NUP europar proiektu batean parte hartzen ari da Pirinioetako lurzoruak eta haiek klima-aldaketaren eta erabileren aurrean duten kalteberatasuna ikertzeko
Mendi-bideak eta mendi-ibiliak egiteko bideak erabiliko ditu mendizale, eskiatzaile eta txirrindulariek esku har dezaten baliabide naturalen zaintzan
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) ISFOOD Institutuko [1] ikertzaileak SOLPYR proiektuan parte hartzen ari dira Pirinioetako lurzoruen babesa eta kontserbazioa eta haiek klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia bultzatzeko. Pirinioetako Lurzoruen Aliantzak[2] abian jarritako ekimen honek Pirinioetako lurzoruen kalteberatasunak aztertuko ditu hiru urtean, jardunbide onak zehaztuko ditu eta herritarrak sentsibilizatuko ditu lurzoruak kontserbatzearen garrantziaz. Zehazki, mendi-ibiliak egiteko bideak eta mendi-bideak erabiltzea proposatzen du mendira joaten direnek (eskiatzaile, mendizale eta txirrindulariek) esku har dezaten lurzoruaren zaintzan baliabide natural gisa. Proiektuak 1,7 milioi euroko aurrekontua du, eta Europar Batasunak ere finantzatzen du beste erakunde batzuekin batera.
NUPi dagokionez, proiektuan parte hartzen du Lurzoruen Ebaluazioa eta Kudeaketa Jasangarria izeneko ikerketa-taldeak. Rodrigo Antón Sobejano Isabel S. de Soto García, Alberto Enrique Martín eta Iñigo Virto Quecedok osatzen dute taldea, eta sentsibilizazio-jardurerez arduratuko dira.
“Klima-aldaketaren ondorioak eta naturaguneen erabilerari lotutako praktika batzuk eragin zuzena izaten ari dira lurzoruen osasunean, bereziki mendialdekoetan, oro har gutxiago garatuak, eta, horrenbestez, kalteberagoak baitira higaduraren, trinkotzearen eta karbono-galeraren aurrean —azaldu du Iñigo Virto katedradunak—. Alde horretatik, tenperaturen igoerak Pirinioetako elur-geruza txikiagotu, eta lurzoruak higadura naturala sorrarazten duten faktoreen eraginpean uzten ditu lehen baino gehiago, eta faktore horiei mendiko zenbait jarduera eta kirol gehitu behar zaizkie, lurzoruen funtzioak aldatzen laguntzen baitute”.
Proiektuko ekipoak abiapuntutzat darabilen ideia da lurzoruak eta haiek jasaten dituzten degradazio-arazoak hobe ezagutuz kontzientzia hartuko dutela bai erabiltzaileek bai Pirinioetarako funtsezko baliabide hori zaindu eta kontserbatzeko eskumena duten erakundeek.
Lurzoruak ezagutzea haiek babesteko
Bere helburuak betetzeko, partzuergoak Pirinioetako lurzoruen mapa bateratu bat sortuko du. Horrez gain, ikerketak eginen ditu mendi-bideetan edo eremu pilotuetan mendiko lurzoruak nola degradatzen diren aztertzeko, eta ikerketa horiek higadurari eta karbono-galerari erreparatuko diote, eta kontserbatzeko praktika onak zein diren aztertuko dute. Sortutako ezagutza hori guztia erabiliko dute dibulgazio- eta hezkuntza-materiala sortzeko, hala nola joko didaktikoak, lurzoruen osasuna mantendu, babestu eta kontserbatzeak duen garrantziari buruzko estrategia komun baten esparruan.
Kontzientziatzeko estrategia hori transmititzeko bide nagusiak mendiko aterpe eta bide erabilienak izanen dira, dagoeneko bai baitauzkate faunari, florari eta ingurumeneko beste alderdi batzuei buruzko datuak, baina proiektuari esker lurzoruaren osasunari buruzko informazioa ere jasoko dute.
Horrez gain, ibilbide edafiko espezifikoak sortuko dira, eta horiek natura kontserbatzeko beste ekimen batzuekin edo mendiko kirolekin lotzen ahalko dira, hala nola mendizaletasuna edo txirrindularitza. Helburua da kirolariengana eta mendian ibiltzen diren herritar guztiengana iristea, bai eta lehen sektoreko, turismoaren sektoreko eta kudeaketan eta erabakiak hartzen inplikatutako administrazio eta erakundeengana ere.
Hiru herrialdetako erakunde bazkideak
Kataluniako Kartografia eta Geologia Institutuak koordinatzen du SOLPYR proiektua, eta Pirinioetako zenbait eskualdek parte hartzen dute proiektuan. Hala, NUPek eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ordezkatzen dute Foru Komunitatea. Honako erakunde hauek ere parte hartzen dute: Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) Pirinioetako Ekologia Institutua, Pirinioetako Lan Elkarteko Klima Aldaketaren Pirinioetako Behatokia, FORESPIR interes ekonomikoko taldea, Toulouse III-Paul Sabatier Unibertsitatea (Ingurumen Geozientzien Laborategiaren bidez), NEIKER-Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea eta Andorrako Marcel Chevalier Fundazioa. Pirinioetan kokatutako hamar erakunde elkartu ere baditu proiektuak.
Ekimenaren aurrekontua 1.795.513 eurokoa da, eta Europar Batasunak haren % 65 finantzatu du Interreg POCTEFA 2021-2027 Programaren bidez. Programaren helburua da mugaldeko eskualdeen integrazio ekonomiko eta soziala indartzea.
Argazkia:
SOLPYR proiektuan ari diren NUPeko ikertzaileak.
Ezkerretik eskuinera: Rodrigo Antón, Alberto Enrique, Iñigo Virto eta Isabel S. de Soto.
[1] https://www.unavarra.es/eu/sites/research-institutes/isfood.html