JUAN PANISELLO MARTÍNEZ

 

NUPeko ikerlan batek ikuspegi berritzaile bat proposatu du Kalteen Zuzenbidearen ikasketetarako

Juan Panisello abokatuaren tesiaren arabera, ikuspegi aitzindari horrek, Kalteen Zuzenbidea mundu errealarekin konektatuz, erantzukizun zibileko problemak lantzeko modua berrikustea proposatzen du

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) garatutako ikerketa batek erantzukizun zibileko araubidearen konfigurazioa berrikustea proposatzen du, esaten baitu arlo juridiko horrek abstrakzio teorikoez harago joan behar duela mundu errealarekin konektatzeko. Haren egilea Juan Panisello Martínez abokatua da, eta, bere doktoretza tesian adierazi duenez, Kalteen Zuzenbideak ez du soilik kasu indibidualak justiziaz ebaztean zentratu behar, baizik eta, horrez gain, kalteen azpian dauden problemak identifikatu eta landu behar ditu, proposatutako ebazpenen eraginkortasuna praktikan ebaluatzeko. Tesiaren zuzendaria Teresa Hualde Manso katedraduna izan da, NUPen INARBE Institutuko ikertzailea.

Juan Paniselloren tesiaren abiapuntua Zuzenbidearen Analisi Ekonomikoa da; metodologia horrek aztergai ditu gizakiak fenomeno juridikoen aurrean dituen jokabideak, bai eta erabakiak hartzeko unean eragina duten pizgarri ekonomikoak ere. Azaldu duenez, ikuspegi horren helburua da ongi ulertzea lege eta politikek nolako eragina izaten ahal duten gatazka batean nahasita dauden aldeen jokabidean, eta, horrez gain, baita interakzio horien ondorioz sortzen diren emaitza ekonomikoak ere.

Hori abiapuntutzat harturik, Juan Panisellok ikuspegi ekonomikotik aztertu du erantzukizun zibila, eta arreta berezia eman dio efizientziari eta kalteen prebentzioari. “Aztertzean printzipio ekonomikoak nola aplikatzen ahal diren erantzukizun zibilaren arloko arau eta lege-politikak ebaluatu eta hobetzeko, trantsizio bat egiten ahal da esklusiboki konpentsazioan oinarrituriko ikuspegi bat erabiltzetik prebentzio-faktoreak eta efizientzia ekonomikoa aintzat hartzen dituen ikuspegi zabalago batera”, adierazi du doktore berriak.

Juan Paniselloren ikerlanak Zuzenbidearen Analisi Ekonomikoaren gako-kontzeptuak lantzen ditu, besteak beste hauek: zabarkeriaren interpretazio ekonomikoa; kalteen eraginak gizartean; ondasunak trukatzeko prozesuari loturiko kanpo-efektuak eta kostuak; eta transakzioari dagozkion zerbitzuak edo kostuak. Gainera, erantzukizun-aseguruaren, ziurgabetasunaren eta arriskuarekiko ezinikusiaren arteko harremana aztertu da, aseguratzaileen eta aseguratuen arteko informazio asimetriari loturiko problemak aintzat harturik.

Tesia NUPen egin berri duen doktore berriak dogmatika juridiko tradizionalaren zurruntasuna kritikatu du, argudiatuz “haren kontzeptu abstraktuek ezin dituztela konpondu azkar aldatzen ari den gizarte baten problema praktikoak”. “Soilik ikuspegi kritiko batez eta eskema ekonomiko berrien bidez ematen ahal zaizkie soluzio argi eta aurreratuak estatuko Kalteen Zuzenbideak dituen efizientzia faltei”, adierazi du Panisellok.

 

“Efiziente izateko tresna baliotsu” bat

Haren hitzetan, “ikusi denez, estatuko erantzukizun zibilaren arlo jakin batzuetan, baliteke kalteak ekonomikoki aztertzeak efizienteago izateko tresna baliotsu bat ematea”. Horrela, tesiaren egileak hauek aipatu ditu: administrazioak bere langileen eta agintarien ekintzen aurrean duen erantzukizuna; enpresarien erantzukizuna; guraso, tutore eta zaintzaileen erantzukizuna; jurisdikzio-eskumenaren atribuzio-irizpideen korapilo handia (jurisdikzio-eskumen zibila, penala eta laborala; haietako bakoitzak erantzukizunaren arloko irizpide eta arauen aplikazio diferenteak ditu) eta erantzukizun zibileko aseguruaren funtzionamendu praktikoaren desdoikuntzak”.

NUPen doktoratu berriak kalteen erantzukizunaren teoria juridiko funtzional bat proposatu du, printzipio eta irizpide argiak ezartzen dituena erantzukizunak egozteko, kalteen inpaktu soziala eta galeren berresleipena kontuan harturik. Ikuspegi horrek, halaber, azpimarratzen du garrantzitsua dela kalteen egile potentzialek prebentzio neurriak hartzea, bai eta kausalitatea inputatzeko probabilitate-ikuspegi bat erabiltzea ere.

Azkenik, Juan Panisellok bere ikerlanaren zati bat “Kalteen Zuzenbidearen arloko erromesaldi jurisdikzional” izenez definitzen duen hori lantzera bideratu du. Horretarako, sakon aztertzen ditu “kalteen erantzukizunari buruzko kasuak ebazteaz arduratzen diren auzitegi eta epaitegien espezializazio-maila optimoaren ezarpena eta ezarpen horrek efizientziari eta judizialei dagokienez dakartzan onurak”.

Ikerketa honek ikuspegi kritikoa eta aurrerapen-lerro bat ekarri dizkio estatuko Kalteen Zuzenbideari; izan ere, “kalteen inpaktu soziala eta ekonomikoa kontuan hartzen dituen teoria juridiko funtzional” baten beharra azpimarratu du. “Kontzeptu eta ikuspegi ekonomiko horiek guztiak praktikara ekartzea ez da gauza erraza”, esan du. Dogmatika juridikoa, baldin eta kontzeptu abstraktuz osatutako teoria juridikoz osatua badago –kontzeptuok beren baitan soilik aurkitu eta baieztatzen dute beren sendotasuna–, ez da gai kontzeptu horien izaera instrumentala ulertzeko, ez eta gero eta bilakaera azkarragoa izaten ari den gizarte baten eguneroko problemei aurre egiteko ere”.

 

Curriculum laburra

Juan Panisellok NUPen Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbideko programan doktoratu aurretik, Ikasketa Aurreratuen Diploma egin zuen Rovira i Virgili Unibertsitatean (Tarragona), bi ezagutza arlotan: batetik finantza-ekonomia eta kontabilitatean, eta, bestetik, Zuzenbide Zibilean.

Jarduneko letratua da, eta Tarragonako Arbitraje Auzitegiko idazkari izan zen, bai eta Arbitrajerako Elkarteko buru ere. Horrez gain, irakasle ibilia da Rovira i Virgili Unibertsitateko Abokatutzako eta Prokuradoretzako Unibertsitate Masterrean eta Tarragonako Abokatuen Elkargoko Praktika Juridikoaren Eskolan.

 

Argazkia: Juan Panisello Martínez, NUPeko doktore berria.