ERAKUSKETA: MUSIKA SANFERMINETAKO KARTELETAN

KONDESTABLEAREN JAUREGIA, 1. eta 2. aretoak. Ekainaren 28tik abuztuaren 25era. Erakusketa: MUSIKA SANFERMINETAKO KARTELETAN.

Sanferminak nekez uler daitezke txarangarik gabe, berbena, kaleko musika, gaitero, La Pamplonesa, txistulari edota kontzerturik gabe. Horiek gabe, sanferminak ez lirateke izanen sanferminak. Laster ulertu zuten hori festak marrazki eta kartelen bidez iragartzeko pribilegioa izan zutenek. Izan ere, karteletan etengabe agertzen da musika: hots, uztailaren 6an Iruña eraldatu eta parerik ez duten festei harrera egiten diela urtetik urtera gogoratzen diguten karteletan. 

Iraunkortasun hori abiapuntu, “Musika sanferminetako karteletan” erakusketa ikusgai egonen da abuztuaren 25era arte Kondestable Civivoxeko lehen solairuko 1. eta 2. aretoetan: ilustrazioetan 175 urteko historia bildu eta haietan musikak duen presentzia aztertzen duen erakusketa. Iruñeko Udal Artxiboaren lankidetzari esker egin den erakusketa alegia.

Guztira, 38 kartel iragarleren kalitate handiko erreprodukziok eta jatorrizko 30 programak  osatzen dute erakusketa, gaika antolatuta. Hala, kartelak multzokatzen dira biltzen duten musika-irudien eta jasotzen duten tratamenduaren arabera: “Alegoríak”, “Dekorazio-xehetasunak”, “Gaiteroak”, “Jotariak”, “Txistulariak”, “Txarangak eta kaleko musika”, “Musika instituzionala” eta “Pablo Sarasate”. 

Kartel iragarle zaharrena 1848koa da. Haren ondotik, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen lehen erdiko ilustrazio andana ditugu, eta, amaitzeko, dozena erdi irudi festa-iragarle, 80ko, 90eko, 2000ko eta 2010eko hamarkadetakoak. Esan gabe doa, buru emateko, 2024ko sanferminak iragartzen dituen kartela dugu. Bertan, parerik ez duen unea dago jasota: gaiteroen irteera Udaletxetik, Txupinazoa jaurti eta gero. Jatorrizko programek ere Iruñeko herritarren jai-gustuen bilakaera jorratzen dute, 1875etik (ikusgai dagoen lehen programa) 2024ra bitarte, arreta berezia jarrita XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako liburuxketan.

Musikaren interpretazio desberdinak

Erakusketari esker ikus daiteke nola aldatzen diren, denboraren poderioz, festen ikuspegia, estetikoaren interpretazioa eta modak. Sanferminak iragartzeko estilo modernistako ilustrazio erromantiko bat baliatzetik abiatu eta kontzeptualizazioaren eta abstrakzioaren balioraino iritsita, kartelen arteak gizartearen eta haren gustuen ikusmolde bat islatzen du, eta aukera ematen du alderdi historiko, etnografiko eta soziologikoei buruzko zeharkako azterketa egiteko. Baina, betiere, tartea utzita musikari, haren interpretazio arras desberdinetan. 

Ildo horretatik, erakusketan jasotako lanek aukera ematen dute bereizketa soil bat egiteko musika jasoaren eta herri-musikaren edo folklorearen irudikapenaren artean. Lehenengo sailean, Pablo Sarasateren, zarzuelen edo Iruñeko Orfeoiaren kontzertuak ikus daitezke. Bestalde, herri-musikan nabarmenak dira txistularien, jotarien, txarangen, gaiteroen, dianen, dantzaldien eta dultzainen irudiak. Are, 2005eko kartelean musika musikarik eta instrumenturik gabe irudikatzen da: ‘Uno de enero, dos de febrero…’  abesti herrikoi eta ezaguna baino ez.

Urteetan eta mendeetan barna, kartelek hainbat musika-tresnen irudi alegorikoak jaso dituzte: lirak, arpak edo tuba erromatarrak. Irudi horiek ia ez dute hiriari buruzko ezer zehatzik islatzen, baina bat zetozen 1900etik 1930era bitarteko garaiko gustuekin. Beste garai batzuetan, kartelen irudi nagusian agertu beharrean apaingarri txikietan jasotzen zen musika, instrumentu, bodegoi edo dekorazio-irudien bidez. Hori gertatu zen, batez ere, XIX. mendean eta 1930etik 1950era. Musika-irudiak dituela ezagutzen den lehen kartela 1848koa da: bertan apaindura-multzoa agertzen da, gitarra batez eta pandero batez osatua, alboetan kriskitinak dituela. 

