NUPek mugaz gaindiko proiektu europar bat koordinatzen du ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriak diren mahastiak lortzeko
Ekimenak Pirinioen bi aldeetako zazpi bazkide ditu, eta Vitis Navarra eta Viticultura Viva Foru Komunitateko enpresek parte hartzen dute
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) mahastizaintza erresilienteari buruzko mugaz gaindiko proiektu europar bat koordinatzen du, eta haren helburua da mahatsondo-landareen ekoizpen-prozesuak hobetzea, efizientzia produktiboa eta jasangarritasuna hobetuz. Ekimenak 1,78 milioi euroko aurrekontua du, partez Europar Batasunak finantzatua, eta hiru urteko iraupena. Pirinioen bi aldeetako zazpi erakunde publiko eta enpresa biltzen ditu. Foru Komunitatean, Vitis Navarra (Larraga) eta Viticultura Viva (San Martin Unx) enpresek ere parte hartzen dute.
Proiektuak “Mahastizaintza erresilientea POCTEFA lurraldean” (VITRES) du izenburua, eta mahastiak diseinatzeko eta maneiatzeko praktikak ebaluatuko ditu, mahastiak erresilienteago bihurtuko dituztenak, eta I+G-ko emaitzak mahastizaintzaren eta ardogintzaren arlora transferituko ditu. 1,78 milioi euroko aurrekontua Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatzen du % 65ean, Interreg VI-A programaren bidez (POCTEFA 2021-2027), eta 36 hilabeteko iraupena izanen du. POCTEFAren helburua da mugaldeko eskualdeen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea. Zehazki, haren laguntzari esker mugaz gaindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenekoak garatzen dira lurraldearen garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bidez.
Proiektuaren partzuergoa honako hauek osatzen dute:Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumenerako Ikerketako Institutua (INRAE, frantsesez), Bordelen duen egoitzan; Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganbera eta Ekialdeko Pirinioetako Nekazaritza Ganbera; eta Mahatsondoaren eta Ardoaren Zientzien Institutua – Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilua (ICVV-CSIC) eta hiru bazkide nafarrak (NUP, Vitis Navarra eta Viticultura Viva). Erakunde akademikoaren aldetik, Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak taldeko hiru ikertzaile dira lanen buru: Gonzaga Santesteban García, Nazareth Torres Molina eta Mónica Galar Martínez; Vitis Navarraren aldetik, Rafael García García, bazkide eta zuzendaria, Javier Eraso Zabalegui, I+D-ko arduraduna eta Ana Villa Llop; eta Viticultura Vivaren aldetik, Julián Palacios Muruzábal jabea eta zuzendari teknikoa. Zazpi lagun horietatik seik Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIBGMET) ikasi dute.
Txertaketa eta inausketa, proiektuaren giltzarri
“VITRES aukera bat da gure mahastiak ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarriak izan daitezen lagunduko duten hazkuntza-praktiken ezagutzan eta haiekiko konpromisoan sakontzeko —azaldu du proiektuaren koordinatzaile, NUPeko Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Saileko katedradun eta IMAB Institutuko ikertzaile Gonzaga Santestebanek—. Bazkide guztien esperientziarekin eta lankidetzarekin, mahatsondoaren eroapen sistemaren txertaketa, inausketa eta aukeraketarekin lotutako zenbait alderdi ikasten jarraituko dugu, mahatsondo-hazkuntzaren egungo eta etorkizuneko eskakizunetara egokitzeko.
Proiektuaren hasierako bilera berriki egin zen Pirinio Atlantikoetako Nekazaritza Ganberak Pauen duen egoitzan (Frantzia), eta erakunde bazkideak lanean aritu ziren proiektuaren esparrua zedarritzeko, rolak zehazteko eta datozen urteetarako helburuak ezartzeko. Mahastiak txertatu eta inausteko estrategia berritzaileei buruz eztabaidatu zuten, giltzarri baitira mahastien kudeaketan erresilientzia eta jasangarritasuna sustatzeko.
Proiektuak irauten duen denboran, bazkideek zenbait jardueratan parte hartuko dute, diziplina anitzeko saiakerak abian jartzea, argitalpen zientifiko-teknikoak eta multimedia-materialak prestatzea barne, bai eta Pirinioen bi aldeetako mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreei zuzendutako mintegiak antolatzea ere.
Argazkia:
Ezkerretik eskuinera: Julián Palacios, Gonzaga Santesteban eta Rafael García NUPeko Nekazaritzako ingeniari egresatuak, Nafarroako hiru erakundeen izenean, batera NIBGMETeko praktiketarako etxaldean egindako proiektuaren saiakuntzetako batean.