ERAKUSKETA: ARTISAUTZA ETA ARTE GARAIKIDEA

Ziudadelako Arma Aretoa. Uztailak 20 – Irailak 8. Artisautza eta arte garaikidea Arte Emergentearen Cervezas Alhambra Lehiaketa.

Atzera begiratu oraina sortzeko. Antzinako ofizioetatik ikasi eta haiekin artea egin. Ia ahaztuta dauden tekniketara jo, berriz ere argitara ekartzeko. Hori da Arte Emergentearen Cervezas Alhambra Sariaren espiritua. Saria 2017an sortu zen ARCO Arte Garaikidearen Feriaren testuinguruan eta, urtez urte, artisautzan inspiratutako ‘presarik gabeko sorkuntza’ aitortzen du. Iruñeko herritarrek ekainaren 30era arte  izanen dute saritutako lanak ikusteko aukera Ziudadelako Arma Aretoko lehen solairuan dagoen ‘Artisautza eta arte garaikidea. Arte Emergentearen Cervezas Alhambra Saria’ erakusketan.

Hogei artistek dituzte lanak ikusgai. Lan horietan askotariko teknikak erabili dituzte, hala nola beira puztua, zetazko brodatua, zeramika esmaltatua, paper-estanpazioa, tapizak, eskaiola edo ebanisteria. Hori guztia lanbide tradizionalen erabilera berrien, forma berrien eta interpretazio berrien erakusgarri da. Izan ere, Cervezas Alhambraren presarik/gabe/sortu (crear/sin/prisa) plataformaren premisa, hain zuzen ere, sorkuntza garaikidean artisautza tradizionalarekin lankidetzan aritzea da, eta hori markaren balio bihurtu du. Alicia Ventura erakusketaren komisarioak azaldu duenez, artistek ofizio historikoak berreskuratzeaz gain –horrela horiek luzaroan irauten lagunduta– kontzeptuak eta behatzeko eta ekoizteko beste modu batzuk bere egiten dituzte.

Erakusketa Arte Emergentearen Cervezas Alhambra Sariaren zortzi edizioetan barnako ibilbidea da eta, saritutako artisten artean badaude nafar batzuk, hala nola, Fermín Jiménez Landa, Alberto Odériz eta Miren Doiz. Azken hori sariketaren lehenengo edizioan hautatu zuten ‘Pétalo, madera, aguja, huso’ lanagatik, eta Fermín Jiménez Landa azkeneko edizioan izan zen irabazle ‘Almuerzo solar’ lanarekin: zetaz eta tulez brodatutako lihozko mahai zapi batekin estalitako mango-zurezko mahai bat. Alberto Odériz, berriz, 2023ko edizioan saritu zuten, ‘Si se pareciera a algo, ya no sería el todo’ eskaiolazko moldeekin egindako lanagatik.

Artista emergenteak

Horien guztien ezaugarri komuna da sortzaile berriak direla. Horregatik, Cervezas Alhambrak aukera eman nahi die herritar guztiei artisten sorkuntzak eta balio artistikoa erakusteko. Hori horrela, sariaren azkeneko edizioan 141 artistek aurkeztu zituzten proiektuak. Sarien zortzi edizioetan, Cervezas Alhambrak Espainia osoko artisauekin batera beren proposamenak gauzatzeko aukera izan duten nazioko zein nazioarteko 38 artista ezagutzera eman eta lagundu ditu. Egun, 38 lanek osatzen dute Cervezas Alhambraren arte garaikide emergentearen arte-lanen bilduma. Horietatik 20 ekarriko dituzte Iruñera, teknika, material eta estilo sorta zabala erakuste aldera.

2017an sariketa abiatu zenean, Cervezas Alhambrak gogoetarako dei bat egin nahi zuen, munduari proposatuz erritmoa jaistea, moteltzea, gauza garrantzitsuei denbora eskaintzea eta mimoz egitea. Herritarrei modu desberdinean sortzeko gonbidapena egin zien, prozesua eta emaitza gehiago balioetsiz eta gozatuz. Azken batean, presarik gabe sortzea. Etenaldia eta denbora sorkuntza-artistikoaren parte egitea. Horretarako, lehenik, presarik/gabe/sortu (crear/sin/prisa) plataforma sustatu zuen, eta ondoren, sari hauek, non arte garaikidean indarrez sartu diren artisau-tekniken onena biltzen den.

Plataforma eta sariak urtero aurkezten dira ARCO azokan. ARCO herrialdeko arte garaikidearen erakuslerik onena eta sortzaile emergenteendako zein artisautza tradizionalarendako erakusleihoa da. Horrela, artisautza tradizional horrek, egunez egun, ahanzturari lekua irabazten dio, eta leku bat egiten du, ez bakarrik artean, baita egunerokotasunean ere.

Artistak

  • Fermín Jiménez Landa. Lana: Almuerzo solar. 2024ko irabazlea

  • Alberto Odériz. Lana: Si se pareciera a algo, ya no sería el todo. 2023ko irabazlea

  • Irene Grau. Lana: Todas las formas. 2023ko saria

  • Laia Estruch Mata. Lana: Zócalo. 2022ko irabazlea

  • Álvaro Albaladejo Sierra. Lana: Armadura. 2022ko saria

  • Julia Huete. Lana: De dos cuerpos vengo. 2021eko irabazlea

  • Juan López. Lana: Ápices. 2021eko saria

  • Belén Rodríguez. Lana: Hoja verso. 2021eko saria

  • Irma Álvarez-Laviada. Lana: Plano y vertical. Pedestal Nº 0. 2020ko irabazlea

  • Diego Delas. Lana: Espejo (Castillo Rojo) 2020ko saria

  • Leonor Serrano Rivas. Lana: Arabesque. 2020ko saria

  • Mónica Planes. Lana: Auca de Granada (en cuatro puertas giratorias). 2010eko saria

  • Elena Alonso. Lana: a6 – s13 c4 – r19 f1 –z26. 2019ko irabazlea

  • Carlos Monleón. Lana: Deep Hamra. 2018ko saria

  • Guillermo Mora. Lana: La historia detrás. 2018ko saria

  • Marta Fernández Calvo. Lana: Cumpres, costilla, opa. 2018ko saria

  • Kiko Pérez. Lana: El holandés errante. 2018ko irabazlea

  • Miren Doiz. Lana: Pétalo, madera, aguja, huso. 2017ko saria

  • Jacobo Castellano. Lana: Aljibe. 2017ko saria

  • José Miguel Pereñíguez. Lana: Señas y sonidos del Palacio Rojo. 2017ko irabazlea