Gaiteroen’ atalean sei kartel ikus daitezke, 1900. eta 2024. urteen artekoak: haietako bi Javier Ziga artistarenak (1910 eta 1918) eta beste bat Jesús Basianok egina (1929). Kartel horietan musikariek rol garrantzitsua dute, lehen planoan ageri baitira. ‘Jotarien’ irudia hiru karteletan ageri da: 1903, 1908 eta 1945ekoan; 1908ko kartela Javier Zigarena da. Azpimarragarria da 1903ko kartelean nota batzuk agertzen direla partitura batean, eta, erakusketari esker, jakin izan dugu Irunberrin jaiotako Joaquín Larregla konpositorearen jota ospetsuarenak direla. ‘Txistulariak’ agertzea ohikoagoa izan da. Hain zuzen, erakusketaren 1921etik 1936ra bitarteko sei karteletan txistulariak dira protagonista. ‘Txarangei eta kaleko musikari’ dagokienez, erakusketak bost lan jasotzen ditu, bostak XX. mendeko azken hamarkadetakoak eta XXI. mendekoak (1983tik 2018ra). Obra horiek guztiak gaur egungoak izateak gizarte-bilakaera islatzen du, non, aldaketa bat izan da jendarte-interesetan: txarangen inguruan interesa areagotu da, gaiteroen kalterako. 

Sarasate eta musika instituzionala

Erakusketak bi aipamen berezi egiten ditu. Horietako bat Pablo Sarasate Iruñeko biolinista ospetsuari. Haren izena hainbatetan agertzen da sanferminak iragartzen dituzten karteletan; era berean, haren erretratua dekorazio-xehetasun batzuetan ageri da, XX. mendearen hasierako hiru karteletan, gutxienez. Artistak Iruñearekin zuen loturaren ondorioz, Udalak festen karteletan iragartzen zuen biolin-jotzailea hirian zegoela. Eta 1908an, hil zen urtean, kartelean iragarri zen Alfontso XII.aren Ordena Zibileko Gurutze Handiaren Zaldunaren intsigniak jasoko zituela. 

Bigarren aipamenak, berriz, musika ofiziala eta instituzionala du ardatz, bi karteletan, 1950ekoan eta 1958koan. Lehenengoan, dantzari bat agertzen da, Udalak San Saturnino eguneko ekitaldi ofizialetan parte hartze aldera dantza-talde bat ezarri eta urtebetera. Horixe da hain zuzen Duguna Iruñeko Dantzariak taldearen jatorria, zein eta aurten txupinazoa Udaletxeko balkoitik jaurtitzeko herri-bozketa bidez hautatutako taldearena. 1958ko kartelean, Udalaren tinbalari bat agertzen da, librea eta adar bikoa janzten dituena.

Bisitariendako proba

Erakusketak erronka bat du ikusleendako, txikienei bisita entretenigarriago egiteko bereziki pentsatua. Aretoan hogei galderako sorta bat aurkituko dute, karteletako xehetasun eta elementuei buruz, eta egitekoa haiek topatu eta erantzutea izanen da. Lehiaketa txiki bat, begia zorroztera eta sanferminei buruzko kultura hobetzera behartuko gaituena.

Musika-ekitaldiz betetako programak

Kartel iragarleetan musikaren irudikapen bisuala maiz agertzen da, eta jai-ekitaldien programan ere musikak badu bere garrantzia. Horren erakusle, erakusketako jatorrizko hogeita hamar programak. Jada hasierako aleetan ikus ditzakegu musikari buruzko erreferentziak oharretan, berrietan, baita hainbat aipamen ere musika-ekitaldi mota orori buruz: dantzak, kontzertuak, lehiaketak eta alardeak. Baina erreferentzia horiek bisualak ere izan dira irudietan, non musika, berriz ere, protagonista baita, batez ere, kontrazaletan. Pablo Sarasate apustu segurua da berriro ere, eta txistularien figura ere, maila handiko artistek irudikatua, hala nola Javier Zigak, Pedro Lozano de Sotések, León Astrucek eta Urzainkik. 

Bilakaera teknologikoarekin, marrazkiek argazkiei eman diote bidea, eta horren erakusle dira hainbat argazkilari ospetsuren lanak: Larrión, Pimoulier, Nagore eta Guerendiain. Gainera, deigarria bada ere La Pamplonesa kartel iragarleetan ez agertzea, udal-banda programetako protagonista ukaezina da, bandaren ekitaldien agendari buruzko argibideekin eta, baita ere, kideen eta emanaldien argazki eta ilustrazioekin. 

Berriro ere, musikak 2024ko programan duen presentzia aipatu behar da. Izan ere, kartelarekin gertatzen den bezala, musika da protagonista nagusietako bat, Franziska estudioaren kontzeptuari eta diseinuari esker eta Xabier Erkizia soinu-artistaren aholkularitzari esker. Artista horrek sanferminei eskainitako musika-diskoen azalak txertatu ditu ilustrazio gisara. 

Era batera edo bestera, erakusketak agerian uzten du musika Iruñeko festen funtsezko elementua dela, eta hala izan dela sanferminen hasieratik, hainbesteraino ezen, batzuetan, festen irudi nagusia izan baita.