BEGIETAKO LEHORTASUNA: PREBENTZIOA ETA MALKO ARTIFIZIALAK

BEGIETAKO LEHORTASUNAREN PREBENTZIOA

Begietako lehortasunak edonori erasan diezaioke nahiz eta emakumeen artean ohikoagoa den, batez ere, menopausiatik aurrera. Halaber, hiri handietako kutsadura atmosferikoak begietako lehortasuna eragin dezake hiritarrengan.

Egunero begietako lehortasunarekin bizitzea deseroso eta gogaikarria izan daiteke, baina, ziur aski, sintomak arintzen lagunduko duten neurri batzuk badira, esaterako:

-Eguzkitako betaurrekoak erabiltzea.

-Minutuko 20 eta 25 aldiz begiak kliskatzea, batez beste.

-Ura eta likodoak, asko edan.

-Omega 3 gantz-azidoak gehiago hartzea.

-Betileen higiene egokia egitea.

-Malko artifizialak erabiltzea.

-Ukipen-leiarrak 8 eta 10 ordu artean erabiltzea.

-Aire-mugimenduak saihestea, naturalak zein eragindakoak (adibidez, aire girotua edo haizagailuak).

-Pantailekin lan eginez gero, begiei atseden hartzen uztea.

-Tabakoaren kea saihestea.

Begietako lehortasuna gaitz kronikoa da, eta, beraz, nola kontrolatu jakiteak sintomak arintzen lagun dezake; hala ere, min handia eragiten badu, pazienteak oftalmologoagana joan beharko du honek tratamendurik onena erabaki dezan.

BEGIETAKO LEHORTASUNA TRATATZEKO MALKO ARTIFIZIALAK

Malko artifizialak urez, elektrolitoz, polimero likatsuz eta, batzuetan, osagai lipidiko batez osatutako produktu sanitarioak dira. Bide topikotik ematen dira, begi lehorraren sintomak arintzeko, hezetasuna eta lubrifikazioa areagotuz.

Kontserbatzaileak dituzten malko artifizialak erabiltzeak begietako lehortasunaren sintomak okerragotzen ditu, hori dela eta saihestu beharko lirateke.

Malko artifizial mota desberdinak daude: biskositate baxukoak eta biskositate handikoak.

Biskositate baxukoak, arinak eta urtsuak dira, eta, halaber, molekularen arabera lubrifikazio-maila desberdinak dituzte. Gaitzaren arintze azkarra eragiten dute, baina horien eragina laburra da, beraz, maiz aplikatu behar dira eraginkorrak izateko.

Oftalmologoak biskositate txikiko malko artifizialak gomendatzen ditu lehen urrats gisa, maiztasuna handituz edo beste malko batzuekin konbinatuz, betiere, gaitzaren larritasunaren arabera. Halaber, malko horiek ukipen-leiarren erabiltzaileentzat gomendatuta daude.

Biskositate handiko malko artifizialak, berriz, gelatinatsuagoak dira eta iraupen luzeko lubrifikazioa ematen dute. Ikusmen lausoa eragiten dute eman eta minutu batzuetara, horregatik, ohera joateko orduan erabiltzea gomendatzen da.

Beti saihestu behar dira konposizioan kontserbatzaileak dituzten tantak, esaterako, bentzalkonio kloruroa, tanta horiek korneari kalte egin diezaioketelako.

Kasu jakin batzuetan kontserbatzailerik gabeko malko artifizialak erabiltzea gomendatzen da, esaterako:

-Etengabe erabili behar denean (4-6 aldiz egunean).

-Kontserbatzaileak dituzten beste kolirio batzuk erabiltzen direnean.

-Emakume haurdunak.

-Ukipen-leiarren erabiltzaileak.

-Begi lehorraren gaixotasuna, begietako alergia, Meibomio-guruinen gaixotasuna eta begietako kirurgiak.

Bukatzeko, bete oftalmologoaren gomendioak, baita malko artifizialak erabiltzeko jarraibideak ere, eta, zalantzarik baduzu, galdetu farmazialariari.

Erreferentziak:

Prevención de la sequedad ocular. YouTube. Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Nagusiaren Optika eta Akustika Batzorde Nazionala, Théa laborategiaren lankidetzan. 2021/01/20.

Lágrimas artificiales para la sequedad ocular. YouTube. Farmazialarien Elkargoen Kontesilu Nagusiaren Optika eta Akustika Batzorde Nazionala, Théa laborategiaren lankidetzan. 2020/11/25.