Anne Garmendiak, Oier Santamaríak eta Álvaro Gurbindok “ex aequo” irabazi dute Jaime Brunet Unibertsitate Saria
Gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa lantzen dituzten NUPeko gradu edo master amaierako lanei ematen zaie sari hori
Anne Garmendia Zubikoak (euskarazko Haur Hezkuntzan graduatua), Oier Santamaríak Remónek (Historian eta Ondarean graduatua) eta Álvaro Gurbindo Martinicorenak (Zuzenbideko Gradua eta Abokatutzarako Sarbideko Masterra) “ex aequo” irabazi dute Jaime Brunet Unibertsitate Saria 2024. Zehazki, 2.000 euro eman dizkiete (kasu honetan, irabazleen artean banatzeko), eta egiaztagiri bat. Batetik, gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta, bestetik, garapenerako lankidetzari buruzko hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten NUPeko gradu eta master amaierako lan hoberenak aintzatetsi dituzte sariek.
Anne Garmendia Zubikoaren lana (Elizondo, 1998) Fernando Trébol Unzué irakasleak zuzendu zuen, eta haren aztergai nagusia da adingabeen tratu txarren prebentzio goiztiarra familia barruan eta marrazkien analisiaren bidez. Esparru teorikoan, egileak tratu txarrak, detekzioa eta adingabeen esku-hartzea aztertu ditu.
Esparru praktikoan, Anne Garmendiak Baztango bailaran dauden zerbitzu profesionalen lan sarea aztertu du, eta baliabideak sortu ditu detekzio goiztiarrerako eta zentroetan erabilgarria izaten ahal den protokolo bat. Lanaren egileak adierazten duenez, babesgabetasunaren gaiari buruzko ezagutza txikia dago gizartean: “ezjakintasunaren ondorioa da, tabutzat hartzen den gaia delako, eta tratu txarrak oso gutxitan gertatzen diren uste okerra dago”. Hezkuntza-sisteman, “profesionalek ez dute gaitasunik egoera horiek ikasgeletan detektatzeko eta esku hartzeko, gaiari buruzko ezagutza txikia baitute eta eskolek ez dutelako jarduera zehatz eta garatuen protokolorik. Hortaz, esaten ahal da irakasleek ez dakitela nola jokatu egoera horietan”, esan du egileak amaitzeko.
Bestalde, Oier Santamaría (Iruñea, 2001) NUPeko Hezkuntzako Irakasletzako eta Historiako eta Memoriako Master Bikoitza egiten ari dira NUPen, eta haren lanaren aztergai nagusia dira Nafarroako Foru Komunitateko LGTB kolektiboaren (pertsona lesbiana, gay eta bisexualen siglak) historia eta eskubideak lortzeko aurrera eraman duen borroka.
Gemma Piérola Narvarte irakasleak zuzendua, “La Navarra LGTB en el tardofranquismo y la transición” lanak aipagai ditu “ikerketarik eza, informazioa eskuratzeko oztopoak eta administrazio askok gaiarekiko duten opakutasuna”. Arloko ekoizpen akademikoa bereganatzen duen Madril-Bartzelona ardatza alde batera utzirik ikerketa Nafarroan kokatuko duen bibliografia gutxi baitago, lan hori dokumentu aitzindaria da mendeko kolektibo hori ikertzeko”, esan du egileak. Oier Santamariak uste du bere ekarpenak oinarriak ezarriko dituela Nafarroako LGTB kolektiboaren historiari buruzko kontakizun koherente bat eraikitzen lagunduko duten etorkizuneko ikerketetarako, eta aldi berean salatu du administrazioek bigarren mailakotzat hartzen dutela memoriaren atal hori, ez baitio bestelako memoria batzuei ematen zaien garrantzirik eskaintzen.
Estatuko ijitoen gutxiengoaren egungo egoera
Alejandro Torres Gutiérrez katedradunak zuzendu du Álvaro Gurbindoren master amaierako lana, eta “Minorías nacionales: concepto y elementos definitorios. Especial referencia a la comunidad gitana en España ” du izenburua. Lanean, egileak aztergai du “gutxiengo” kontzeptua jurisprudentziaren eta doktrinaren adierazpen garrantzitsuenak kontuan harturik, talde horien berezitasunak barnean hartuko dituen definizio bat emateko egon behar diren elementuekin lotuta. Ondoren, eta estatuko ijitoen gutxiengoak duen jatorri historikoa eta aintzatespena aipatu ondoren, egileak zenbait adierazle sozioekonomikoak aztertzen ditu gutxiengoaren egoera konplexua agerian uzten dutenak. Azkenik, ijito-errituaren bidez egindako ezkontzaren baliozkotasuna aztertu du alarguntza-pentsiorako eskubidea sortzeko oinarri gisa. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak gai horri buruzko epaia eman zuen Muñoz Díaz Espainiaren aurka kasuan (2009).
Beren lanean, egileak ondorioztatu du orokorrean onartutako gutxiengoaren kontzeptu bat egiteko adostasunik ez dela lortu, ez nazioarteko zuzenbidean ez doktrina juridikoan. Ijitoen gutxiengoari dagokionez, “XV. mendearen hasieran iritsi zenetik, haren kideak kulturaren eta erlijioaren ikuspegitik homogeneizatzeko politika bat jasan behar izan zuen. Diskriminazio horren ondorioz, ijitoen egoera bereziki kezkagarria da zenbait esparrutan, hala nola hezkuntza, enplegua, etxebizitza, osasuna, etab.”, esan du.
Azkenik, sakon sustraitutako ohituren arabera egindako ezkontzari ondorio zibilak ez aitortzeak esan nahi du legeak diskriminatu egiten duela, eta hori agerian geratzen da alarguntasun-pentsioa eskuratzeko aukera ukatzearekin”, azaldu du.
Saria eta epaimahaia
Epaimahaikideek nabarmendu dute lan saridunetan landutako gaiak gaurkotasun eta garrantzi handikoak direla, eta lotura dutela giza eskubideen babesgabetasunarekin. Halaber, epaimahaiak kontuan hartu ditu metodologiaren zorroztasuna, analisiaren argitasuna, egitura eta bibliografia espezifikoa egoki erabili izana.
Honako hauek osatu dute epaimahaia: Antonio Gorri Goñi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko katedradun eta Jaime Brunet Fundazioaren Patronatuko kidea; Rafael Lara González, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Merkataritzako Zuzenbideko katedradun eta Jaime Brunet Fundazioaren Patronatuko kidea; eta Javier Blázquez Ruiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Filosofiako katedradun eta Jaime Brunet Fundazioko idazkaria.
Jaime Brunet Unibertsitateko Saria Jaime Brunet Fundazioak ematen du 2014az geroztik. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik, giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta nabarmendu eta aupatzeko, eta, 2016az geroztik, Jaime Brunet Doktoretza Tesien Saria ere bai, giza eskubideekin eta haien defentsa eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatesteko.
Argazki nagusia: Anne Garmendia, NUPen.
Argazkia: Oier Santamaría, NUPen.
Argazkia: Álvaro Gurbindo, NUPen.
You must be logged in to post a comment.