IDOIA JIMÉNEZ MIGUEL

 

Idoia Jiménez Miguel izan zen NUPen ordezkaria CRUE Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak antolaturiko #HiloTesis estatuko dibulgazio lehiaketan

Arantxa Bujanda, Nora García, Miguel Ángel González, Virginia Uralde eta Ana Lucia Caicedok ere aurkeztu zituzten beren lanak lehiaketaren fase lokalean

 

Idoia Jiménez Miguel doktoratu aurreko ikertzaileak ordezkatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) #HiloTesis estatuko dibulgazio lehiaketan. Hartan, parte-hartzaile guztiek beren ikerlanaren edukia azaldu behar izan dute sare sozialetako mezu batzuen bidez (gehienez ere 20 mezu). Lehiaketa Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak antolatu du, Ignacio Larramendi Fundazioarekin batera. Epaia uztaileko lehenbiziko hamabostaldian emanen da jakitera, eta 500 euroko sei sari emanen dira osotara.

NUPeko Kultura Zientifikoaren Unitateak unibertsitatean bertan antolatu zuen fase lokalean, beste ikertzaile hauek ere aurkeztu zituzten beren ikerlanak: Arantxa Bujanda Sainz de Murietak, Idoia Jiménez Miguelek, Nora García Alonsok, Virginia Uralde Jiménezek eta Miguel Ángel González Morenok. Parte-hartzaileek sare sozialak erabili behar izan dituzte, eta haiek komunikabide moduan ematen dituzten aukerak aprobetxatu: “hari” formatuko argitalpen bat egin behar izan dute Threads, X (lehengo Twitter zen), BlueSky eta Mastodon sare sozialetan, edo, bestela, irudi karrusel bat sortu Instagramen. Edukiak hizkera sinple, ulerterraz eta erakargarrira egokitu behar izan dituzte. Lehiaketan, Unibertsitateko doktoretzako ikasleek edo tesia lehiaketa hasi aurreko hamabi hilabeteetan defendatutakoek hartzen ahal zuten parte.

NUPen ordezkari izateko aukeratu den hariaren oinarrian dagoen tesia Idoia Jiménezek egina da; Lucía Ramírez eta Gerardo Pisabarro de Lucas NUPeko katedradunak dira haren zuzendariak, Landareen Genetika eta Hobekuntzako eta Mikrobiologiako arloetakoak hurrenez hurren. IMAB institutuan garatu duen proiektu horretan, onddo basidiomizetoen entzima batzuk aztertu ditu, zeinek landare-materiaren (lignozelulosa) degradazioan eragiten baitute. Horretarako, ostra-ziza erabili du eredu moduan, eta hura biorremediazioko prozesuetan eta bioerregaien ekoizpenean aplikatzea izan du xede. Proiekturako, beharrezkoa da bioinformatikako eta adimen artifizialeko tresnak erabiltzea entzimak identifikatu, haien egitura diseinatu, eta eboluzio-harremanak ikertzeko.

 

Laguntza-sare bat diabetesa dutenentzat edo familia-enpresak

NUPen egindako fase lokalean aurkeztu ziren gainerako hariak askotariko gaiei buruzkoak izan dira. Adibidez, Arantxa Bujandak bere harian azaltzen du bere tesiak nola diseinatzen eta ebaluatzen duen online komunitate bat diabetesa duten pazienteek elkarri lagun diezaieten erizain batek koordinaturik (CompARTE Diabetes komunitatea). NUPeko irakasle hauek dira ikerketa horren zuzendariak: Nely Soto Ruiz, Paula Escalada Hernández eta Leticia San Martín Rodríguez.

Beste alde batetik, Nora Garcíaren doktoretza-tesiak adierazten du osagai anitzeko eta gainbegiraturiko jarduera fisikoa egiteak hobetu egiten dituela COVID-19 iraunkorra duten pazienteen sintoma iraunkorrak. Haren tesiaren zuzendariak Mikel Izquierdo Redín katedraduna eta Robinson Ramírez-Vélez irakaslea izan dira, biak ere E-FIT Ikerketa Taldekoak (NUP-Navarrabiomed).

Virginia Uralderen ikerlanak gai hau du hizpide: pieza metaliko arinduen diseinua DED-Arc izeneko 3Dko inprimatze teknologiaren bidez optimizatzearen efektuak (DED-Arc: ingelesezko Direct Energy Deposition izenetik dator, eta “Arc” horrek arku elektrikoaren bidezkoa dela adierazten du). Zenbait etapa hartzen ditu bere barrenean: intersekzio bat fabrikatzeko estrategien azterketa; simetriaren analisia, oszilazio bidezko edo geruzak elkarri gainjartzearen bidezko fabrikazioa erosteko; eta bi metal motaren konbinazioa pieza bakarrean. Tesiaren zuzendari lanetan Fernando Veiga Suárez eta Tomás Ballesteros Egues NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasleak aritu dira.

Aldiz, Ana Lucia Caicedoren tesiak familiaren propietate psikologiko kolektiboa aztertu du, bai eta hark familia-enpresen ondorengotzan dituen ondorioak ere. Lan horretan, zuzendari izan ditu Lucía Garcés Galdeano eta Martin Larraza Kintana.

Azkenik, Miguel González Morenoren tesiak azaltzen du nola sustatu ekonomia zirkularra eta nola egin aurre klima-aldaketari Nafarroako nekazaritza-industriako hondakin organikoak erabiliz, bermikonpostatzearen bidez (zizareek eginiko konposta). Tesiak bi zuzendari izan ditu: Eduardo Prieto Cobo, NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasle titularra eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaile berekia, eta Beñat García Gracianteparaluceta, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Meatze eta Metalurgia Ingeniaritza eta Materialen Zientzia Saileko irakaslea.

 

Argazkia: #HiloTesis lehiaketako hiru parte-hartzaile. Ezkerretik eskuinera: Virgina Uralde, Idoia Jiménez (estatuko faserako hautatua) eta Nora García, NUPen.