NUPeko doktoretzako bi ikasle osasunean aplikatutako adimen artifizialari buruzko prestakuntzan sakontzen ari dira Erresuma Batuan
Essexeko Unibertsitateak Iosu Rodríguez eta Asier Urío hartu ditu hiru hilabeterako, zeinak Industria Zientzietako eta Teknologietako programa ari baitira egiten
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria Zientzietako eta Teknologietako doktoretza-programako (NUP) bi ikasle hiru hilabeteko ikerketa-egonaldia ari dira egiten Essexeko Unibertsitatean (Erresuma Batua), osasunean aplikatutako adimen artifizialari buruzko prestakuntzan sakontzeko. Iosu Rodríguez Martínez eta Asier Urío Larrea Javier Andreu-Pérez Malagan jaiotako ikertzaile britainiarrarekin ari dira lanean. Andreu-Pérez unibertsitate ingeleseko Adimen Konputazionalerako Zentroko Smart Health Technologies taldeko zuzendaria da. Essexeko Unibertsitatea herrialdeko unibertsitate garrantzitsuenetako bat da konputazioaren zientzien arloan, eta Andreu-Pérez gizakian oinarritutako adimen artifizialeko irakaslea ere bada unibertsitate horretan
NUPeko bi ikasleak Adimen Artifiziala eta Arrazoinamendu Hurbildua ikerketa taldekoak dira (GIARA), eta Javier Andreu-Pérezen[1] tutoretza eskatu dute; izan ere, haien ikerketa-lerroetako batek zerikusia baitu “smart-health” sistemei aplikatutako logika lausoarekin. Sistema horien artean daude osasun zerbitzuetan erabilitako teknologia aurreratuak (hala nola, adimen artifiziala, gauzen internet edo “big data”).
Anbiguotasuna eta zehaztasunik eza maneiatzea
Logika lausoa informazioa prozesatzeko modu bat da, gizakiaren arrazoinamenduarekin ordenagailu tradizionalen arrazoinamendu bitar tipikoarekin baino antzekotasun handiagoa duen arrazoinamendu hurbildura jotzea ahalbidetzen duena, ordenagailu tradizionalenak ezin baititu maneiatu anbiguotasuna edo zehaztugabetasuna. Esaterako, pazienteen diabetes-arriskua ebaluatzeko sistema batean, logika lausoa ez da mugatzen glukosa mailetarako kategoria zorrotzetara. Horien ordez, beste orokorrago batzuk sortzen ditu, hala nola “glukosa baxua”, “ertaina”, eta “altua”, egoera horien arteko mailakako trantsizioekin.
“Gure lana lerro horretan kokatzen da, adimen artifizial esplikagarriko sistemak lantzea du xede, hau da, sistema batzuk ahalbidetzen dutenak ezagutzea nola hartu den erabaki jakin bat (beste sistema batzuek ez dute informazio hori eskaintzen), eta ezaugarri hori asko baloratzen da, batez ere osasunera bideratutako sistemetan”, esan du Asier Urío Smart Cities Institutuko (ISC)[2] ikertzaileak.
Iosu Rodríguez eta Asier Urío Javier Fumanal Idocinekin batera daude Essexeko Unibertsitatean. Idocín NUPeko doktorea da adimen artifizialari buruzko tesi batekin, eta beste bien ikerketa-taldeko kide ohia. Doktoretza ondoko egonaldia egiten ari da Britainia Handiko unibertsitatean Yufe4Postdocs laguntzari esker, hots, Europar Batasuneko Marie Sklodowska-Curie programak beste batzuekin batera finantzatutako prestakuntza-programa bat.
Argazkia:
Ezkerretik eskuinera: Iosu Rodríguez, Asier Urío eta Javier Fumanal, Essexeko Unibertsitatean (Ingalaterra).
[1] https://www.essex.ac.uk/people/ANDRE09407/Javier-Andreu-Perez
[2] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/isc.html