MERCEDES IRACHE SÁENZ BAÑOS

 

Patataren bizi zikloan eta eraldaketa prozesuan aztarna energetikoa nola murriztu aztertu du doktoretza-tesi batek

Mercedes Irache Sáenz Baños ingurumenean eta nekazaritzan espezializatutako biologoak Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatu du bere tesia

 

Mercedes Irache Sáenz Baños ingurumenean eta nekazaritzan espezializatutako biologoak patataren bizi zikloan eta eraldaketa prozesuan aztarna energetikoa nola murriztu aztertu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian. Zehazki, patata kilogramo bat eraldatzeak ingurumenean nolako ondorioak dituen aztertu du, lehengaia instalazio prozesatzailera iristen denetik kontsumitzailearentzat egokia den produktu eraldatua atera arteko prozesua kontuan hartuta. Tesiak Juan Ignacio Latorre Biel NUPeko irakaslea eta Emilio Jiménez Macías Errioxako Unibertsitateko irakaslea izan ditu zuzendari.

Tesiaren egileak adierazi duenez, patataren eraldaketak ondorioak ditu ingurumenean, eta beharrezkoa da haren jasangarritasuna ziurtatzea, prozesuak optimizatuz. NUPeko doktore berriak patata barietateen artean eta haien formatuen artean alderik ote dagoen aztertu du. Lehenik eta behin, bizi zikloa aztertu du, eta, horretarako, ekoizpen prozesuaren fase guztiak analizatu ditu, erreferentzia gisa 5 kilogramoko poltsa hartuta, hura baita kontsumo formatu ohikoena. Hala, energia-kontsumoa ebaluatzeko eredu bat garatu du, kostua murrizteko neurriak proposatzeko aukera eman diona, bai ingurumenari dagokionez, bai ekonomiari dagokionez. Ikerketaren azken partean formatuak aztertu ditu, produkturen batek baliabide hidriko gehiago kontsumitzen dituen jakiteko eta, datu horretatik abiatuta, produktuen aztarna hidrikoa minimizatzeko alternatibak proposatzeko.

 

Garbiketa eta hautaketa, inpaktu handieneko etapak

Ekoizpen prozesua oro har aztertuta, ondorioztatu du kategoria guztietan inpakturik handiena duen prozesua lehengaiak garbitu eta hautatzeko etapa dela; izan ere, “patata garbitzeko erabilitako ekipoek baliabide energetiko asko eskatzen eta kontsumitzen dituzte, eta prozesu horretako kontsumo hidrikoa ere oso altua da”, azaldu du tesiaren egileak.

Bestalde, kontuan hartuta patatak irail-urrietan bildu baina urtean zehar kontsumitzen direla, kontserbazio baldintza jakin batzuetan biltegiratu behar dira kalitate eta produktu galerak minimizatzeko, eta, ahal dela, tratamendu kimikorik erabili gabe. Kalkulatzen da kontsumitutako energia elektrikoaren % 60 eta % 70 artean hozte prozesuetan erabiltzen dela. “Horri gehitzen badiogu oraingo testuinguruan energia elektrikoaren kostuak goranzko joera duela, argi gelditzen da efizientzia energetikoak baliabide ekonomikoak aurrezteko aukera ematen duela, eta, aldi berean, atmosferara isurtzen den CO2-a murrizten da”, azaldu du tesiaren egileak. Hori dela-eta, energia-kontsumoa ebaluatzeko eredu bat garatu du energiaren, ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik kostua murrizteko neurriak proposatu ahal izateko.

 

Aurrezteko eta efizientzia hobetzeko neurriak

Tesiak neurri hauek proposatzen ditu aurrezteko eta efizientzia hobetzeko: eremu bat ezartzea produktua egonkortzeko ganberara sartu aurretik; hozte-ganbera isolatzea; “freecooling” sistemak erabiltzea (aldaketa termikoak egunaren eta gauaren artean) egokitzapen termikorako; hozte-ekipoen errendimendua hobetzea; kontrol termografikoa egitea energia-galerak minimizatzeko; eta sorkuntza fotovoltaikoko instalazio baten bidez proiektatzea energia-hornidura.

