TASIO 1984-2024

 

Euskadiko Filmategiak zaharberritutako Tasio filma (Montxo Armendáriz, 1984) hautatu du Il Cinema Ritrovatok, Boloniako zinema klasikoaren jaialdiak

 

  

 

 

  

Zuzendari nafarraren film luzea maiatzean proiektatu zen Cannesko zinema-jaialdian eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak saila zabalduko du irailean, bertan estreinatu baitzen duela 40 urte

 

 

Euskadiko Filmategiak L’immagine Ritrovata laborategietan (Cineteca di Bologna) zaharberritu duen Tasio filma (Montxo Armendariz, 1984) Il Cinema Ritrovato zinema-jaialdian hautatu dute. Ekainaren 22tik 30era Bolonian antolatu duten ekitaldia nazioarteko zinema klasikoko hitzordu garrantzitsuenetako bat da. Euskal zinemagintzaren funtsezko lan hori Cannesko zinema-jaialdian proiektatu zen maiatzean, eta kopia hori bera izango da 4Kn irailean Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Klasikoak saila zabalduko duena, jaialdi horretan estreinatu baitzen duela 40 urte.

Boloniako Il Cinema Ritrovato zinema klasikoko munduko jaialdirik garrantzitsuenetako bat da, eta iaz 120.000 ikusle baino gehiago bildu zituen. Tasiok Cinema Libero saila itxiko du (ekainak 29, 14:00etan) Entezar –Waiting-, (Amir Naderi, Iran, 1974) eta La Nouba des femmes du Mont Chenoua (Assia Djebar, Aljeria, 1978) filmekin batera, besteak beste.

Cannes Classics-en Tasio, besteak beste, Napoleon (Abel Gance, 1927), Gilda (Charles Vidor, 1946), Paris, Texas (Wim Wenders, 1984), Los siete samurais (Akira Kurosawa, 1954), Los paraguas de Cherburgo (Jacques Demy, 1964), Loca evasión (Steven Spielberg, 1974) edo Cuatro noches de un soñador (Robert Bresson, 1971) pelikulekin batera proiektatu zen.

Euskadiko Filmategiak ahalegina egingo du euskal zinemagintzako film ikoniko hori zinema klasikoaren eremuan erreferentziazkoak diren beste hitzordu batzuetan ere proiektatu dadin. Irailean, Donostiako Zinemaldian egongo da ikusgai eta Klasikoak saila zabalduko du, zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen saila, hain zuzen.

Bestalde, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako aretoetan Tasio proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

ZAHARBERRITZEA

Jatorrizko materiala espainiar estatuko filmategian gordeta zegoen, eta handik egin zuen laborategietarainoko bidaia, 2023ko irailaren bukaeran. Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendarizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara. Bolonian eman zuen aldiaz gain, zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko langileek prozesu osoa kontrolatu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren babes ekonomikoari esker zaharberritu ahal izan da filma, Enrique Cerezo P.C. filmaren jabearekin adostuta.

TASIO

Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da dagoeneko, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak; gizon hura Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen Valderrota mendian.

Lantalde tekniko eta artistiko garrantzitsua bildu zuen filmak; besteak beste, Elias Querejeta (ekoizlea), Pablo G. del Amo (muntatzailea), Gerardo Vera (zuzendari artistikoa), Angel Illarramendi (konpositorea), José Luis Alcaine (argazki-zuzendaria), Alfredo Mayo (kamera) eta José Luis López-Linares (argazki finkoa) aritu ziren lanean. Bestalde, Patxi Bisquertek eta Amaia Lasak gorpuztu zituzten protagonistak.

Montxo Armendarizen hitzetan, “isileko askatasunari buruzko filma da Tasio: arauen eta konbentzioen kontra ezkutatzen den askatasun horri buruzkoa”. “Tasioren pertsonaiatik gehien interesatzen zitzaidana gizartearen aurrean zituen duintasun, harrotasun eta ohorea ziren, nahiz eta jarrera horrek atzerakoi itxura eman ziezaiokeen, hots, aurrerapenaren aurka zegoen pertsonaia baten tankera. Hala ere, beste irakurketa bat du orain, egin nuen garaian ez bezalakoa”, gehitu du zuzendariak.

Laborategietara eginiko txangoaz, Armendarizek nabarmendu du Tasio zaharberritzen ari ziren aretora sartu eta pantailan filmaren izenburua zuen fotograma izoztua ikusterakoan, “estreinaldiaren eguneko zirrara berbera” sentitu zuela. “Amets bat egia bihurtzen ikustearen poza. Fotokimikotik irudiak gogoratzen nituen bezalaxe berreskuratzeaz gain, irudi horiekin batera nire bizitzako zatiak ere berreskuratu nituen: eszena bakoitza ikuskatu ahala, momentu ahaztezinak eta pertsona kuttunak agertu ziren, beren argi-ilunekin, oroitzapenak fotogrametan harrapatuta geratu balira bezala eta denbora pasatze hutsagatik desagertzea onartuko ez balute bezala”, azaldu du.

Bestalde, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek aitortu du Tasio lanarekin ekin diotela “euskal zinemagintzako titulu nagusiak zaharberritzeko proiektuari. Gainera, akaso munduko laborategirik onenean (Boloniakoa) ekin diogu lan horri, nazioartean gure zinemari ere ‘klasiko’ kontzeptua txertatzeko asmoz. Prozesu osoan zehar Montxo Armendarizen lana eta konplizitatea eduki izanak zilegitasun eztabaidaezina ematen dio lanari. Hitz batez esanda, gure titulurik onenetako baten zaharberritze-lanik onena dugu erakusleihorik onenetan: Bolonia, Cannes eta Donostia”.

MONTXO ARMENDÁRIZ (OLLETA -NAFARROA-, 1949)

Montxo Armendariz zuzendariak (Olleta, Nafarroa, 1949) hamahiru urte zituenetik jakin zuen zinemagintzan jardun nahi zuela; haatik, elektronika ikasi, eta gai horren irakasle gisa eman zituen lehenengo pauso profesionalak. Armendariz autodidakta izan zen, eta 1977an, Euskal Zine Egileen Elkarteari esker, Fernando Larruquert eta Javier Aguirresarobe ezagutu zituen.

Zinegilearen lehenengo film laburrean, Barregarriaren dantza/La danza de lo gracioso, muntatzaile lanetan jardun zen Larruquert, eta argazki-zuzendari, berriz, Aguirresarobe. Lan horrek urte hartako Zilarrezko Mikeldi saria eskuratu zuen Bilboko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian. Gerora, askoz ere sari gehiago iritsi ziren; besteak beste, honako lan hauekin: Ikusmena (1980), Ikuska 12 (1981), Carboneros de Navarra (1981), Tasio (1984) —Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko bigarren saria eta Fipresci saria—, 27 horas (1986) —zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Donostia Zinemaldian—, Las cartas de Alou (1990) —Urrezko Maskorra eta Fipresci saria Donostia Zinemaldian—, Historias del Kronen (1995) —sail ofizialean egon zen Cannesko zinema jaialdian eta gidoi egokitu onenaren Goya saria eskuratu zuen—, Secretos del corazón (1997) —europar film onenaren Aingeru urdina saria jaso zuen Berlinalen eta nazioarteko filmik onena izateko hautagai izan zen Oscar sarietan—, Silencio roto (2001), Escenario móvil (2003), Obaba (2004) —Donostia 53. Zinemaldiaren irekiera-filma— eta No tengas miedo (2011).

TASIO | Il Cinema Ritrovato Festival

Informazio gehiago: cristina@filmoteka.eus