Bizitzan zehar, bi aldiz eskatu didate AEK Alfabetatze-Euskalduntze Koordinakundekoek Korrikako lekukoa eramateko. Bi Korrika haiek, uste dut gertatu zirela XX. mendearen bukaera aldean. Lehenengoa, Nafarroako Atetz ibarrean izan zen, eskuzko gurpil aulki batean, lagun batzuek bultzaka eraman nindutenean; ez zen inolako ezbeharrik pasatu.
Bigarrena, ordea, askoz ere estresagarriagoa suertatu zitzaidan. Kontua da, lekukoa eraman behar nuela Iruñeko Foru plazan hasita, Zaragoza etorbidean barna, eta, azkenean, Iturrama kalera, Azpilagaña auzoan zehar. Baina afera da, arratsalde hartan, hitzaldi bat eman behar nuela euskaraz, Arizkungo elizan, txistuari buruz, Maurizio Elizalde eta Felix Iriarte, txistulari eta atabalari ospetsuen omenez, Iruñeko kontserbatorioko irakasle batek hala eskatuta. Egiatan, irakasle hark eman behar zuen hitzaldia, baina euskaraz ez zekienez gero, niri eskatu zidan eman nezan.
Baztanera ni eramateko eta itzultzeko, Nafarroako Dantzarien Elkarteko bi neska gazte arduratu ziren, baina berehalaxe ohartu nintzen gidaria oso eskarmentu gutxikoa zela, eta, gainera, gogoratu behar da, garai hartan, Belateko mendate osoa zeharkatu behar zela, bere bihurgune itxi guztiekin, orduan, oraindik tunelak egin gabe baitzeuden. Joaterakoan gogoratzen dut nola hartzen zituen bihurguneak, hau da, abiadura-palanka batere erabili gabe, hots, martxak aldatu gaberik; egiten zuena zera zen, bihurgunera hurbiltzen zen heinean, balaztatu, baina gero, jakina, batez ere aldapa gora zenean, autoa batzuetan ba-batean gelditu egiten zitzaion, eta, orduan, oso urduri jartzen zen, era nabarmen batean; lehenago baino are okerrago oraindik. Oso gaizki pasatzen zen, eta, beste biok, noski, antzeko moduan ginen, bere ziurgabetasun nabaria ikusita.
Baina bueno, kontua da, azkenean osorik eta garaiz iritsi ginela Arizkungo elizara, txistuaren historiari buruzko hitzaldia ematera; antza denez, ez nuen oso gaizki egin, txaloak-eta jo baitzizkidaten… Ondoren, Elizondoko Abesbatzak kontzertu polit bat eman zuen, eta, harekin batera, Arizkungo egun hartako gure eginkizunak hantxe bertan bukatu ziren.
Jarraian, deus ere hartzeko denborarik izan gabe, Iruñera itzuli behar izan genuen lehenbailehen, nik Korrikako lekukoa hartu behar nuelako Nafarroako Foruen plazan, ordu jakin batean, eta, gainera, gure zoritxarrerako, oraingoan gaua gainean geneukan.
Gauzak hala, segituan ekin genion itzulerako bidaiari, baina gogora dezagun gidariaren egoera, alegia, Arizkunera joaterakoan behintzat egunez zegoen eta ez zituen gaueko argiak erabili behar izan, baina orain, itzultzerakoan, ordea, Belateko mendatean ia-ia etengabe aritu behar izan zuen argi luzeak eta motzak aldatzen bihurguneetan, gehi abiadura gutxitzeko balaztatzen, martxen aldagailua batere erabili gabe; automobila batzuetan gelditu egiten zitzaion, eta, gelditzen ez zitzaionean, ia-ia batean geratzen zen. Kontua da, neska gidari gazte eta hasiberri gajo hark, gorriak eta beltzak ikusi zituela; senperrenak eta bost pasatu zituen. Neronek bidea ongi samar ezagutzen nuenez gero, hantxe ibili behar izan nuen lasaitasun pixka bat transmititu nahian, <Orain bihurgune handi bat heldu zaizu eskuinerantz; hartu patxadaz!>. <Hurrengoa ezkerrerantz doa, baina sartu lasai!>.
Honela, gidariak eta beste biok odola izerditu ondoren, eta, denborarekin hamaika estutasun igaro eta gero, azkenean osasun onean iritsi ginen Iruñeko Baratxuri plazara, alegia, abiatu ginen leku berera. Gurpil aulkia eta ni, autotik ateratzeko ez zuten inolako arazorik izan; horretan behinik behin ongi moldatu ziren, eta baita joaterakoan ere.
Garai hartan ez zegoen eskuko telefonorik, eta oraindik, Foru plazaraino eraman behar ninduten, Korrikako lekukoa har nezan ordu eta toki jakin batean. Nola edo hala, azkenean iritsi ginen enparantza hartaraino (kontuan hartu, neska haiek, gurpil aulkia gidatzeko ez zutela “baimenik” oraino, hura izan baitzen lehen aldia, halako aulkia gidatu zutena), baina, esaten den bezala, argizagiek nonbait lerrokatu eta nahi izan zuten den-dena ongi ateratzea, hau da, ezbeharrik gabe eta garaiz ailegatzea.
Behin eraman behar ninduen Arbizuko lagun onarekin elkartu eta gero, handik aurrera dena oso ongi joan zen, alegia, erabateko normaltasunez eta patxadaz: Korrika iritsi zenean, lekukoa hartu beharreko toki zehatzean geunden, beraz, Foru plazan oratu, Zaragoza etorbidean barna jaitsi, Azpilagaña auzoraino ailegatu eta handik Iturrama auzorantz jo genuen aldapan gora, hurrengo txandakoa zegoen lekuraino; han lekukoa eman eta kito! Azkenean, egun hartako estutasun eta larrialdi guztiak, emozio on eta positiboekin bukatu ziren.