio Tovar idazkari nagusia.
Albaitaritzako Zientzien Akademiako protokoloaren [2] arabera, José Manuel Etxaniz Makazaga akademiako kide osoak erakundeko kide berria aurkeztu zuen. Jarraian, idazkari nagusiak zina hartu zion José Antonio Mendizabali, eta Mendizabalek egiaztagiria sinatu zuen. Azkenik, presidenteak, errearen izenean, dagokion domina eman zion eta akademikoa dela egiaztatzen duen dokumentua eman eta bosgarren sekzioa esleitu zion (Historia, Deontologia, Bioetika eta Legeak, eta Humanitateak), eta han eginen du lan.
José Antonio Mendizabal Albaitaritzako Zientzien Akademiako kide izateko aukeratu zuten albaitaritzaren historiarekiko interesagatik eta bere jardueragatik, ikasle garaian hasi baitzen. Bere ikerketen artikuluak argitaratu ditu “Anales de la Real Academia de Ciencias Veterinarias” argitalpenean eta “Información Veterinaria”, “Archivos de Zootecnia” eta “Arte Avícola” aldizkarietan, eta albaitari ospetsuei buruzko hiru erreseina ditu eginak “Diccionario Biográfico” libururako (Historiaren Akademiak argitaratua). Albaitaritzako Zientzien Akademiak Andrés Pintaluba V. Saria, Carlos Luis Cuenca Saria (2017) eta Albaitaritzaren Historiaren Adiskideen I. Saria (2020) eman zizkion.
Irakaskuntzako eta kudeaketako jarduera
José Antonio Mendizabal, Albaitzaritzan lizentziaduna eta doktorea Zaragozako Unibertsitatean, NUPeko Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIBGMET) sartu zen 1990ean, Animalia Ekoizpeneko irakasle moduan, eta 2019tik arlo horretako katedraduna da. Irakasle gisa, animalia ekoizpenaren arloko zenbait irakasgai eman ditu, hala nola: Animalien Biosegurtasuna eta Ongizatea, Elikadura eta Errazionamendua, Animalien Ugalketa eta Animalia Ekoizpena. Ikertzaile gisa, hauek izan ditu aztergai: animaliak hil eta tripak eta erraiak kendu ondoren gelditzen den karkasaren (kanalaren) eta haragiaren kalitatea eta ehun koipetsuaren garapena eta metabolismoa.
Bere ikerketa-lanaren zati bat Clermont Ferrandeko (Frantzia) INRAE zentroan egin zuen, bertan doktoratu ondoko egonaldi bat egin baitzuen 1996-1997 urteetan. Azkenik, unibertsitateko kudeaketan honako hauetan aritu izan da: Nekazaritza Ekoizpeneko Saileko idazkari akademiko, zuzendariorde eta zuzendari moduan, doktoretzako zenbait programatako koordinazioan eta “Haragi ekoizpena: biodibertsitatea eta jasangarritasuna” ekintza-taldearen koordinazioan. Talde hori Lleidako Unibertsitateko, Zaragozako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek osatzen dute.
Albaitaritzako Zientzien Akademiaren lana
Albaitaritzako Zientzien Akademiaren estatutuek adierazten dutenez, albaitariaren eskumenak gauzatzen diren jarduera historiko, zientifiko eta teknikoak, juridikoak eta etikoak dira haren lanaren xedea, bereziki abere-ekoizpenei, animalien osasunari eta horrek gizakien osasunarekin eta ingurumenarekin duen harremanari dagozkienak. Testuinguru horretan, Akademiak “zientzien aurrerapena zabaltzen eta albaitaritza-jardueretan eragina duten teknikak fintzen laguntzen du, bai eta albaitaritza-zientzien eta osasun-zientzien, zientzia esperimentalen eta gizarte zientzien gainerako arloen arteko harreman zientifikoak eta teknikoak garatzen ere”.
Argazkia:
José Antonio Mendizabal, Albaitaritzako Zientzien Akademian sartzeko hitzaldia irakurtzen.
[1] https://www.unavarra.es/sites/research-institutes/isfood.html