Nafarrak diren edo bizitokia Nafarroan duten egileek euskaraz idatzitako gai libreko lanak aurkezten ahalko dituzte, urriaren 28ra arte
Iruñeko Udalak martxan jarri du Egile berriendako XXXIV. euskarazko literatur lehiaketa, poesia eta narrazio modalitateetan. Lehiaketa Nafarroan jaio diren edo helbidea bertan duten egileei zuzenduta dago.
Lanak aurkezteko epea deialdia NAOn noiz argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da. Hala ere, lanak data hori baino lehen aurkezten ahal dira https://www.pamplonaescultura.es/eu/ webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez. Kasu horretan, lana ofizialki jaso dela erregistratuko da deialdia NAOn argitaratu eta hurrengo egun baliodunean. Epea urriaren 28an amaituko da.
Iaz 21 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta haren xedea da egile berriek euskarazko literatura sor dezaten bultzatu eta sustatzea. Hori dela eta, ezin izanen dira aurkeztu bere izenpean literatur lan bat baino gehiago argitaratu duten egileak; ez dira muga horretan sartzen aldizkarietan, egunkarietan edo argitalpen kolektiboetan argitaratutako kolaborazioak, ezta literatur lanen itzulpenak ere. Aurreko bi ediziotan modalitate berean lehen saria jaso dutenek ere ezin dute parte hartu modalitate horretan.
Egile bakoitzak lan bakarra aurkezten ahalko du modalitate bakoitzeko, gai librekoa, jatorrizkoa eta argitaratu gabea. Poesiako modalitatean, lanek gutxienez 200 bertso izan behar dituzte, eta narrazioek, gutxienez, 15 orrialde, 11 tamainako Arial letra motarekin eta tarte bikoitzaz. Hiru sari daude modalitate bakoitzeko: lehen saria 2.500, eurokoa; bigarrena, 1.000 eurokoa, eta hirugarrena, 500 eurokoa. Halaber, oinarrietan ezarritakoarekin bat lau aipamen ematen ahalko dira, bakoitza 250 eurokoa, modalitatea kontuan artu gabe.
Lanen aurkezpena
Lanak telematikoki aurkeztu behar dira https://www.pamplonaescultura.es/eu/ webguneko lehiaketen atalean; bertan eskuragarri daude oinarriak eta parte hartzeko formularioa. Izen-ematea aurrez aurre ere egiten ahal da Udalaren erregistroetan, baina ezinen da erregistro elektronikoaren bidez egin, parte-hartzaileen anonimotasuna bermatze aldera.
Aurtengo edizioko epaimahaiburua Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendaritzako pertsona bat izanen da, eta epaimahaikideak honako hauek izanen dira: Lourdes Otaegi, euskal filologian doktorea eta Euskaltzaindiako eta literatura-ikerketako hainbat taldetako kidea; Uxue Razquin, literaturan aditua, literatura-kazetaritzan espezializatua, kultura-kazetaria eta Erein argitaletxeko editorea; eta Aitzol Lasa, Euskal Idazleen Elkarteko kidea, idazlea, NUPeko irakaslea eta dibulgatzailea. Idazkaria Iruñeko Udaleko euskarazko kultur programazioko teknikaria izanen da.
Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko ditu sariak edo ‘ex-aequo’ eman; kasu horretan, saria aukeratutako egileen artean banatuko litzateke.
Egile berriendako XXXIV. euskarazko literatur lehiaketa
· Parte hartzeko epea: urriaren 28ra arte
· Bi modalitate izanen dira:
o Poesia: gutxieneko luzera, 200 bertso
o Narrazioa: gutxieneko luzera, 15 orrialde (Arial 11, tarte bikoitzaz)
· Sariak: hiru sari modalitate bakoitzeko, eta lau aipamen emateko aukera (guztira 9.000 euro)
o Lehen saria: 2.500 euro
o Bigarren saria: 1.000 euro
o Hirugarren saria: 500 euro
o Accesita: 250 euro
· Izen-emateei eta oinarriei buruzko argibide gehiago: https://www.pamplonaescultura.es/eu/