Ekoizpen lerroan garbitzeko erabilitako urari dagokionez, urtebetez aztertu ondoren, egiaztatu du karga kutsatzailea lehengaiekin batera bidaiatzen duten materia organiko, lur, adar eta harrien ondorio dela. Horregatik, garbiketa-prozesua berrikustea erabaki du, patata lote bakoitzaren garbiketa denborak optimizatu eta gastu hidrikoa minimizatzeko. Aurrezteko neurri gisa, honako hauek proposatu ditu: garbigailua aldatzea eta kontsumo txikiko modeloak erabiltzea, garbiketa-denborak optimizatzea, eta lur fresko gehiegi duten loteetako lehengaiak erabili aurretik lehortzea (aireztapen naturalaren bidez); horrela, zakua toberara edo bunkerrera iraultzean lurra eroriko da, eta garbiketa askoz ere efizienteagoa izanen da.

Neurri horiek guztiak hartu ondoren, ikusi da inplementatutako jarduketa guztiei esker energia-eskaria % 16,41 murriztu dela aurreko urteekin alderatuta –energia-eskaria garatutako erreferentzia-lerroaren bidez normalizatu da–.

Ekoizpen katearen bizi zikloa aztertzean, ikusi da ingurumenean inpaktu handiena duen kategoria ur gezaren ekotoxikotasuna dela, eta, haren ondoren, giza toxikotasuna eta berotze globala. Aldiz, beste kategoria batzuek, hala nola itsasoaren ekotoxikotasunak, ozono-geruzaren murrizketak eta agortze abiotikoak pisu txikiagoa izan dute azterketan.

Prozesu osoan zehar, patatak garbitzeko eta hautatzeko etapa da aztertutako kategoria guztien artean ingurumen inpaktu handiena sortzen duena. Izan ere, patatak garbitzeko eta automatikoki hautatzeko prozesuak energia asko kontsumitzen du, eta hori da ingurumenean inpaktu handiagoa izatearen arrazoi nagusia. Haren ondotik, gastu orokorren etapa dator. Azkenik, produktu bukatuaren etapak ia ez du inpakturik gainerako ekoizpen etapekin alderatuta.

Ekoizpen lerroan landutako formatuak kontuan hartuta, neurriak hartu eta gero ikusi da harriak kentzeko makinaren baliabide hidrikoen kontsumoa % 15,58 murriztu dela. Horrekin batera, garbigailuak % 30,05 aurreztu du.

Bestalde, ondorioztatu da baliabide hidrikoen kontsumoa ez dela aldatzen barietateei dagokienez, baina bai ekoizpenean landutako formatuei dagokienez. Hala, hartutako neurriek eragin handiagoa izan dute 5 kg-ko formatuan (% 34,33 aurreztu da), ondoren 4 kg-koan (% 25,07 aurreztu da) eta, gero, patata gorriko 2 kg-koan (% 23,46 aurreztu da). 3 kg-ko formatuan % 20,50 aurreztu da, 2 kg-koan baino gutxiago, produktu horretan garbiketa-kalitate handiagoa behar baita. Azkenik, 1 kg-eko eta 1,5 kg-ko formatuetan izan da aurrezte maila txikiena: % 17,37 eta % 15,66, hurrenez hurren. “Formatu horretan kalibrea gainerakoena baino txikiagoa denez, eta produktu hori kontsumitzaile finei zuzentzen zaienez, denbora gehiago behar da garbitzeko”, azaldu du tesiaren egileak.

 

Mercedes Irache Sáenz Bañosen CV laburra

Mercedes Irache Sáenz Baños biologoa da, ingurumenean eta nekazaritzan espezializatua. Bere ibilbidean zehar, hezkuntzaren zein kalitatearen esparruan aritu da. Elikagaien enpresa batean hasi zuen kalitatearen munduko ibilbide profesionala. Geroago, norabidea aldatu eta irakasle eta tutore gisa lan egin ondoren, bi munduak uztartzea lortu zuen, eta gaur egun Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko Kalitate Saileko kide da.

 

Argazkia: Mercedes Irache Sáenz NUPen.