Bere tesian aztergai izan du brokoliaren uzta-hondarren erabilera landareetako parasitoen eta onddo patogenoen aurkako biozida gisa
Daniel Eugui Arrizabalagak bere doktoretza-tesia irakurri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan
Daniel Eugui Arrizabalaga nekazaritza-ingeniariak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian aztergai izan du ea nola aprobetxatzen ahal diren brokoliaren uzta-hondarrak, landareetako parasitoen eta onddo patogenoen aurka erabiltzen ahal diren biozidak ekoizteko. Haren tesiaren izenburua “Investigación de glucosinolatos presentes en crucíferas (Brassica) y su potencial aplicación industrial en la obtención de nuevos biocidas” da, eta Sara Caballero Berasateguik eta Jorge Poveda Ariasek zuzendu dute. Doktoretza industrialaren modalitateko ikerketa bat da, NUPen eta Delso Fertilizantes Family SL enpresan egina.
Daniel Euguik azaltzen duenez, glukosinolatoak landare kruziferoetan (brokolia, azalorea, koltza eta abar) dauden konposatu kimikoak dira, eta landare horiek izurri eta gaixotasunetatik babesten dituzte. Izurri edo patogeno batek landareari kalte egiten dionean, azken horrek konposatuak aktibatzen ditu mirosinasa entzimarekin, eta konposatuek, era berean, erasotzailea uxatzen dute edo kalte egiten diote. Eragina izaten ahal dute bakterio, onddo eta oomizetoetan, bai eta landareen nematodo parasitoetan ere. “Beste ikertzaile batzuen aurretiazko lanek landare horien uzta-hondarrak erabili dituzte eta zuzenean lurrean lurperatu, laboreetan gaixotasunen intzidentzia murrizteko, edo, beste alde batetik, sintesi-glukosinolatoak erabili dituzte, baina laborategian bakarrik”, kontatu du Daniel Euguik.
NUPen tesi hau funtsezko bi zutabetan oinarritzen da: ekonomia zirkularra, batetik, eta bideragarritasun industriala, bestetik. Zehazki, brokoliaren uzta-hondarrak hartu ziren ikerketarako, bereziki merkaturatu ezin ziren zatien hondarrak, hostoak esate baterako, lehengai gisa erabiltzeko glukosinolatotan aberatsak diren estraktu naturalak lortzeko. “Konposatu horien eragin inhibitzailea aspalditik ezagutzen den arren, estrategia hori ez da ia aztertu orain arte”, esan du NUPeko doktore berriak.
Onddoak eta usteldura murriztea tomatean, sagarrean eta mahatsean
Proiektuaren lehen fasean, zenbait erauzketa-metodologia probatu ziren, eskalagarritasuna eta biozidak izan daitezkeen substantziak eskala industrialean ekoizteko gaitasuna kontuan hartuta, eta etorkizun handienekoak hautatzeko aztertu ziren. Bigarren fasean, laborategian aztertu zen hautatutako estraktuek galera ekonomiko larriak eragiten dituzten landare-patogenoen garapena inhibitzeko duten gaitasuna, hala nola Verticillium dahliae, Rhizoctonia solani eta Sclerotinia sclerotiorum onddoak edo Meloidogyne javanica nematodoa.
Azken fasean, esperimentuak egin ziren benetako baldintzen antzekoetan. Berotegiko entsegu batean, brokoli-estraktuek nabarmen murriztu zuten lau onddo patogenok tomate-landareetan eragindako gaixotasuna. Era berean, biltegiratze-ganberako sagar, mahats eta cherry tomatearen usteldura murriztea lortu zen brokoli-estraktuak aplikatuta. “Estraktu natural horiek laboreak babesteko erabiltzea estrategia garrantzitsu eta eraginkorra da. Nekazaritza-eremutik bertatik sortzen diren landare-hondakinak aprobetxatzen dira, eta industrialki egokitzen ahal dira”, esan du amaitzeko tesiaren egileak.
Daniel Eugui Arrizabalagaren CV laburra
Daniel Eugui Arrizabalaga Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzan graduatu zen NUPen 2017an. Agrobioteknologiako Masterra egin zuen 2018an Salamancako Unibertsitatean, eta graduondokoa amaitzean, tesi industriala hasi zuen Blue Agro Bioscience enpresan (Nafarroa). 2020an, enpresa hori Delso Fertilizantes Grupo (Madril) nekazaritza-enpresen taldearekin elkartu zen, eta, hain zuzen, nekazaritza-enpresa horretan hasi zen Daniel Eugui I+G+bko ikertzaile-lanetan tesia amaitzean.
Daniel Euguik sei argitalpen zientifiko egin ditu nazioarteko aldizkarietan, eta hiru komunikazio aurkeztu ditu Iruñean, Sevillan eta Toledon egindako biltzar eta mintegi batzuetan.
Argazkia: Daniel Eugui Arrizabalaga, NUPen.