NUPek Apolinar Azanza Azcona landareen genetikari buruzko ikerketan aitzindaria zen zientzialari nafarraren legatua jaso du
Haren familiak dohaintzan eman du 40 urtez Foru Diputazioko Landareak Hobetzeko Institutuko buru izan zenaren funts dokumental eta bibliografikoa
Apolinar Azanza Azcona (Lizarra, 1889-Iruñea, 1959) landareen genetikari buruzko ikerketan aitzindaria izan zen zientzialari nafarraren familiak Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) eman dio dohaintzan bere funts dokumental eta bibliografikoa. Agronomo horrek modu berritzailean lan egin zuen XX. mendearen lehen erdian zerealen arloan eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloan, eta, hibridazioaren bidez, gari barietate berriak lortu zituen (“Navarros”), bai eta arto barietateak, ardotarako mahatsondoak eta txertagaiak ere, Nafarroako Foru Diputazioko Nekazaritza Zerbitzuko Landareak Hobetzeko Institutuko buru izan zen berrogei urteetan.
Apolinar Azanzaren senitarteko multzo bat, Aurora eta Maribel Azanza Nieto alabak buru zituela, Ramón Gonzalo erakunde akademikoko errektorearekin bildu zen. Haiekin batera zeuden Gonzaga Santesteban García NUPeko Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak ikerketa-taldeko arduraduna eta Julián Palacios Muruzábal nekazaritzako ingeniari eta Viticultura Viva Nafarroako enpresaren jabea eta zuzendari teknikoa. Biak ala biak erakunde akademikoko Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasle ohiak dira, eta bitartekotza egin dute legatua ikasi zuten unibertsitatean geratzeko.
Apolinar Azanza zerealen ikerketan hasi zen Iruñean, Nafarroako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Nekazaritzako Etxalde-Eskola Praktikoan, non Nekazaritza eta Abeltzaintzako Irakaskuntza Ertaina ikasi baitzuen, nekazaritzako perituaren pareko ikasketak (1907-1911). Gero, Reusera (Tarragona) joan zen Enologia ikastera Mahastizaintzako eta Enologiako Eskolan. Eskola 1912an sortu zen, eta titulu ofizial hori ematen zuen eskola bakarra zen. Han lehenengo mahatsondo-hibridazioak egin zituen.
Ohorezko matrikulak lortu zituen ikaslea
Ikasketak 1915ean amaitu zituen Ohorezko Tituluarekin, ikasketa planeko 27 irakasgaietatik 25 ohorezko matrikula lortu baitzituen. Gero, 1916tik 1919ra bitartean, labore-buru eta irakasle aritu zen ikasi zuen Tarragonako zentro berean. 1919an, sorlekura itzuli zen Nafarroako Diputazioko Nekazaritza Zerbitzuan lan egiteko, eta zerealen eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren ikerketan aritu zen buru-belarri.
Lehen kasuan, Apolinar Azanza bai garia eta bai artoa, garagarra eta oloa ikertzen aritu zen, baina garia hobetzeko lanean nabarmendu zen. Garai hartan, garia Nafarroako labore nagusia zen. “Norman Borlaug iparramerikarraren 60ko hamarkadako Iraultza Berdea baino lehen, Apolinar Azanzak jada 1937an lortuak zituen, 1919an hasitako ikerketen ondorioz, errendimendu handiko gari erdi-nanoak (gehienez ere 6.000 Kg/hektarea), noiz eta 1930-1935 aldian estatuko gariaren produktibitatearen batezbestekoa 940 kg/hektarea zenean”, gogoratzen zuen jada hilda dagoen alabetako batek, Mercedes Azanza Nietok bere aitaren irudia zabaltzeko erabili zuen blog batean. 1946an panfermentografo bat ere patentatu zuen, irinen ogi-balioa zehazteko balio zuena: hartzidura proba.
Mahastizaintzari dagokionez, Nafarroako ardoen kalitatea hobetzeko eta filoxerarekiko erresistenteak diren txertagaiak aurkitzeko, ikerketa bat proposatu zen, “bere klaseko bakarra estatuan”, alabak azaltzen zuenez: hibridazioarena Horretarako, 3.500 mahatsondo-barietate baino gehiago izan zituen Atarrabian, “estatuko eta agian Europako bildumarik osatuena”. Orobat funtsezko zeregina bete zuen Nafarroako mahastietan filoxera desagerrarazteko, zeina 1911n berragertu baitzen, eta ardo-uzta ugari salbatu zituen, mahatsondoen gaixotasunak garaiz diagnostikatuz, behar bezala tratatu ahal izateko; adibidez, akariosia, estatuan identifikatzen lehena izan zen izurria (1914).
Dibulgazio-lana
Lan zientifikoaz gain, dibulgazio-lan garrantzitsua egin zuen: Ampelos ezizenez idatzi zuen zenbait alditan, modu didaktikoan, baita gai astunenei buruz ere, bere idazki guztien zati txiki bat baizik ez zioten argitaratu. Alde horretatik, haren lanen artean “La filoxera en los viñedos reconstituidos de Navarra” (1919) izan zen zabalpen handienekoa, 5.000 ale argitaratu baitziren. Haren liburuen ale askorik argitaratu ez bazen ere, nekazaritza-gaiei buruzko aldizkarietan eta Nafarroako egunkarietan ehunka artikulu argitaratu zituen.
Haren biografiako beste datu garrantzitsu bat dira Leningrado hiriko Agronomia Esperimentaleko Institutuarekin izan zituen truke profesionalak. Nikolái Ivanovitx Vavilov (1887-1943) institutu horretako zuzendariarekin bildu zen Iruñean, eta posta-trukea izan zuten 1927tik 1935era arte.
Apolinar Azanzaren legatuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Liburutegiari dohaintzan emanak, agronomiari buruzko liburu, aldizkari eta liburuxken eta zerealen eta mahastizaintzaren eta ardogintzaren arloan egindako ikerketak biltzen dituen koaderno pertsonalen bilduma zabala du.
- argazkia:
Apolinar Azanzaren senitartekoak eta mahastizaintzarekin lotutako pertsonak Ramón Gonzalorekin batera (irudiaren erdian).
- argazkia:
Apolinar Azanza Azcona ikertzaile nafarra, 1921ean.
- argazkia:
Apolinar Azanzak lanean dihardu 1929ko argazki batean.
You must be logged in to post a comment.