Biziki ederra, aurtengo maiatzean, Yolanda Donis Manterolak, Zarutzeko Dakit argitaletxearen bitartez, plazaratu duen “Zazpi Gurutzeak” izeneko eleberria. Egilea, sortzez gipuzkoarra bada ere, Tafalla aldean bizi da aspalditik bere familiarekin batera, eta familiatik datozkion oroitzapenak baliatu ditu liburu hau idazteko orduan.
Eleberriaren ildoa Gipuzkoako kostaldean gertatzen da, Irubiden, Zarautz eta Aiaren artean dagoen herrixkan, eta baita Idahon euskal diasporako familia baten inguruan ere. Pertsonaia nagusia Anne Basterretxea Kortaburu dugu, euskal jatorriko neska amerikarra, euskara atxiki duena eta lanbidez kazetari aritzen dena. Ama hil ondoren, familiari buruzko zenbait galdera eta inkognita geratzen zaizkio erantzunik gabe, eta horiek bultzatzen dute neska, Euskal Herrira, egiaren bila etor dadin. Horrela, Gipuzkoako kostaldean ibiliko da iraganaren aztarnen bila, Aian, Laurgainen, Zarautzen… baina, batez ere, Irubiden, hori baita familiaren habia eta istorio honen nolabaiteko epizentroa.
Horrela, zenbait abenturatan barneratuz eta zenbait pertsona ezagutuz, Anne Basterretxeak familiak ezkutuan atxiki duen iragana, eta Irubideko bost gurutzeek eta Idahoko beste biek gorde duten misterioa argitu ahal izanen ditu. Horretarako Yolandak bere luma zorrotz eta alaiaren bitartez, era guztietako gertakizunak azalduko dizkigu, umore handikoak batzuk, tragiko samarrak besteak, baina istorioaren ildoa ongi bideratzen dutenak.
Nekazaritza munduan kokaturiko drama baten aurrean gaude, gora-behera handiak bere baitan dituena, eta egileak, maisukiro, aurkezten diguna. Denetik badu: baserri kontuak, erlijiozko osagaiak, sineste zaharrak, beldur gordeak, familia baten amodio eta desamodioak… eta horiek denak joaten zaizkigu korapilatzen eta garatzen eleberrian barna, irakurlea ustekabeko amaiera baterantz gidatuz.
Liburua trama oparo baten inguruan hezurmamitzen da, non pertsonaiak eta gertaerak, ustekabeko bidegurutzeetan nahasten eta biribilkatzen diren. Egilearen irudimena ikaragarri handia eta aberatsa da, eta trebetasun handiz lotzen eta nahaspilatzen ditu istorioaren hari guztiak.
Eta horrela laborarien munduko drama zaharra idazkera umoretsu eta moderno batez bideraturik aurkituko dugu liburu miresgarri honetan.
Idazleak dioenez, hau omen da bere lehen liburua, eta guk harridura handiz entzuten diogu baieztapen hau, kontakizuna, deskribapenak, elkarrizketak, istorioaren zurrunbiloak kontatzeko sekulako trebezia erakusten baitu liburu osoan zehar. Horrela izanik, ez dut uste esku artean daukagun liburu hau izanen dela Yolanda Donis Manterolaren lumatik plazaratuko zaigun azkena. Badakigu bidea urratsez urrats egiten dela, eta literaturan fruituak emateko denbora behar-beharrezkoa dela, baina egilearen adina ikusirik, garbi daukagu, lore berriak loratuko direla Yolandaren lorategian, eta guk atsegin handiz, liburu honekin egin dugun bezala, irakurri eta gozatuko ditugula. Geroa lekuko.
You must be logged in to post a comment.