AUZO LOTSA 61 LAUGARREN URTEKO TXUPINAZOA

Garai hartan, 2006an, Iruñeko Udalean irizpide bat erabiltzen zuten txupinazoa botatzeko. Inon ez omen zegoen idatzita, baina noizbait, norbait halaxe hasi omen zen praktikan jartzen, eta, era hartan iraun zuen luzaroan. Ohitura honako hauxe zen, alegia, azken hauteskundeetan ateratako boto kopuruaren arabera, erabakitzen zuten nork piztuko zuen txupinazoaren metxa, hau da, lehenengo sanferminetan, talde politiko irabazleak piztuko zuen, bigarren sanferminetan, hurrengo talde politikoak, eta, horrela, hurrenez hurren, handienetik txikienetara.

Aralar talde politikoa, 2003ko hauteskundeetan, laugarren postuan gelditu zen Iruñeko Udalean botoen arabera, beraz, 2006. urtean, talde honi zegokion txupinazoa botatzea, hamarkada haietako ohiturari jarraituz gero, baina, hara non, bat-batean, CDN alderdi politikoko Ignacio Perez Cabañas jaun setatiari, burezurrean sartu zitzaion, urte hartan, berak piztu behar zuela ditxosozko metxa preziatua, ohitura hura hautsita eta bera inortxok ere proposatu gabe. Perez Cabañasek bere alde argudiatzen zuen, alde batetik, bera kultura zinegotzia zela, eta, bestetik, bere alderdia udal gobernuarekin koalizioan zegoela.

Gainerako udal talde gehienen artean, berehalaxe sortu ziren egonezinak, kexak, zalapartak eta protestak, baina kontua da, Ignacio Perez Cabañasi gogotik gustatzen zitzaizkiola protagonismoa eta ohoreak, eta, berriz ere, oso nabarmen gelditu zen herritar guztien aurrean, entzierroaren monumentuarenarekin geratu zen bezalaxe. Bera kultura zinegotzia izanik, nonbait, esan liteke, berari zegokiola monumentu haren enkargua eta izapide guztiak egitea. Gauzak hala, zer bururatuko, eta, ez bat eta ez bi, ez omen zitzaion ideia hobeagorik otu, bere burua ere monumentu hartan agertzea baino, alegia, oroitarrian, printzipioz behintzat, lasterkari anonimoek baino ez zuten agertu behar, baina  bere ego harroak, nonbait, bere burua erakustera ere eraman zuen. Jendea konturatu bezain azkar, protestatzen eta kritika zorrotzak egiten hasi zen haren aurka, halako moduan, non berehalaxe atzera egin behar izan baitzuen.

Hala eta guztiz ere, beste gaian, hots, txupinazoa botatzekoarenean, berdin-berdin jarraitu zuen: tenkor eta burugogor, berak bota behar zuela eta berak bota behar zuela, nahiz eta ordura arteko usadioaren arabera, inondik inora ere ez zegokion berari, baina ohore guztiak berarentzat nahi zituenez gero, ba, ikuspuntu horretatik begiratuta behinik behin, oso logikoa eta koherentea zen bere jarrera.

Gauzak hala zeudela, egun batean, udal gobernuak proposatu zigun joatea Iruñeko Niza izeneko tabernara, Gaiarre antzokira itsatsita dagoen hartara, udalak bultzatutako berrikuntza lan batzuk egin zituztelako, eta, besteak beste, jarritako jasogailu bat nola zebilen ikustera. Azken hau, jakina, mugitzeko gaitasuna mugatua duten pertsonen ibilketa erraztekoa zen; goiz hartan neroni igo nintzen jasogailu berri hartan, gurpil aulkian sartuta, eta, bertan zeuden eskailerak saihestu eta gainditzeko.

Dena ikusi eta aztertu ondoren, otamen txiki bat atera ziguten, mokadu batzuk hartzeko, edari pixka batekin lagunduta, eta, besteak beste, Ignacio Perez Cabañas zinegotzi xelebrea ere hantxe zebilen, gure artean, pozik eta alai, baina, halako batean, bere eskuko telefonoa dei bat jasotzen hasi zen. Ni ohartu eta begiratu egin nion; berehalaxe ikusi nuen nola bere aurpegiak, bat-batean, egin zuen egundoko aldaketa, alegia, bere irribarre baikorra, segituan, haserre mikatz eta mingots bihurtu baitzen, eta gainera, berehalaxe egin zuen hanka handik, modu baldarrean, gaizki esaka eta oso amorratuta.

Gutariko inork ez zekien zer gertatu zitzaion, eta, hortaz, gainerako guztiok hantxe gelditu ginen harrituta, zain, adi-adi eta hipotesi bat edo beste egiten.

Baina, handik gutxira, zioa publiko egin zen eta denok jakin ahal izan genuen, une hartan bertan, bere alderdi politikoaren nagusia zen Juan Cruz Alli Aranguren jaunak, duintasun etiko eta gizalegezkoarengatik, ezeztatu egin zuela Perez Cabañasen asmoa, hau da, urte hartako sanferminetako txupinazoa botatzekoarena, eta, handik etorri omen zitzaizkion Ignacio Perez Cabañas jaun tristeari, kasketaldi eta amorrualdi guztiak.