Gonzalo Reguera Zaratiegui NUPeko doktoregaiak komunikazio hoberenaren saria eskuratu du G-9 Taldearen Doktoretzako XI. Jardunaldietan eta Dibulgazio Zientifikoko VI. Jardunaldietan
Jarduerak G-9 Taldeko unibertsitate guztietako doktoregaiak bildu zituen duela gutxi Murtziako Unibertsitatean
Gonzalo Reguera Zaratiegui Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) doktoregaiak Zientzia Sozial eta Juridikoen adarreko komunikazio zientifikoa hoberenaren saria eskuratu du Unibertsitateen G-9 Taldearen Doktoretzako XI. Jardunaldietan eta Dibulgazio Zientifikoko VI. Jardunaldietan. Haren lana, “Del baile de los solteros a las transiciones juveniles en periferias rurales. Afectos y oportunidades” (“Ezkongabeen dantzatik gazteen trantsizioetara landa-periferietan. Afektuak eta aukerak”) izenekoa, saritu dute epaimahai profesionalak eta Murtziako Unibertsitatean egin berri diren jardunaldi horietan parte hartu duten gainerako ikaskideek.
Gonzalo Reguera Zaratiegui I-COMMUNITAS ikerketa-institutuan egiten ari da tesia, Jesús Oliva Serrano katedradunaren zuzendaritzapean, eta mugikortasuna eta gizarte- eta lurralde-kohesioa ditu aztergai. Zehazki, ikerketan landa-arrakala aztertzen du, hau da, hirietan bizi ez diren pertsonek dituzten zailtasun bereziak. I+G+b-ko Estatu Planak finantzatutako proiektu baten barruan dago ikerketa hori.
Doktoretza-tesiek gizartean duten balioa nabarmentzeko jardunaldiak
Dibulgazio-jardunaldietan unibertsitate publiko hauetako doktoregaiak bildu ziren: Extremadurako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea eta Oviedoko Unibertsitatea. Jardunaldien helburua da ikerketaren balioa nabarmentzea gizartean oro har eta enpresen aurrean bereziki.
Jardunaldietan aurkeztutako gaiek hainbat kontu izan zituzten aztergai, hasi berrikuntza teknologikoetatik eta ikerketa sozialetatik eta osasun zientzietan eta giza zientzietan egindako aurrerapenetaraino. Saridunei buruzko informazio guztia Unibertsitateen G-9 Taldearen webgunean dago.
Argazkia: Gonzalo Reguera Zaratiegui, NUPen, artxiboko irudi batean.