ZABALIK JADA PUNTO DE VISTA 19. JAIALDIAREN SEKZIO OFIZIALERA FILMAK INSKRIBATZEKO EPEA

Datorren irailaren 9an amaituko da Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdirako film hautagaiak aurkezteko epea.

Punto de Vista Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuak sustatu eta NICDOk antolatutako jaialdiak Sail Ofizialera filmak aurkezteko deialdia ireki du. Hemeretzigarren edizioa, azkena Manuel Asin Zuzendaritza Artistikoaren buru dela, Iruñean ospatuko da 2025eko otsailaren 24tik martxoaren 1era.

2022ko abuztuaren 2etik aurrera egindako film dokumentalek har dezakete parte Punto de Vistaren sail ofizialean, edozein nazionalitatekoak izanik ere. Ez dira onartuko ez fikziozko filmak, ez instituzionalak edo publizitatekoak, ezta erreportajeak edo zeharo kazetaritza-izaera duten lanak ere. Ez dago mugaketarik gaiei, iraupenari eta jatorrizko hizkuntzari dagokienez.

2024ko irailaren 9an amaituko da filmak inskribatzeko epea. Izen-emateak 5 euroko prezioa du, eta jaialdiaren webgunearen bidez egin behar da, filma inskribatzeko formularioa beteta

Hautaketa-batzordea

2025eko Punto de Vista Sail Ofizialeko hautaketa-batzordea Manuel Asínek berak eta zinema dokumentalaren arloko adituek osatuko dute. 

Berrikuntza gisa, Anna Brufauk, Lucía Salasek eta Pablo García Cangak osatutako taldeari batuko zaio Frédérique Monblanc zinemagilea, Parisko Courts Devant jaialdiaren bazkide sortzailea eta ondare zinematografikoaren zaharberritze, balorizazio eta zabalkundean aditua. Gainera,  Frantziako eta Espainiako artxiboetan aritua da.

Batzordeak datorren abenduan emango du hautatutako filmen berri. Bere egitekoa lanak hautatzea izango da, jaialdiaren oinarri diren kalitate- eta sormen-ildoen eta ideien arabera:

  • Punto de Vistaren ustez, dokumentala elkargune bat da.

  • Punto de Vista hainbat mailatan elkarrizketak sortzeko gunea da, hausnarketara eta ezagutzara bideratua.

  • Punto de Vistak arreta berezia eskaintzen die beren lana proposamen arriskutsu eta bilatzaile bihurtzen duten zinemagileei eta artistei.

  • Punto de Vistak filmek bertan parte hartzen duten pertsonekin eta ikusleekin duten konpromiso etikoa baloratzen du. 

  • Punto de Vista sail ofizialak errealitatearen ezagutza eta adierazpen independentea sustatzen ditu.

  • Punto de Vista zinema dokumentalaren ospakizun bat da.

Epaimahaia eta saria

Datozen hilabeteetan nazioarteko epaimahai bat izendatuko da sektoreko aditu eta profesionalekin. Punto de Vista 2025 Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren amaiera-ekitaldian emango du aditzera epaitza.

Epaimahaiak sari ofizialak erabakiko ditu:

  • Film onenari Punto de Vista sari nagusia, 10.000 eurokoa. Epaimahaiak bere ustez sail ofizialaren film onena izandakoa proposatuko du, modu arrazoituan, iraupena eta nazionalitatea edozein izanik ere.

  • Zuzendaritza onenari Jean Vigo saria, 5.000 eurokoa. Sariak Jean Vigoren figura ohoratu nahi du, eta haren lana adierazten duten balio etiko eta formalak hobekien islatzen dituen sail ofizialeko filma proposatuko du, modu arrazoituan, sarirako.

  • Film labur onenari saria, 3.000 eurokoa. 35 minutuko edo gutxiagoko film onena proposatuko da sarirako.

  • Aipamen bereziak: Epaimahaiak bi aipamen berezi, gehienez, egin ditzake, sari ekonomikorik gabe biak.

Gainera, honako sari berezi hauek ezartzen dira:

  • Publikoaren Sari Berezia, 1.650 eurokoa.

  • Gazteen Saria, 1.500 eurokoa.

Horrela, Punto de Vistaren edizio berri bat jarriko da abian, aurten ere sorkuntza zinematografiko dokumentalerako erpin bat izan nahi duena. Zinemagileen eta ikusleen arteko topaketa honek, aurreko edizioan bezala, lurralde eta gai mugarik gabe zinema dokumentalaren bidez errealitatea ulertzeko modu berritzailea aurkezten duten ikus-entzunezko produktuetan jarriko du arreta.